Akordioa sinatu du Gipuzkoako Uvesco taldeak Sabeco Banaketakekin, Simply markapean lanean zebiltzan 11 saltoki erosteko. Lehia agintarien oniritzia falta da eskualdatzea behin betikoa izan dadin.
BM eta Super Amara markak biltzen dituen konpainiak erosi dituen Simply dendetatik bost Bilbon daude —Begoña, Errekalde, San Ignazio eta Santutxu auzoetan eta Kanaria Uharteak kalean—. Bina, berriz, Barakaldon, Santurtzin eta Portugaleten. Supermerkatu kateak saltoki horietan lanean dabiltzan beharginen %100 bere langile taldera gehituko dituela hitzeman du.
Gaur egun, 221 supermerkatu ditu Uvescok Hego Euskal Herrian eta Espainian —Kantabrian, Errioxan, Madrilen eta Avilan— sakabanatuta, eta 4.569 langile ditu guztira. Banaketa enpresak 740 milioi euro fakturatu zituen 2018an, eta 2019an 770 milioira iristea espero du.
Bizkaian du banaketa taldeak presentziarik handiena, 90 saltoki eta 1.594 langilerekin. Gainera, ez da Uvescok Bizkaiko saltoki kate bat erosi duen lehen aldia, 2011. urtean Erkoreka supermerkatu katearen jabe egin baitzen, 50 dendarekin.
Bolada onean da Uvesco Taldea. Orain urte batzuk produktu freskoen kalitatean oinarritutako eredua martxan jarri zuen, eta emaitzak hobetzen ari da urtez urte. Eredu horri esker, iaz 188,6 milioi euro erabili zituen hemengo hornitzaileei produktuak erosteko, 2017an baino 8,7 milioi euro gehiago.
Joan den urteko datuei erreparatuz, taldearen hazkundea sektorearena baino %1,7 handiagoa izan zen, eta fakturazioa %4 igotzea espero du datorren urterako; 770 milioi eurora helduko litzateke eta 200 enplegu berri sortuko lituzke.
Zabalkunderako estrategia
Azken bi urteetan Madrilen hazi da nagusiki Uvesco Taldea, BM markarekin. Jose Ramon Fernandez de Barrena zuzendariak argi utzi zuen 2018an zabalkunderako «aukera gehien» Madrilen zeudela eta ondorengo hamar urteetan 50 saltoki inguru zabaltzeko aurreikuspena zutela han. Horren erakusgarri da aurten irekiko dituzten zortzi supermerkatu berrietatik sei kokatuko direla Madrilgo erkidegoan.
Sabecoren dendak erosita,Euskal Herrian ere haztearen aldeko apustua egin du oraingoan Uvescok.
Uvescok handitzen jarraitzen du, Sabecori 11 denda erosita Bizkaian
Banaketa konpainiak Sabecorentzat lan egiten zuten langile guztiak hartuko ditu bere taldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu