Bost ikasletik batek esan du tratu txarrak jasaten dituela eskolan

Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Ikasleen %18,9k ziurtatu dute tratu txarrak jasaten dituztela eskolan. Datu esanguratsu horren berri jakinarazi zuen joan den astean ISEI irakats-sistema ebaluatzeko eta ikertzeko erakundeak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egindako agerraldi batean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 14.190 ikasleren esanetan oinarritzen da txostena.

Ikusi gehiago: Jaurlaritzak eskolako ehun jazarpen kasu atzeman ditu

Datu horien arabera, mutilek neskek baino gehiago jasaten dute bullying-a; zehazki, mutilen %20,3k eta nesken %17,8k pairatzen dutela esan dute. Aldea dago hezkuntza etapen artean ere. Zabalduago dago Lehen Hezkuntzako ikasleen artean: etapa horretako ikasleen %20,3k tratu txarrak jasaten dituela ziurtatu dute. Kopurua apalagoa da ikasketetan aurrera egin ahala: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen %17,8k jasaten ditu.

Iraintzea, izengoitiak jartzea edo biktimaz gaizki esaka aritzea. Horiek dira tratu txar ohikoenak LHn nahiz DBHn. Horien atzetik daude gauzei eraso egitea, baztertzea, tratu txar fisikoak emate, ziberjazarpena eta sexu jazarpena egitea (DBHn).

Erasotzaileen ezaugarriei erreparatuta, mutil batzuek egiten dituzte eraso gehienak —%35,5 LHn eta %36,4 DBHn—, eta horien atzetik daude neskek eta mutilek egindako erasoak —%20,4 dira LHn eta %24,8 DBHn—. Eraso askoz gutxiago dira neskek bakarrik egindakoak —%11,1 LHn eta %9,1 DBHn—. Erasotzailea eta biktima maila berekoak izaten dira kasu askotan; gehienetan, baita talde berekoak ere. Hori izan daiteke tratu txarrik gehienak ikasgelan edo jolaslekuan gertatzeko arrazoia. Baina tratu txarrak ez dira ikastetxera mugatzen. LHn biktima diren ikasleen %11,5ek eta DBHko %18,2k ziurtatu dute edozein tokitan egiten dietela eraso.

Biktimen %20 inguru, isilik

Eta zer gertatzen da tratu txar horien ondoren? Biktimen erdiek baino gehiagok lagunekin hitz egiten dute, eta haiek dira gehienetan esku hartzen dutenak. Irakasleak eta tutoreak, berriz, gutxiagotan sartzen dira, ikasleek adierazi dutenaren arabera. Badaude kezkatzeko moduko beste datu batzuk ere: LHko biktimen %14,9k eta DBHko %24,3k ez dute inorekin hitz egiten, eta LHko biktimen %9,6k eta DBHkoen %17,4k ziurtatu dute inork ez duela esku hartzen horrelako kasuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.