Medikuntzako Nobel saria, C hepatitisaren birusa aurkitu zuten birologoei

Epaimahaiaren arabera, «milioika bizitza» salbatzen lagundu dute Harvey J Alterrek, Charles M. Ricek eta Michael Houghtonek

Sarituen argazkiak proiektatuta, atzo, Stockholmen. CLAUDIO BRESCIANI / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
C hepatitisaren birusa aurkitzeko lanean aritu diren hiru birologok jasoko dute aurten Medikuntzako Nobel saria: Harvey J. Alter eta Charles M. Rice estatubatuarrek, eta Michael Houghton britainiarrak. Karolinska Institutuak banatzen ditu sariak, eta, epaimahaiak Stockholmen (Suedia) atzo egindako agerraldi batean azaldu zuenez, hiru zientzialariek «milioika bizitza» salbatzen lagundu dute azkeneko hamarkadetan.

Epaimahaiak nabarmendu du birologo horien aurkikuntzak berekin ekarri dituela birusa «zehaztasun handiz» detektatzeko odol analisiak, eta horiei esker «munduko leku askotan» ia guztiz eragotzi dela hepatitisa odol transfusioen bidez transmititzea.

Hiru birologo horiek emandako aurrerapausoen aurretik, A eta B hepatitisak ezagunak ziren, baina, epaimahaiak adierazi duenez, odolaren bidez transmititutako kasu gehienak azalpenik gabe zeuden: «C hepatitisaren aurkikuntzak beste hepatitis kasu kronikoen arrazoiak agerrarazi zituen». Hepatitisak gibela handitzen du —zirrosia eta minbizia eragin ditzake, besteak beste—, eta ondorioztatu dute batez ere birusek eragiten dutela.

Alter birologoa (1935) konturatu zen, 1960ko hamarkadaren bukaeran, odol analisiek gezurtatzen zutela pazienteak A eta B hepatitisarekin kutsatuta egotea, baina paziente horien gibelek handituta jarraitzen zutela nahiz eta odola isuraldatu. Haren esperimentuak aitzindariak izan ziren, eta erakutsi zuten hepatitis kronikoa zuten pazienteen odolak gaixotasun hori transmititzen ziela txinpantzeei.

Houghton izan zen, 1980ko hamarkadan, kutsatutako txinpantze baten odola hartu eta birusaren sekuentzia genetikoa bakartu zuena. Rice birologoak (1952) osatu zuen ikerketa: txinpantzeekin esperimentu gehiago egin zituen, eta topatu zuen birusak hepatitisa eragiten zuela adierazten zuen behin betiko proba.

Baruch Blumberg estatubatuarrari eman zioten Medikuntzako Nobel saria 1976an, 11 urte lehenago B hepatitisaren birusa aurkitu zuelako. Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 960.000 bat euro. Birologoek hiruren artean banatu beharko dute kopuru hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.