Usteak ustel Alemaniako ekonomiarentzat. Iazko bigarren erdian hasitako ahulaldia aurten gainditzeko moduan izango zela espero zuen Berlingo gobernuak, baina errealitate egoskorrarekin egin du topo: susperraldirik ez du espero aurten, esportazioak txikituko dizkiotelako merkataritza gerrek, brexit-ak eta autoen gas isurketak kontrolatzeko araudi berriek. Ondorioz, hazkunde iragarpena jaitsi egin du, bigarrenez urtea hasi denetik: urtarrilean %1,8tik %1era gutxitu zuen, eta %0,5ekoa bakarrik espero du orain.
Iragarpenak kezka eragingo du Europako Batasuneko beste kideen artean, Alemania baita kontinentearen motor ekonomikoa, beste lurralde askoren esportazioen jomuga nagusia. Baina bada kezka hori arindu dezakeen aldagai bat: hazkundearen pattaltzea esportazioen jaitsierari zor dio Alemaniak. Barne eskariak sendo jarraituko duela iragarri du Peter Altmaier Ekonomia ministroak, langabeziak maila apalean jarraitzen duelako eta hainbat sektoretan soldata igoera esanguratsuak sinatzen ari direlako sindikatuek eta patronalek.
Gobernuaren politikek ere lagunduko dute barne eskari hori sustatzen. Batetik, familiek jasotzen dituzten laguntza publikoak handitu egingo ditu, eta ama izandakoei pentsioak hobetuko dizkiete. Enpresei zergak jaitsi nahi dizkie Altmaier kristau-demokratak (CDU), baina horretako SPD koaliziokidearen babesa jaso beharko du. Sozialdemokratek patronalaren presioa ere ari dira jasaten. «Ekonomiaren garairik onenak amaitu dira. Gobernuak ezin du denbora gehiago galdu», esan zuen Joachim Lang BDI industria patronaleko zuzendariak, atzo.
Enpresek lagunduta ala ez, 2020an hazkundea bizkortzea eta %1,5era iristea espero du Alemaniako Gobernuak. Esportazio txikiagoek eta kontsumoak eragindako inportazio handiagoek beste eragin bat izango dute: Alemaniaren kontu korronteko defizita BPGaren %6,4ra jaistea.
Txina, %6,4ra
Hazkundearen motelaldiaren aztarna handirik ez du, berriz, Txinako ekonomiak. Urteko lehen hiruhilekoan %6,4 hazi da iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Hazkunde hori, hein batean, Pekingo gobernuak ekonomia sustatzeko eta iragarritako hazkunde data ofizialera iristeko hartutako neurrien ondorio da. Batetik, enpresei zergak jaitsi dizkie, lan kostuak jaitsi eta inbertsio handiagoak egin zitzaten. Bestetik, 150.000 milioi eurotik gorako zorra jaulki du urtearen hasieran tokian tokiko gobernuen inbertsioak finantzatzeko; gehiena azpiegituretan jarri dute.
Bigarrenez aurten, Alemaniak hazkunde iragarpena jaitsi du
Esportazioen motorra ahuldu zaionez, barne kontsumoari esker egingo dio izkin atzeraldiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu