Udalek ez diote beren superabita Espainiako Gobernuari utziko

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez du lortu aurrera ateratzea udalen superabita bere esku uzteko dekretua. Gobernua osatzen duten bi taldeek aldeko 156 botoak baizik ez zituen lortu dekretuak, PSOEko eta UP Unidas Podemoseko diputatuenak, gainontzeko 193ek aurkako botoa eman baitzuten.

Oso ezohikoa da gobernu batek ez lortzea bere dekretu bat berrestea: 1978az geroztik hiru aldiz baizik ez da gertatu. Baina ez da ustekabea izan Pedro Sanchezen gobernuarentzat, aliatu dituen talde gehienek ohartarazi ziotelako aurka egingo zutela. Berez, UPko bazkideen baiezkoa azken unean lortu du, hasierako testuan aldaketa batzuk egin ondoren.

EAJk iragarria zuen, abuztuan, ezezko botoa aukeratuko zuela, gobernuak FEMP udalerrien Espainiako federazioarekin hitzartutakoak Hego Euskal Herriko erakundeen autonomia bortxatzen duela iritzita. Espainiako Gobernuaren asmoa zen udalek azken urteetan pilatutako 15.000 milioi euroko superabita maileguan hartzea bere burua finantzatzeko. Dirua hamabost urteko epean itzuli nahi zien Madrilek, interesekin.

Eztabaida bizia izan da dekretuari buruz abuztuan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek zehaztu zuten beraiena dela beren lurraldeetako udalak gainbegiratzeko eskumena, eta uko egin zioten eskeman parte hartzeari. Nafarroan, berriz, udalen eta kontzejuen federazioak ezezkoa eman zion. Are gehiago, eskatu zuen udalek pilatutako soberakina gastatu ahal izatea zorra ordaintzea ez den beste kontu batzuetarako.

Izan ere, hori da gakoa. Europako Batasunaren bultzadaren ondorioz, PPk eta PSOEk hitzartu zuten Espainiako Konstituzioa aldatzea, eta kontu publikoak orekatu behar izatea sartu zuten artikulu batean. Artikulu hori osatzeko, PPren gobernuak, Cristobal Montoro Ekonomia ministro zela, Egonkortasun Legea onartu zuen. Haren bitartez, tokiko erakundeek —udalek, kontzejuek eta diputazioek— debekatua dute defizita izatea, eta superabita izatekotan, soilik zorra txikitzeko erabil dezakete.

Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute erakunde eta alderdi askok, baina luze joko lukeela eta Europako Batasunaren eragozpenak aurki ditzakeela argudiatu du Espainiako Gobernuak.

Gai horri heldu zion atzo EH Bilduko Mertxe Aizpuruak. «Egonkortasun legea aldatu beharko da, horrela egin ezean Ogasun Ministerioak zeharkatu duen labirinto nahasi horrek hor egoten jarraituko duelako, irteera ikusten ez zaiola». Aizpuruak azaldu zuenez, «gobernuak muzin egin dio arazoari errotik heltzeari; hori izan da akatsa, hasierako planteamendua. [...] Benetako arazoa legea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.