Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Normaltasun berrirako trantsizioa

2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Azkeneko egunetan Ipar zein Hego Euskal Herrian jakin dugu zeintzuk izango diren «normaltasun berria» lortzeko bete beharko diren urratsak. Egoera berri hori lortu ahal izateko eta proposaturiko urratsak gainditu ahal izateko, pandemia aztertzen dituen markatzaile batzuk kontuan hartu beharko lirateke noiznahi.

Zientzialarion iritziz, badaude derrigorrezkoak diren markatzaile batzuk, eta Osasunaren Mundu Erakundeak ere horrela aholkatu du. Lehen mailan, derrigorrezkoa da birusaren zainketa epidemiologikoa egitea, eta, horretarako, funtsezkoa da birsorkuntza tasa edo pertsona bakoitzak duen kutsatzeko ahalmena batekoa baino baxuagoa izatea modu jarraian, gutxienez bi astean.

Bigarrenik, funtsezkoa da kasuen detekzio arina egin ahal izateko mekanismoak egotea. Horretarako, PCR testak egiteko ahalmena sendoa izatea eta ahalik eta gehien egitea, sintomak dituen edonori egin ahal izateko, nahiz eta etxean egon, eta positiboak direnen kontaktu hurbiletan haien egoera birusaren aurrean atzematea.

Aldi berean, proba hau astero egin beharko litzaieke osasun langileei, zahar etxeetako langileei, baita edozein arrazoirengatik ospitalean sartu behar duten pertsonei ere, zentro horietan koronabirusa duten pazienteentzat zirkuitu bereiziak egon daitezen. Gainera, positiboen isolatzea lehenengo hogeita lau orduetan egin beharko litzateke, birusaren transmisio katea ahalik eta arinen mozteko asmoz. Gaixotasunaren intzidentzia-tasa ehun mila biztanleko bi kasu positibo baino baxuagoa izan beharko litzateke. Hau da, EAEn egunero gehienez berrogeita hamabi kasu eta Nafarroan hamahiru kasu egotea bermatu beharko litzateke. Egun, parametro hori ez da betetzen.

Hirugarren markatzailea osasun sistemaren ahalmen maila egokia izatea izango litzateke. Horretarako, alde batetik, COVID-19arekin ospitaleratuen tasa % 30 baino baxuagoa izan beharko litzateke. Zainketa intentsiboko unitateen ohe kopurua kontuan hartubeharko da, eta horien okupazio tasa erdia baino baxuagoaizatea COVID-19 gaixoekin.Egia da Euskal Herrian gure ospitaleetako egoera nabarmen hobetu dela azkenengo hilabetean.

Azkenik, birusaren kutsadura galarazteko babes kolektiboko neurriak eduki behar dira; esate baterako, biztanleentzako maskarak bermatzea, horiek erabiltzea aholkatu, eta baita behartu ere herritarren mugimendu asko dagoen egoera batzuetan, hala nola garraio publikoetan.

Markatzaile horiek guztiak egunez egun ikusi, aztertu eta horren ondorioak atera beharko dira, benetan arintze fase honetan aurrera egiten dugun ala ez ikusi ahal izateko.

Herrialde batzuetan, Hong Kong, Singapur edo Alemania esate baterako, arintze fasean sartu bezain laster, kasu positiboen igoera izan dute, eta neurri batzuetan atzerako bidea ere eman behar izan dute. Espero dezagun guk zuhurtziaz jokatzea, eta, bakoitzaren zentzutasunari esker eta agintariek proposaturiko neurriei esker, normaltasun berri horretara lasai baina ondo ailegatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.