Joan den urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, «Espainiako Erresumaren supremazismoa» salatzeko ekintza sinboliko bat egin zuten Iruñean, Sortuk deituta. Horren ondorioz, hamasei pertsona deklaratzera deitu dituzte, eta atzo pasatu ziren Espainiako Poliziak Iruñeko Chinchilla kalean duen egoitzatik. Sortuk ohar batean nabarmendu duenez, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko «lankidetzak» ekarri ditu zitazioak, eta ekintzan parte hartu zutenak «kriminalizatzea» eta «beldurra» eragitea dute helburu. Alderdi independentistak adierazi du, baina, «erregimena» salatzen jarraituko duela. «Jai dute pentsatzen baldin badute gisa honetako kriminalizazio ahaleginek kikilduko gaituztela».
Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin zuten ekintza. Felipe VI.a Espainiako erregearen estatua bat eta Kristobal Kolonen beste bat jarri zituzten. Ondoren, parte hartzaileek soka lepora bota zieten bi monumentuei, eta eraitsi egin zituzten. Aldi berean, Gora herriak zioten kartelak atera zituzten.
Sorturentzat, «adierazpen eta mobilizazio askatasunaren aurkako operazioa» da Espainiako Poliziak abian jarritakoa, eta urriaren 12an salatutakoa «berretsi» besterik ez du egin: «Erregimenaren supremazismoa eta jarrera zapaltzailea». Amerikar jatorria duten hainbat elkartek ere parte hartu zuten Sortuk Iruñean antolatutako ekintzan.
Polizia etxera deitu dituzte hamasei lagun, erregearen ikur bat eraistea leporatuta
Urriaren 12an Sortuk Iruñean egindako ekintza ikertzen ari da Espainiako Polizia. Alderdi independentistaren ustez, «beldurra» eragin nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu