«Ezin gara ez dakigunaz mintzatu; Lubitz delako hori ez dut ezagutzen, ez dut inoiz tratatu, eta ezin dut esan zer gertatu zen; ezin dugu hitz egin ebaluatu ez dugunaz. Espekulazio bat besterik ez da dena, eta ez da horrela hitz egin behar», Alvaro Iruin psikiatrak 2015eko apirilean BERRIAn argitaratutako erreportaje baterako egindako adierazpenak dira. Asaldatuta zeuden hedabide guztiak, galdezka; Andreas Lubitz hegazkin pilotuak urte hartako martxoaren 24an Alpeetako mendi baten kontra hegazkin bat txikitu zuen, eta 150 pertsona hil ziren. Oihartzun handia izan zuen berriak, eta berehala egin ziren ahaleginak pilotuaren portaera buruko patologiekin lotzeko. Psikiatrak azaldu zuen 50 dei-edo jaso zituela hedabideetatik gaiaz aritzeko, baina uko egin ziela guztiei. Jokabide hura buruko gaitzekin lotzea bidegabea zela esan zuen: «Jende askok jokatzen du gizartean ezarrita dauden arauen kontra, buruko eritasunik izan gabe ere; politikari gorenak hor daude, eta gizarteko pertsona arruntak». Gogor kritikatu zuten berria tratatzeko modua buruko eriek eta haien familiek eratutako elkarteek ere. Datuekin; eri larrien %3k bakarrik izaten dituzte bortxazko portaerak, eta, gehienetan, tratamendu egokirik gabe daudenean.
Gogoetok aski interesgarriak dira lehengo astean Basurtuko ospitalean haurtxo bat bahitu zuen andrearen jokabidearen harira zabaldu ziren mezuak aztertzeko. Bahiketa egin zuen andreak buruko nahasmendu bat izan zezakeela adierazteko zantzuak berehala jakin ziren, eta ozen zabaldu ziren lau haizeetara, azalpen bila. Bitxia da, hala ere, eta paradoxa handia, andre horrek patologiaren bat zuen susmoa izanda ere, zer babes gutxi jaso duen. Ulertzekoa da bahiketaren hasieran, umea oraindik falta zenean, hura bilatzea izatea lehentasun behinena. Ondoren ere, ordea, beste polizia operazio askorekin alderatuta, ehiza itxura hartu zuten andrea bilatzeko urratsek, baita atxilo hartu ondorengo orduetakoek ere. Haren irudia nonahi erakutsi zen, hari buruzko datuak, eta haren bizitzari buruzko zertzeladak.
Urteotan armairutik ateratzen hasi dira buruko patologiak. Edo hori sinetsarazi nahi da. Batez ere, txalotu egin dira buruko eritasunari buruz ozen hitz egitea erabaki duten pertsonak. Bizipenak eta emozioak beste guztiaren gainetik jartzera egiten den garaiotan, halako egoerak ere ikuskizun bihurtzera egin da sarri, eta onbera hartu dira, hunkidura mezuekin. Baina txalo horien egiazkotasuna sinestea zaila da egunotan zabaldu diren hainbat mezu ikusita. Buruko nahasmenduren baten ondorioz hausteko zorian sentitu diren pertsonek, amildegiaren hegian egondakoek, nekez hitz egingo dute baldin eta ikusten badute alde ilun horretan erorita dena dela arbuioa. Ondo daude buruko gaitzez mintzatzera animatzeko kanpainak, baina zenbat kanpaina beharko dira lehengo astean zabaltzen utzi ziren erdeinu mezuei aurre egiteko?
Egin duen delitua ez da andre hori bizi osoan itxialdian egoteko erakoa. Epailearen lehen erabakia heldu da: kalean dago, behin-behinean. Buruko gaitzak tratatzean ere, ahal dela, gaixoa bere onera etortzea bilatzen da, ahalik eta bizitza osoena izatea. Horiek horrela, andre gazte hori gizartearen parte izango da aurrerantzean ere seguruenera. Ehizarako deiek ez dute lagunduko horretan.
Eta, kontrara, deigarria da hauspotu diren mezuen artean zeinen gutxi izan diren buruko osasun sistemaren herrenak erakusteko. Kexu dira erabiltzaileak, eta kexu dira profesionalak. Ezin iritsi dabiltza. Gazte eta nerabeen arretan, bereziki, hutsuneak agerikoak dira. Eta emakume horrek buruko eritasunen bat badu, duen sufrimendua, eta eragin duena, hein batean, badira ezintasun horien ondorio. Halako portaerak ezingo dira inoiz guztiz saihestu, baina osasun sistema publiko ahul batekin arriskua handiagoa izango da beti.
ANALISIA
Zenbat kanpaina beharko dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu