Joan den otsailaren 15ean Sara Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea aske gelditu zenetik Majarenasek bizi duen «salbuespenezko» egoeraren berri eman dute Kontxi Ibarreta Majarenasen amak eta Amaia Zurutuza Majarenasen lagunak, Donostiako Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Valentziako (Herrialde Katalanak) epaitegietan dute ahozko saioa, gaur, eta horren testuinguruan jakinarazi dute Majarenasen egoera. Epaitegien «uste ona izatea zaila» izan arren, espero dute Majarenasek eta haren alabak «behingoagatik zauriak osatu ahal» izatea. Fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatuko du erasotzailearentzat. Akusazio partikularrak, berriz, erasotzaileari guraso-ahala kentzeko ere eskatuko du.
Azken saioan, epaileak erabaki zuen Majarenasen erasotzailea aske uztea, epaiketako prozesua «luzatzen» ari zelako, eta behin-behineko espetxealdia «guztiz salbuespenezko neurria» delako. «Erasotzaileak aitortu zuen alaba hiltzen saiatu zela», nabarmendu du Ibarretak: «Nola bizi du Sarak egoera hori? Heriotza mehatxua dauka». Azaldu dutenez, erasotzaileak eskumuturreko telematikoa du jarrita, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua du. Edonola ere, gainontzeko autonomia erkidegoetan ibil daiteke erasotzailea, eta bi kilometroko urruntze agindua du.
Hori betetzen dela jakiteko, Majarenasek gailu telematiko bat du, 24 orduz konektatuta: «Une oro dago zelatatua, ezin du Frantziako muga pasatu abisatu gabe, zortzi ordutik behin bateria jarri behar zaio gailuari, eta, beraz, ezin ditu unean uneko planak egin», azaldu du Ibarretak. «Ez da zigor proportzionatua. Sekulako estresa dakar horrek» .
Bestalde, jakinarazi dute erasotzailearen eskumuturreko telematikoak huts egin duela hirutan. Halakoetan, Ertzaintzak Majarenasi abisatzen dio, eta eskatzen dio inguruko senideren edo lagunen bati eskatzeko etxera hurbiltzeko —gauez izan da hiru alditan, eta etxean ziren Majarenas eta alaba—. Lehen bi aldietan, ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe, eta azkenekoan, hiru orduz. «Lau orduan hemen izan daiteke erasotzailea. Nork egin dezake lo gau horretan? Non dago justizia une horietan?».
Justiziarekin kexu
Hain justu, Ibarretak eta Zurutuzak esan dute aske den erasotzailearen beldur ez ezik justiziaren beldur ere badirela: «Beldurra bikoitza da; libre den hiltzailearena eta Espainiako justiziarena».
Bi urteren ostean, oraindik ez da epaiketa egin, eta Zurutuzak jakinarazi duenez, kalifikazio fasean da auzia. Zigor eskaerak egiten dira auzibidearen garai horretan. Zurutuzaren ustez, akusatuari zigor «handia» ezar diezaioke epaileak, hiru arrazoiengatik: defendatzeko aukerarik ez zuen pertsona baten aurka egiteagatik, bere alabaren aurkako erasoa izateagatik eta amaren osotasunari kalte egin izanagatik. Indarkeria matxista kasua dela berretsi du defentsak.
Bestalde, Majarenasen abokatuek eskatu dute espetxe baimenak lortzekotan, erasotzaileak indarkeria matxista amaitzeko helburua duten formakuntza eta hezkuntza programak egitea. Neurri horiekin, eta, apurka, espero dute «zauriak osatu ahal» izatea.
Sara Majarenasi jarritako neurriek «errudun» egiten dutela salatu dute
Gaur dute ahozko saioa Valentzian. Fiskalak 30 urteko zigorra eskatuko du erasotzailearentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu