SMIa txikiegia dela salatu dute ELAk eta LABek

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata %8 igotzea erabaki zuen herenegun, eta, horrenbestez, Hego Euskal Herriko SMIa 1.080 eurokoa izango da aurten. ELA eta LAB sindikatuek neurria kritikatu dute, eta antzeko argudioak erabili dituzte. Bien iritziz, igoera txikiegia da, eta soldata berria ez da egokitzen Euskal Herriko errealitate ekonomikora.

Espainiako Gobernuak azaldu zuen azken igoerarekin SMIa batez besteko soldata gordinaren %60koa izango dela; ELAk, baina, gogoratu du Hego Euskal Herrian batez besteko soldata handiagoa dela, eta ondorioz SMIak ere handiagoa beharko lukeela. Horregatik, esan du lan harremanak arautzeko akordioak tokian tokiko errealitatearen arabera negoziatu beharko liratekeela. LABek ere bat egin du horrekin.

Ikusi gehiago:Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

%8ko igoera KPIaren batez bestekoa (%5,6) baino handiagoa izan da, baina ELAk nabarmendu du gutxieneko soldata irabazten duten langileek erosahalmena galdu dutela, azken bi urteak kontuan hartuz gero: «SMIa %11,6 handitu da; KPIa, ordea, %12,2, beraz %0,6 pobretu dira», zehaztu du. Gai berean, gogoratu du Unidas Podemos oposizioan zegoenean %22ko igoera adostu zuela Espainiako Gobernuarekin, eta oraindik urrun dagoela datu horietatik.

LABek ere kalkuluak egin ditu, eta, haren datuen arabera, Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak 1.400 eurokoa izan beharko luke Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen ratiora (%60) iristeko. Hori lortzeko biderik azkarrena «akordio intersektoriala» litzakeela uste du, eta Jaurlaritzaren ardura dela patronala interpelatzea. Era berean, sindikatu abertzaleak nabarmendu du soldatei buruzko erabakiez gain erakundeek zerga politika berria bultzatu behar dutela. Alderatzen jarrita, SMIa Ipar Euskal Herriko SMICa baino apalagoa da: 1.709 euroko hamabi ordainketa dira —1.465 euroko hamalau—.

Ikusi gehiago:«Soldata igo arren, prekarioa izango da»

Gutxieneko soldataren igoerak Hego Euskal Herriko 74.500 langileri eragingo die. Espainiako Gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin adostu zuen kopurua, eta, bi sindikatu horiek hasieran 1.100 euro eskatzen bazituzten ere, azkenean akordioa txalotu zuten. CEOE patronaleko ordezkariak, aldiz, kritiko mintzatu ziren, uste baitute haien iritzia ez dela kontuan hartu. Igoera otsailaren 14an onartuko da, eta atzerako eraginez aplikatuko da urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.