Esnal, Haranburu eta Parot «hiltzea» egotzi diote Frantziari

Euskal Herriak blokeoa «egiaztatu» duela erran du Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak. Paulus Basurko abokatuak fiskaltzaren hitzak salatu ditu

Mobilizazio bat egin zuten atzo arratsean Donibane Lohitzunen. EUSKAL IRRATIAK.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Esperotako erabakia eman zuen herenegun Parisko Dei Auzitegiak. 70 urte betetzear, preso segitu beharko du Jakes Esnal euskal presoak. Presondegian 30 urte eman baditu ere, beste behin ez diote onartu baldintzapean aske geratzeko eskaera. Eta, ezustekorik ezean, erabaki bera espero dute urriaren 27an ere, Frederic Haranburu Xistor presoaren eskea ukatzea galdegin baitu fiskaltzak. Jon Kepa Parotek, berriz, sei eskaera egin ditu orain arte, eta seiak ukatu dizkiote. «Onartezina eta kriminala» dela erran zuen Bake Bideak herenegun, eta hitz berak erabili zituen atzo EH Baik ere, Frantziako Gobernuaren «immobilismoa eta arduragabekeria» nabarmentzeko.

Gogorrago mintzatu ziren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideak atzo: «Erabaki hau hiltze bat da. Baldintzapeko askatasunerako eskaerak behin eta berriz ukatzea heriotzarainoko kondena da». Egoera blokeatua dela «egiaztatu» dute, eta Frantziari dei egin diote politika penal bat defini dezan, «zentzuz eta errealismoz». Eta oharra: «Blokeo honek inork nahi ez dituen eta bake prozesuaren bidez saihestu nahi ziren lerratzeen arriskuan ezartzen du Euskal Herria».

Haserre mintzatu da Maritxu Paulus Basurko abokatua ere. Baldintzapean aske geratzeko eskaera ukatzeko, epaileak argudiatu du Esnal ez zela pasatu Frantziako Ebaluazio Zentroaren aitzinetik, «terrorismo» kasuei lotutako prozedurek baitezpadakotzat jotzen ez badute ere. «Prozedura berezia da, eta errespetatua izan da. Orain, beste baldintza batzuk gehitzen zaizkigu, beste eginbehar batzuk. Argi da: ez dugu nehoiz bukatuko. Beti zerbait izanen da. Hau izan ez balitz, beste argumentu bat izanen litzateke. Hori da ulertu behar dena: nahi ez delarik, aitzakiak aurkitzen dira», salatu du Euskal Irratietan.

Haranbururen lehen auzia biziki «zaila» izan zela erran du: «Eraso handiak jasan zituen». Oraingo hau «bareago» izan bada ere, fiskaltzaren jarrera salatu du. «Prokuradoreak argi utzi du Haranbururen baldintzapeko eskaeren aitzinean beti ezezko jarrera izanen duela; ez duela inoiz jarrera aldatuko». Paulus Basurkoren hitzetan, legezko oinarrizko printzipioen kontra doa hori: «Berdin zaio dosierra, berdin zaizkio bermeak, berdin zaizkio ekarri ditugun elementuak —eta badira! Horien artean, Baionako prokuradorearen oniritzia—... Beti ezezkoan egonen dela dio, eta hori epaile batek ezin du onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.