Trapagarango Amazonen biltegiko langileek etzi egingo dute lehen greba

Lau orduko lanuztea egingo dute soldata igoerak eta banatzaileen subrogazioa eskatzeko

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Amazon Internet bidezko salmenta atariak Trapagaranen (Bizkaia) duen logistika zentroko langileak grebara deitu dituzte, etziko.109 langilek dihardute biltegian, eta lau orduko lanuztea egingo dute. Banatzaile guztiak, berriz, autonomoak edo azpikontrataturikoak dira. Sindikatuen eskaera nagusiak hiru dira: soldatak KPIaren arabera eguneratzea, asteburuetako lana mugatzea, eta banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzea. Konpainiaren irabazi handiak ikusita, arazorik gabe onartzeko moduko eskakizunak iruditzen zaizkie.

Biltegia 2019ko ekainean ireki zuten, eta etzikoa izango da bertan egingo den lehen greba. 05:30etik 09:30era egingo dute. Langileek Bizkaiko garraio lan hitzarmenaren eraginpean dihardute. Kontua da gidarientzat pentsaturiko itun bat dela, eta biltegiko langileek mailaketa baxuena dute. 19.400 euro gordineko soldata jasotzen dute urtean, 15.600 garbi inguru; edo, beste modu batera esanda, 1.040 euroko hamabost ordainketa.

«Baina hori ez da Trapagarango errealitatea», azaldu du Gotzon Mardarats LAB sindikatuko kideak: «Langile gehienek %50eko edo %80ko lanaldia dute; beraz, ez dira kopuru horietara iristen». LABek hiru ordezkari ditu langile batzordean, eta ELAk eta Managers sindikatuak bana.

Ituna indarrean egongo da 2024ra arte, eta hurrengo bi urteetan %3,5eko eta %3ko soldata igoerak aurreikusten ditu, KPIaren igoeratik oso urrun. LABek beste akordio bat nahi du, erosahalmena bermatuko duena. Helburua zentro logistikoetara egokituriko hitzarmen propio bat da. Esaterako, ordutegiaren berezitasunak —01:00etan hasten da lanaldia, eta 09:00ak aldera bukatzen— barne hartuko lituzkeena, baita egutegian izandako aldaketak ere. Erosketa ohituren aldaketen eraginez, gero eta asteburu gehiagotan egiten dute lan, eta ez dute inolako pizgarririk jasotzen.

Eskarien beste adarra Trapagaranen aritzen diren banatzaileak dira. Hirurehundik gora dira, autonomoak eta eta azpikontrataturiko sei enpresaren langileak. LABek haiei subrogazio eskubidea aitortzea nahi du; alegia, azpikontrata duen enpresa aldatuta ere, gidariek Amazoneko lanari eustea. Luzera begira, garraio ituna eskatzen dute haientzat ere. Gaur egun banatzaileena aplikatzen zaie, eta aldaketa jauzi handia litzateke soldatan: urtean 14.000 euro gordinetik 23.000ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.