Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Pandemiak aurreikustea

2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Jadanik ehun egun baino gehiago igaro dira OME Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19aren lehenengo kasuak atzeman zituenetik. Ordutik hona, mundu osoan zehar hainbat kutsatu eta hildako eragin ditu gaixotasun horrek. Koronabirusagatik nazioarteko larrialdia ezarri zuen OMEk urtarrilaren amaieran, eta aste batzuk geroago mundu mailako pandemia izendatu zuen.

Zoritxarrez, beti egon dira ezeztapen korronteak; esaterako, AEBetako presidentearena. Martxoaren erdialde arte aipatzen zuen birusa beroaren ondorioz hilko zela, eta agerraldia kontrolpean zegoela. Azkeneko astean, aldiz, errua OMEri botatzen dio, adieraziz benetan ez zuela garaiz eman birus honen birulentzia ahalmenaren berri.

Azkeneko hamabost urteetan hainbat birus berri agertu izan dira munduan: 2002an SARS-CoV izenekoa; 2009an H1N1 txerri gripea; 2012an MERS-CoV; 2013an H7N9 hegazti gripea... eta denek hipotetikoki pandemia bat sortzeko gaitasuna dute; izatez, 2009ko txerri gripearen birusak pandemia ahul bat sorrarazi zuen.

Zientzialariok beti esan dugu birus bat pandemia bilakatzeko arriskua agerian zegoela, eta horretarako prest egon beharko genuela. OMEk duela hamabost urte txosten bat argiratu zuen gripearen pandemia baterako prestatzeko. Oraingo honetan ez da gripearen birusa izan pandemia hau sorrarazi duena, baina galdera beste bat da: benetan prestatu gara eta neurriak aldez aurretik hartu dira pandemia hipotetiko horri aurre egiteko?

Iazko irailaren bukaeran OMEko eta Munduko Bankuko aditu- talde batek txosten bat kaleratu zuten. Ohartarazi zuten osasun larrialdi global baten arriskuaz, eta hura prebenitzeko zer egin adierazten zuten. Bertan ohartarazi zen oro har ez dugula nahikoa egiturarik hurrengo pandemia hilgarriari aurre egiteko.

Europa eta Ipar Amerika oso babestuta sentitzen dira, baina, elkarren arteko mundu batean, edozein agerraldik eragin diezaieke, gutxienez, inguruko herrialdeei. Oraindik ez gara erabat jabetzen planeta hau, besteak beste, aireko garraioaren bidez konektatuta dagoela.

Txosten horren arabera, osasun segurtasunerako planak prestatu behar dira, dauden eta beharrezkoak liratekeen baliabideak zehaztuz, ikerkuntza eta garapena indartuz, edo formakuntza eta simulazioak eginez, besteak beste.

Alemaniako Robert Koch Institutuak, esate baterako, pandemia baten simulazioa egin zuen 2012an. Bertan arnasbideko birus berri baten aurrean zer nolako jokabideak hartu beharko liratekeen jorratu zuten. Esate baterako, birusa hedatu ahala, norbera babesteko ekipoen eta desinfektatzaileen eskasia handiagoa zela konturatu ziren eta ospitaleak, osasun langileak normalean, produktu horiek azkar entregatzearen menpe zeuden; merkatuak ezin zuen eskaria erabat ase, eta itoguneak sortu ziren. Horregatik, egungo COVID-19aren pandemian, Alemaniak martxoan jadanik jarri zituen bertako hainbat enpresa desinfektatzaileak eta maskarak egiten. Egindako simulazioaren emaitzaren ondorioz, badirudi Alemaniako Estatuak bizkor eta ondo erreakzionatu zuela.

Aurreikuspen txostenak egiten dira, baina hori bezain garrantzitsua da bertan jasotzen dutena herrialde guztiek betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.