Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak erabaki du Pablo Gonzalez euskal kazetariaren behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea. Auzitegiak ez du erabakiaren arrazoirik eman, auzia sekretupean dagoelako, eta fiskaltzari eta kazetariaren defentsari baino ez die emango horren berri.
Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Gonzalez, Polonian. Kazetaria Ukrainako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuei buruzko informazioa lantzen ari zen preso hartu zutenean. Hasieran, espioitza lanetan aritzea leporatu zion Poloniako Gobernuak, baina geroztik fiskaltzak ez du haren kontrako akusazio zehatzik aurkeztu, eta epaiketarako datarik ere ez diote jarri. Hala ere, jadanik hiru aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia.
Azken hilabeteotan, Hego Euskal Herriko sindikatuek, zenbait egunkaritako zuzendariek, abokatu eta kazetari ugarik eta beste eragile batzuek salatu dute Gonzalezen atxiloketa eta espetxean pairatzen duen egoera.
Izan ere, inkomunikaturik atxiki dute, zenbait hilabetez ez du aukerarik izan senitartekoekin hitz egiteko, eta oraindik ez dauka egiten dizkioten akusazioen berri.
Haren lagun eta herrikideek Free Pablo izeneko plataforma osatu dute, kazetaria aske utz dezatela eskatzeko. Joan den azaroaren 8an, Adierazpen Askatasunaren Aldeko Jose Maria Portell saria eman zioten Gonzalezi.
Estreinako bisitaldia
Duela gutxi, haren bikotekide Oihana Goirienaren bisita izan du Gonzalezek Radomgo espetxean (Polonia), estreinako aldiz zortzi hilabetean. Bi orduko bisitaldia izan zen, eta, Goirienak azaldu zuenez, Poloniako zerbitzu sekretuetako kide bat han egon zen, Gonzalezek bikotekidearekin eta Gonzalo Boye abokatuarekin hitz egiten zuen bitartean.
Bisitaren ostean, Goirienak adierazi zuen Gonzalez ondo dagoela «fisikoki eta animo aldetik». Hura askatzeko Euskal Herrian egiten ari diren ahaleginen berri eman zion Goirienak Gonzalezi, eta kazetariak eskatu zion «bere egoeragatik kezkatuta dauden guztiei eskerrak emateko». Laster beste bisita bat egin ahal izatea espero du Goirienak.
Datorren astean bederatzi hilabete beteko dira atxilotu zutenetik. Poloniako legeriak hamar urteko espetxealdia ezartzen die espioitza delituei.
Beste hiru hilabetez luzatu dute Pablo Gonzalezen espetxealdia
Poloniako auzitegiak ez du arrazoirik eman. Aurki bederatzi hilabete beteko dira atxiloketatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu