Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Beroaren eragina

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Gaixotasun infekzioso asko urtaro batzuetan bakarrik agertzen dira. Gripea neguko hilabete hotzagoekin iristen da. Elgorri kasuak klima epeletan udan agertzen dira, eta eskualde tropikaletan, berriz, denboraldi lehorrean.

 

Gripearen urtarokotasunean, birusak klimarekiko duen sentikortasunak eta giza sistema immunearen eta gure portaera ereduen urtaroko aldaketek eragina omen dute. Batetik, gripearen birusak hobeto irauten du klima hotz eta lehorretan, argi ultramore gutxirekin. Bestetik, neguan D bitamina eta melatonina gutxiago ekoizten dugu, eta horrek eragina izan dezake sistema immunean. Azkenik, neguan gehiagotan gaude leku itxietan beste pertsona askorekin batera, eta horrek transmisioa errazten du.

COVID-19aren kasuan, zalantza asko dago udak eta, beraz, beroak eragina izango ote duen birusaren eraginkortasunean. Koronabirusak birus geruzadunak dira. Horrek esan nahi du oliodun beroki batez estalita daudela, hau da, geruza lipidikoz. Baldintza hotzagoetan, geruza oliotsua gogortu egiten da, haragi egosiaren koipea bezala, hoztu bitartean gogortuko da. Horrek errazten du birusa luzaroago babestea gorputzetik kanpo dagoenean. Horregatik, birus geruzadun gehienek urtarokotasun handia erakusten dute.

Bestalde, hezetasunak eragin handiagoa izan dezake gaixotasunaren aurrean. Airea bereziki lehorra dagoenean, gure birikak eta arnasbideak estaltzen dituen mukia murrizten dela uste da. Jariaketa itsaskor horrek infekzioen aurkako defentsa naturala sortzen du, eta, beraz, lehorketa egoera horietan, birusekiko ahulagoak gara.

SARS-CoV-2 koronabirusa ipar hemisferioan agertu zen neguan, baina bere hedapena alde tropikaletara eta hego hemisferiora nabarmena izan da. The Lancet Global Health aldizkarian apirilaren 1ean argitaratuko ikerketa batean, aipatzen da Afrikan, gaur egun, positiboen zifrak munduko gainerako herrialdeetan baino apalagoak direla. Izan ere, bertara pandemia geroago iritsi da, nazioarteko hegaldi gutxiago daudelako ziur aski, eta bertako herrialde askok ezin dituztelako testak egin positiboak atzemateko. Baina mehatxua antzekoa da, eta Burkina Fasok eta Senegalek, adibidez, Italiaren eta Espainiaren antzeko ereduari jarraitzen diote. Egungo erritmoan, eragina Europan bezain suntsitzailea izango da, gutxienez. Jakinda, gainera, Afrikan osasun sistemaren ahuleziak askoz ere handiagoak direla.

Pandemia baten eta agerraldi baten portaerak guztiz ezberdinak dira. Agerraldiek aipatutako urtarokotasuna izan dezakete, baina pandemiek, ez. 2009an eta 2010ean egon zen txerri-gripearen pandemia ipar hemisferioko udaberrian hasi zen, indartsu handitu zen urtaro horretan eta udan, eta hurrengo neguan ailegatu zen kasuen gehiengora. Pandemia batean, beraz, munduko herrialde askotan kasu asko daudenez, birusaren etengabeko transmisioa gerta daiteke udan.

SARS-CoV-2 birusa berria da, eta gauza asko, oraingoz, ezezagunak dira. Baina guztiz argi dagoena da uda eta beroa, beraiek bakarrik, ez direla gai izango birusaren etengabeko transmisioa eteteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.