Arratsaldeko bostak dira— esan zidan Anak, xuxurlaka ia.
Nola dakizu?— galdetu nion ondoko ziegatik.
Eguzkiaren proiekzioagatik horman. Angelu bat sortzen da, eta, trigronometriaren bidez, sinua eta kosinua neurtzen ditut; horrela jakin dezaket. Astronomia ikasten dut.
Hizketan jarraitu genuen...».
Horrela hasten da Emilce Graciela Molerren Izarren hautsa testua. Roberto Taboada txiolariak duela gutxi gogora ekarri duenez, Ana Teresa Diego astronomia-ikasle argentinar komunistari buruzkoa da. 1976an, La Plata Unibertsitatetik ateratzen ari zela, diktadurako poliziek bahitu eta desagerrarazi egin zuten; 21 urte zituen. 2012an aurkitu zituzten haren hezurrak, Avellanedako hobi komun batean. Justu hilabete batzuk lehenago, Nazioarteko Astronomia Elkarteak Anadiego izena eman zion 1975ean El Leoncito behatokitik (Argentina) aurkitutako asteroide bati, 11.441 zenbakidunari.
Istorioa hunkigarria da, eta izendapena, salbuespen ederra. Ez bakarrik biktima bat gogorarazten duelako, baita omendutakoa emakume bat delako ere. Ez baita inondik inora ohikoa, ezta XXI. mendean ere. Aitzitik, emakumeei egindako aitortzak salbuespenak izaten jarraitzen dute.
Horren erakusgarri dira Nobel sariak. Iaz, lehen aldiz, bi emakumek, inongo gizonekin partekatu gabe, jaso zuten zientzietako sari bat, Kimikakoa. Emmanuelle Charpientier eta Jennifer Doudna dira, eta CRISPR-Cas9 edizio genetikorako tresna garatzeagatik eman zieten saria. Eta fisikako saridunetako bat ere emakumea da: Andrea Ghez. Hala ere, emakumeak ez ziren zientzietako sarituetatik erdia izatera iritsi: zortzitik, hiru.
Salbuespena izan ziren. Haiek barne hartuta, Nobelen istorian, 24 emakumek jaso dute saria. Gizonek, berriz, aurtengoak kontuan izanda, 606k. Hau da, emakumeak ez dira % 4ra iristen. Eta azken urteetan, joera ez da aldatu. Aurten bertan, askok espero zuten Katalin Karikó, mRNA-txertoen ama, sarituen artean egotea, baina, azkenean, zazpi sarituetatik, zazpiak gizonak dira.
Nobel sariak araua eta eredua dira; beraz, beste aitortzetan ere errepikatzen da diskriminazioa, eta ez da irizpide matxistak baztertzeko zantzu handirik ikusten.
Adibidez, hilabete batzuetan zalantzan egon da NASAk James Webb teleskopioaren izena aldatuko ote zuen. Teleskopio hori Hubble espazio-teleskopio ospetsuaren ordezkotzat dute, eta abenduan jarriko dute espazioan. NASAk James Webb deitzea erabaki zuen, 1961-1968 bitartean NASAko arduradun izan zen gobernuko funtzionarioaren ohorez, Apollo programa bultzatzeagatik.
Alabaina, maiatzean, 1.200 pertsonak baino gehiagok, tartean, teleskopio hori erabiliko duten astronomoek, izena aldatzeko eskaera bat sinatu zuten, LGTBI pertsonak diskriminatu zituelako. Besteak beste, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan gay eta lesbianak kaleratu zituen, haien sexu-orientazioagatik. NASAk salaketa ikertuko zuela agindu zuen, eta duela gutxi eman du erabakia: ez du LGTBIfobiaren ebidentziarik aurkitu, eta ez dio izena aldatuko teleskopioari. Salbuespenik ez, beraz.
ARGI ALDIAN
Salbuespenik ez arau zaharretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu