PROPOSAMENAK

Hiritarrak baserrian

Hainbat baserri ezagutzeko aukera izango da gaur eta bihar, Enba sindikatuak sortutako Ongi Etorri Baserrira egitasmoan. Aurten, 25 baserrik eta 600-700 bisitarik parte hartuko dute

Aurreko ekitaldi bateko argazki batean, baserritarrak eta hiritarrak elkarrekin. ENBA.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Enba sindikatuaren (Euskal Nekazarien Batasuna) bitartez egingo da Ongi Etorri Baserrira egitasmoa asteburu honetan. Egitasmoaren helburua da baserri mundua eta hiritar mundua harremanetan jartzea; izan ere, baserritarrek hiritarrei baserria, ingurua, lana, jakiak eta abar erakusten dizkiete.

Orain arte, Bizkaiko eta Gipuzkoako baserriek bakarrik parte hartu dute, elkarte gisa ez dutelako beste inon beste ordezkaritzarik. Hala ere, baserri munduan interes asko dagoela aitortu du Xabier Iraolak, Enbako koordinatzaileak.

Lehena, 2014. urtean egin zen, eta zortzi baserrik eta 90 hiritar-bisitarik parte hartu zuten. Bi urteko etenaldiaren ondoren, gaur eta bihar egin dute berriz Ongi Etorri Baserrira. Zazpigarren edizioa izango da, eta 25 baserrik parte hartuko dute.

Baserriak aukeratzeko unean, bisitariek aukera zabala dute webgunean. Baserri bakoitzean lan ugari jorratzen direlako, esaterako: sagardoa, gazta, baratzea, txakolina, perretxikoak, txerrikiak, arrautzak, eztia... Horregatik, bi egunetan ospatuko da, bi bisita egiteko aukera izateko. Eta bi egunetan ordutegia berbera izango da: 11:00etatik 14:00ak arte. Izen ematea doakoa da.

Egitasmo horri esker, baserrietako elikagaien kontsumoa eta Euskal Herriko hainbat txokotako turismoa sustatzen da, eta herri gastronomia ere goraipatzen da.

Aurten, 2019an baino baserri gutxiagok parte hartuko dute. Iraolak esan du ez dagoela arrazoi jakinik, baizik eta jendea ez dagoela ohituta ezezagun talde bat etxean hartzera eta urduritasunak izaten direla. Askok onartu dute oraindik ere «kezkatuta» daudela; bi urte igaro diren arren, maskararen inguruko galdera asko egin dizkiotela. Hala ere, jende asko apuntatu dela aitortu du: 600-700 pertsona inguru, baserri bakoitzean 30 pertsona, gehienez.

Hiritarrek hiritik at dagoen bizimodua nolakoa den ikusten dute baserrietan, eta, oro har, «inpresio ona» jasotzen dute, Iraolaren arabera: «Jaki ororen atzean dagoen lana baloratzen dute, eta baserritarren lana goraipatzeko balio izaten die».

Hiritarrekin harremanetan

Orokorrean, hiri handietako pertsonak izaten dira bisitari gehienak; erdi mailako hirietakoak baserriak hurbilago dituztenez, baserri mundua ezagutzen dutela uste dutela aitortu du Iraolak, «baina urteen poderioz, baserri mundua asko aldatu da».

Iraolak baieztatu du alboko herri txikiak bisitatu nahi izaten dituztela hiritarrek, baina libre duten bakoitzean kanpora joateko joera izaten dutela.

Baserritarrek hiritarrengandik ikasteko ere balio izaten die egitasmoak. Hiritarrek kezka asko izaten dituzte animalien ongizatearen inguruan, transgenikoen inguruan... kezka horien inguruan, bisitaren ostean, jarrera aldatu ohi dute merkatuetan eta supermerkatuetan erosteko orduan. Gainera, asko eskertzen dute baserritarrak ezagutzeko aukera izatea eta kontsumitzen dutena nondik etorria den jakitea.

Ongi Etorri Baserrira



Gaur eta bihar, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 baserritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.