Departamendu eta eskualde bozak. Bigarren itzulia

Bigarren itzulirako kontsignak zehaztu dituzte indar politikoek

Hautesleen esku utzi dute erabakia alderdiek hautagairik ez duten kantonamendu gehienetan

Lehen itzuliko bozka meta bat, igandean, Arrangoitzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Igande honetan iraganen da departamenduko bozen bigarren itzulia. Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan bozkatu beharko dute hautesleek, eta gehienetan ezkerreko hautagaitza baten eta eskuineko baten arteko lehia izanen da. Hendaian (Lapurdi) izan ezik: EH Bai eta alderdi sozialista parez pare izanen baitira. Azken egunetan, kantonamendu bakoitzean atxikiko dituzten posizioak zehazten aritu dira hainbat hautagaitza eta indar politiko, baina gehienek ez dute kontsigna argirik eman.

Abstentzioa izan zen lehen itzuliko garaile handia, Ipar Euskal Herriko hiru hautesletik bik bozetan ez parte hartzea erabaki baitzuen. Zentro-eskuineko hautagaitzak izan ziren nagusi kantonamendu gehienetan, eta EH Baik bigarren itzulira sailkatzea lortu zuen hamabi kantonamendutik zazpitan.

Ezkerreko abertzaleak izan ziren lehenak beren posizioa argitzen, astelehenean berean. Miarritzen (Lapurdi) EELV eta Generation alderdien hautagaitza babestera deitu zuen, eta gainerakoentzat irizpide batzuk zehaztu zituen: zentro-eskuinari eta abertzaleen aldarrikapenen kontra den ezkerrari bozkarik ez ematea galdegin zuen. Eta hautesleen esku utzi zuen «ezkerreko eta ekologia» hautagaitzen artean EH Baik dituen aldarrikapenak hobekien nork defenditzen dituen hautatzeko ardura.

EELVk eta Generationek atzo arratsean bidali zuten agiria, kontsigna zehatzik eman gabe. Lehen itzulian babestu zituzten hautagaiek lehian segitzen dute, eta horien alde bozkatzera deitu dute bigarren itzulian ere. Hauek dira: Florence Mazeres et Jerome Pires Angelun; Elise Wilbois eta Bernard Marti Baiona-1en; Ana Ezkurra eta Mathieu Castaings Miarritzen; eta Martine Etxegoin eta Mathieu Elgoihen Errobi-Aturrin. Gainerako kantonamenduetan «elkartasunaren eta ekologiaren balioak ahal bezain ongi defendatzera» deitu dituzte hautesleak, EH Bai edo PSko hautagaientzat bozkatzeko dei argirik egin gabe.

Harrigarria gerta liteke jarrera, bereziki Baiona-3 kantonamenduan, iazko herriko bozetan EELVk oso hitz gogorrak izan baitzituen Henri Etxeto sozialistarekin aliantza egitea ukatu zuten ezkerreko abertzaleen kontra. Etxeto ez babesteko erabakiari buruz galdetuta, «hala erabaki dugu», erantzun dio BERRIAri Sophie Bussierre EELVko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak. EELV eta Generationen etiketarekin aurkeztu ziren hautagai batzuk argiago mintzatu dira: Bidaxune-Amikuze-Oztibarren Luzien Betbederrek, eta Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazurin Jeremy Savatierrek EH Bai bozkatuko dutela erran dute. Gaur, Marie Ange Thebaud EELVko Bokaleko (Lapurdi) hautetsiak PSko hautagaiei babesa agertuko die Baiona-2 kantonamenduan.

Komunistak PSren alde

Alderdi komunistaren bozak erabakigarriak izan litezke Hendaiako eta Mendialdeko kantonamenduetan. EH Bai lehiatuko da bietan: barnealdean, Forces 64ren kontra, eta kostaldean, PSko hautagaien kontra. Mendialdean komunistek ez dute bozka kontsignarik eman: «Ez dugu sekula eskuinarentzat bozkatu», oldartu da Louis Labadot Mauleko (Zuberoa) auzapeza, baina uko egin dio EH Bairen aldeko jarrera hartzeari, hitz erdika iradokiz ez dela ezkerrekoa. «Hautesleek jakinen dute hautatzen».

Hendaian, berriz, sozialisten alde bozkatzera deitu dute. Lehen itzuliko emaitzak kontuan hartuta, Chantal Kehrig eta Frederic Tranche bikoteak luke abantaila, baina ikusteke dago ezkerreko hautesleek alderdiaren erranak segituko ote dituzten. EH Baik erreserba bat izan lezake Jean Mixel Berra eta Sylvie Estonbaren hautesleen artean, nahiz eta hautagaiek ez duten bigarren itzulirako kontsigna argirik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.