PROPOSAMENAK

Panpinek iratzartzen dutena

Mila panpina baino gehiago daude ikusgai Artziniegako Santxotena museoan. Teresa Lafraguaren bildumakoak dira. Zaharrena XIX. mendearen bukaerakoa da, harri kartoizkoa

Panpinen erakusketa Santxotena museoan. SANTXOTENA MUSEOA.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Artziniega
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gizartearen aldaketak islatzen dituzte inguratzen gaituzten objektuek, eta horien artean, jostailuak eta panpinak ez dira salbuespena. Egipton aurkitu zuten lehenengoa, baina ez zuten jostailu gisa erabili, objektu jainkotiar eta espiritual gisa baizik. Geroago, neskatilei oparitzen hasi ziren, txikitatik ikas zezaten amatasuna zer den. Gaur egun, berriz, orotariko panpinak daude.

Mundu guztiko milaka panpina bildu ditu Teresa Lafaguak urteetan, eta ikusgai jarri ditu orain, Artziniegako (Araba) Santxotena museoan. Nostalgia baten iratzartzea du izena erakusketak, bisitaria haurtzarora eramatea baita museoaren nahia. Marka ezagunak ikusi ahalko dira haurtzarora bidaiatzeko: Nancy, Barbie, Nenuco eta Barriguita panpinak, besteak beste. Erakusketa irailaren 17ra arte egongo da zabalik.

Bildumako panpinarik zaharrenak XIX. mendekoak dira, baina gaur egungo panpinak ere badaude. Panpinarik zaharrena harri kartoiz egindakoa da, eta kristalezko begiak dauzka. Jende aberatsak izaten zituen horrelako panpinak; izan ere, antzina, giza itxurako panpinak luxuzko objektuak izan ziren, harik eta industrializazioa heldu zen arte.

Garaiaren arabera, ordea, askotariko materialak erabili dira panpinak egiteko: portzelana, harri kartoia, bakelita, zeluloidea, arto orriak, oihalak, artilea, mache papera, plastikoa eta feltroa, esate baterako. Horiek guztiak aurki daitezke erakusketan, hain zuzen ere.

Portzelanaz egindako panpinen atalean, soinekodun panpinak ikus daitezke. Bereziak dira panpina horiek: jantzi dotoreak dituzte soinean, eta litekeena da inoiz inork haiekin jolastu ez izana.

Ikusgarriak dira, halaber, Mariquita Perez panpinak ere. Leonor Coellok sortu zuen marka hori, 1939. urtean, eta arrakasta handia izan zuen, modako jantzi eta osagarriak jarri ahal zitzaizkiolako. Barbie markako garai ugaritako hirurogei panpina ere ikus daitezke erakusketan.

Museo interaktiboa

Asteburuetan irekitzen dute erakusketa: larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara.

Edonola ere, panpinenez gain, eskultura erakusketa ere ikus daiteke Artziniegako museoan. Museo berezia baita Santxotena, bisitariek eskulturak uki ditzakete eta. Obraren eta bisitarien elkarrizketa bultzatu nahi izan du museoak hasieratik, ohiko eredutik aldentzeko eta bisitariari beste esperientzia mota bat eskaintzeko. «Tailer museoak obraren genesira bidaia didaktiko bat egiteko modua ematen dio bisitariari», nabarmendu dute. Bolumenaren eta formaren laborategian hasten da bidaia hori.

Gainera, Xabier Santxotena eskultoreak tailerra dauka museoan bertan, eta hortaz, bisitariek eskulturak egiteko prozesu guzti-guztia ikus dezakete, hasierako bozetotik hasi, eta obra amaitu bitarte. Artistarekin bere lanen inguruan solastatzeko aukera ere eskaintzen du museoak.

Panpinen erakusketa



Asteburuetan, Santxotena museoan, Artziniegan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.