Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ondorioztatu duenez, EBZ Europako Banku Zentralak bere eskumenak gainditu ditu zor publikoa erosteko programarekin (PSPP). Haren ustez, tresna horren bidez EBZk ez du estatuen defizitaren ezkutuko finantzaketa bat egiten —Europako Batasuneko itunek espresuki debekatzen dute hori—, baina uste du horren eragina «neurriz kanpokoa» dela, diru politikan ez ezik politika ekonomikoaren beste arlo batzuetan eragiten duelako, hala nola zerga politikan eta aurrekontuen kudeaketan, zeinak beste erakunde batzuen ardurapekoak diren.
Hala, auzitegiak ebatzi du Alemaniak bonu horiek erosita bere konstituzioaren aurka egiten duela. Hori kontuan hartuta, herrialde horretako banku federalari —Bundesbanki— agindu dio hiru hilabeteko epean eten ditzala PSPParentzat egiten dituen zorren erosketak. Era berean, Christine Lagarde buru duen erakundeari eskatu dio denbora horretan «modu ulergarrian eta iraunkorrean erakusteko» PSPPak lortu nahi dituen diru politikaren helburuak ez direla neurriz kanpokoak.
Mario Draghi EBZko presidente zela sortu zuten PSPPa, 2015ean, orduko deflazio arriskuari aurre egiteko. Besteak beste, balio izan du zenbait estaturen arrisku sariei eusteko, eta horretan ikusi dira epaiaren lehen eraginak: Italiako Gobernuaren bonuak masiboki saltzea eragin du albisteak, inbertitzaileak kezkatuta agertu baitira EBZren zor erosketetan gerta daitezkeen murrizketengatik, Alemaniak bere ekarpena eteten badu.
Ebazpena, gainera, garai erabakigarri batean iritsi da. EBZk abian jarri du antzeko programa bat (PEPP), koronabirusak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko, 750.000 milioi euroko zor publikoa erosteko. Alemaniako auzitegiak ez du horri buruzko irizpenik eman, baina oraingo ebazpenak aukerak zabal ditzake horrek ere auzitegietan amaitzeko. Izan ere, programa hori gidatzen duten irizpideak aurrekoarenak baino laxoagoak dira, tresnari malgutasun handiagoa emateko, eta horrek gatazka gehiago sor ditzake.
Txanponaren bi aldeak
Vitor Costancio PSPP abiatu zenean EBZko presidenteorde zenak kritikatu egin du Alemaniaren erabakia, eta epaileei egotzi die diru politikaren eta politika ekonomikoaren arteko bereizketa «barregarrian» tematzea. Eric Mamer Europako Batzordeko eledunak, berriz, gogoratu du Europako auzitegiek ezartzen dutela jurisprudentzia. Hain justu, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak 2018an ontzat jo zuen PSPP, Alemaniako konstituzionalak eginiko kontsulta bati erantzunez.
Dena den, Luxenburgok aitortu zuen tresna horrek gainditzen dituela diru politikaren mugak, eta politika ekonomikoaren beste batzuetan sartzen dela. Adibide gisa jarri zuen zor erosketa masiboek interes tasen jaitsiera eta kredituaren hedapena bultzatzen dutela. Baina azpimarratu zuen hori ez egiteak, praktikan, galarazi egingo liokeela EBZri itunek aitortzen dioten misioa burutzea. Neurriaren kontrakoek, aldiz, salatu zuten zenbait estatuk axolagabe jokatu zutela, baliabide horiek erabili zituztelako zorra neurrigabe handitzeko eta bideragarriak ez ziren hainbat enpresa mantentzeko.
Koronabirusa
Alemaniak arriskuan jarri du zorra erosteko EBZren programa
Bundesbankek bere ekarpena etengo du, tresna hori «bere helburuetara» egokitu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu