Maite Aizpuruaren Erresistentzia arazo fisiko bat da eta Andoni Mutiloak ondutako Esnatu naiz ikuskizunaren azken bertsioa ikusi ondoren, lerro hauetan hainbat hausnarketa partekatu nahi ditut antzerkizaleekin. Bi lan horiek narrazio lineal bat aurkezten digute, non protagonista bakar batek derrigortutako gorputz identitateari buruzko erreibindikazio istorio katartikoak kontatzen dizkigun. Bietan aktoreak publikoaren partaidetza bultzatzen du tarteka-marteka, bietan distira zein askatasun momentuak pop musikaren bitartez bizitzen ditugu. Lehenbizikoan, korritzeko zinta baten laguntzaz, herrena izatearen diagnostikoari buruz eta debekuez dihardu Aizpuruak umoretik; bigarren piezan, aldiz, Londreseko Pink Flamingo kabaretean Elur trans-emakumearen dantza eta kantak eskaintzenzaizkio ikusleari giro alaian eta konplizean. Biak dira ikusi ditudan azken teatro lanak, eta biek gorputzaren inguruko diskurtsoa harilkatzen dute.
Euskal antzerkiaren historiografiari erreparatuz gero, 2010ean aro berri bat inauguratzen zuen Errautsak ikuskizunak. Lan horrekin 70eko hamarkadan jaiotako belaunaldikoek antzerkia planteatzeko joera nagusiak aldatuta, publikoaren oniritzia lortu eta teatro ezkertiar eta herrikoi baterako ildo sendoak zabaldu zituzten ikusleen fideltasuna bermatzen zutela. Bide horretatik taularatu dute, besteak beste, Francoren bilobari gutuna gogoangarria Artedrama, Axut eta Dejabu konpainiek. Talde horiek, lan egiteko era kolektibo eta horizontala erabiliz, euskal gizarte mailako gatazkak, kontraesanak zein traumak oholtzaratzeko konpromisoa dutela argi uzten digute muntaia guztiekin.
Baina, esanak esan, ezin ahaztu Erresistentzia arazo fisiko bat da eta Esnatu naiz gorputzetik abiatzen den kezka batetik sortuak direla eta ez dutela zerikusirik 2010ean garaiko konbentzionaletatik ateratzeko Errautsak-ek suposatu zuen ahaleginarekin. Horregatik, memoria zorroztu behar dugu 2008ra iristeko. Denboraldi horretan Miren Gaztañagak, Butler eta Preciado feministen teorietan inspirazio hartuta, Stereo lana estreinatu zuenean, euskal antzerki queer gisa definitzen dugunari hasiera eman zion. Aktore bakarrak burla egiten zion binarismoari, animalia, gizon eta emakume ziren gorputzetara transitatzen zuela, genero performancearen gaineko performance ironikoa plazaratuta. Horrela, euskal teatroaren ibilbidean emandako ziabogarekin azken urteotan oso oparoa suertatzen ari den antzerki biopolitikoaren bide alternatiboa seinalatu zigun estreinakoz.
Eta hortik edaten dute bai Maite Aizpuruarenbai Andoni Mutiloaren lan gomendagarriek, Josune Gorostegiren King Kong neska-k edan zuen gisan. Horrela —zilegi izan bekit txantxa egitea—,gorputzak ekarri digu corpusa. Gogoratu besterik ez dugu egin behar. Horratx, beste batzuen artean, Tanttakaren Soka, Erika Olaizolaren Panpina, Atx Teatroaren Arren ganbara eta emeen sotoa nahiz, Xanti Agirrezabalaren Satiro, Galder Perezen Lurrun minez, Xakeren Lur, Metrokoadokaren Andre zaharraren manifestua. Genero eraikuntza dela, orientazio sexuala dela, finean, ez-normatibitatea dela, gure antzokietan hainbatek dioskute gorputza dugula gure gatazkaren lurraldea. Eta horrela —berriro ere zilegi izan bekit broma egitea— euskal gorputzen egonezinak, kontraesanak zein traumak oholtzaratzeko konpromisoa dutela argi uzten digute muntaia horietan. Biba Foucault!
IRITZIA
Antzerki biopolitikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu