PROPOSAMENAK

500. mundu bira Getarian

Elkanoren mundu birak bost mende betetzen dituela gogoratzeko, asteartean herri antzezlana egingo dute. 260 parte hartzailetik gora izango ditu, eta emakumeen presentzia handituko da

Beñat Aristi, Haritz Alberdi eta Ane Loidi Getariako udaletxean atzo izandako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
Joseba Arratibel Ladron.
Getaria
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Duela 500 urte Sevillara heldu zen bezala, asteartean Getariako (Gipuzkoa) portuan lehorreratuko da Juan Sebastian Elkano nabigatzailea bere itsasgizonekin batera. Haiek izan ziren lehenak munduari bira ematen, 1522. urtean. Orduko estetika mantenduz antzeztuko dute asteartean: ile luzea, bizarra, arropa hautsiak, oinutsik, eta abar. Baina, batez ere hiru urtez munduari bira eman ostean, neka-neka helduko dira Getariako portura.

Lau urtetik behin egiten den antzezlana da. Herrian mugimendu handiena izaten du, eta 260 parte hartzailetik gora izango du aurtengo antzezlanak. Aurten, gainera, mundu birak 500 urte bete ditu, eta antzezlanak, 100 urte.

Mendeurrenak ospatzeko abuztuaren 27tik hainbat ekitaldi antolatu dituzte: kontzertuak, bisita gidatuak, dokumentala, ur jolasak, erraldoiak, eta abar.

Atzo egin zuten Getariako udaletxean Elkanoren lehorreratzea aurkezteko prentsaurrekoa. Haritz Alberdi alkateak aurtengo leloa zein izango zen adierazi zuen: Bira bat bi mundu. Harekin batera, Beñat Aristi izan zen, antzezlaneko parte hartze prozesuan aritutakoa. «Parte hartze prozesuan nolabait bi alderdi markatzen direla esango nuke: alde batetik, historikoa; eta, bestetik, Getariako herriak antzezten duen antzezlana».

Aristik esan du badakiela ez daudela Sanlucarren, ez dutela Nao ontzi originala, baina ohiturak mantentzeko direla.

Berrikuntza gisa, antzezlaneanhistoria ahoz kontatua izango da: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Eta pilotalekuan pantaila bat jarriko dute helduentzat eta irisgarritasun arazoak dituztentzat; herritarrek lehentasuna izango dute.

Amaiera lekua ere ez da azken urteetako bera izango. Lehen, udaletxeko plazan amaitzen zen, baina, aurten, Elkanoren monumentuan, Karlos erregearen pasartea irudikatzen zuten lekuan amaituko dutela baieztatu dute.

Gaur egungo ikuspegia eta duela 500 urteetako ikuspegiak oso ezberdinak direla adierazi dute biek. Aristik esan du gaur egungo begiradatik aitortza bat behar zela, eta lanean espedizioa bukatu zuten hiru indigenak batzea beharrezkoa ikusten zutela.

Emakumeen rolak

Bestalde, aurten, lehen aldiz, emakumezko bat joango da ontzian, eta Elkanoren amaren rolak ere garrantzi handia izango du.

Gainera, herri parte-hartzaile bat islatu nahi dutenez, herriko jendeak parte hartzeko aukera zabaldu nahi dute, adina traba izan gabe. Alkateak adierazi du herriko hogei jostunek sortze prozesuan parte hartu dutela. «Munduko kontinenteak ordezkatzeko leku horietako arropak islatzeko, herriko jostunekin aritu gara lanean».

Ane Loidi zinegotziak prentsaurrekoan gogorarazi nahi izan die bertaratu nahi dutenei errepidea 15:30etik 20:00etara itxita egongo dela. Bestalde, esan du Zarauztik eta Zumaiatik autobusak aterako direla, baita Zestoatik ere.

Elkanoren lehorreratzea

Hurrengo asteartean, 17:00etan, Getariako portuan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.