Productos Tubulares: 382 langile aldi baterako erregulazioan

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Productos Tubulares enpresak Trapagako (Bizkaia) lantegiko ia langile guztiak sartuko ditu aldi baterako erregulazio espedientean. 420 ditu guztira, eta 382ri murriztuko die lanaldia. ELA sindikatuak kritikatu egin du neurria, enpresak irabaziak izanda hartu duelako eta «langileen eskubideak urratu dituelako».

Tubos Reunidosen barnean dagoen enpresa bat da Productos Tubulares, eta soldadudarik gabeko hodi erraldoiak ekoizten ditu. Zuzendaritza eta langile batzordea atzo bildu ziren aurreneko erregulazioaren baldintzak negoziatzeko, eta sindikatuak harrituta gelditu ziren kopuruarekin, «ageriko bideragarritasuna» duen enpresa bat delako. Iaz bost milioi euroren irabaziak izan zituen zergak ordaindu aurretik.

ELA sindikatuak ez du begi onez ikusi erabakia, zuzendaritza «apurka» lantaldea murrizten ari delako: «Aldi baterako erregulazio honen helburu bakarra lanaldiak malgutzea da, eta etorkizunean hartu daitezkeen beste neurri batzuk erraztea». Are gehiago, neurriak enpresaren inguruan ere eragina izango duela aurreratu du, Ezkerraldeko enpresa askok egiten dutelako lan Productos Tubularesentzat.

Zantzu horiek ikusita, ELAk susmo txarra hartua dio egoerari, beren ustez zuzendaritzak ez dituelako irabaziak erabiltzen planta berritzeko: «Agerikoa da ez doazela enpresaren bideragarritasuna bermatuko luketen inbertsioetara, eta, hori gutxi ez balitz bezala, langileek soldata izoztua dute 2017az geroztik».

Ezkerraldean ere, Barakaldoko eta Sestaoko Bilbao Produccion Castingseko erregulazio espedientea negoziatuko duen mahaia atzo osatu zen. ITP taldekoa da, eta zuzendaritzak kaleratze kopurua ematea espero zen, baina ez du emango negoziazio epeko lehen bilerara arte. Zamudioko (Bizkaia) plantan %15eko murrizketa ezarri zuen, eta antzeko kopurua espero da. 420 langile dira guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.