Langileen sindikatu abertzalea 20 urtez

Duela 20 urte sartu zen LAB sindikatua Ipar Euskal Herrian, eta, ordutik, enpresetan lan sindikala egiteaz gain, mugimendu sozial andanaren bultzatzaile izan da. Bi hamarkadako ibilbidea ez da oztoporik gabekoa izan.

Maiatzaren Leheneko LABen mobilizazio bat, Baionako herriko etxearen aitzinean. GAIZKA IROZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko militante ezkertiarren eta abertzaleen aspaldiko kezka izan da sozial arloan lan egiteko beharra. 70eko hamarkadan, Jazar taldea izan zen; Susta eta EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea 90eko hamarkadan; eta Atxik kolektiboa 1997 inguruan. 1999an desegin zen, baina aski fite berriz hartu zuten ideia, nagusiki Seaskako eta Sokoako langile batzuen artean, haien eskubideak defendatzeko tresna baten beharraz oharturik. Eztabaida prozesu bat abiatu zuten, hiru hauturekin: Frantziako sindikatu bati lotzea, sindikatu bat sortzea zerotik, eta Euskal Herriko beste sindikatu bati lotzea. Biltzarrak egin zituzten tokian-tokian, eta erabaki zuten sindikatu abertzale bat nahi zutela eta LABi lotuko zitzaizkiola. «Guretzat berez zihoan hori izan behar zuela. LAB zen ezker abertzaleko sindikatua», oroitu da Dominika Dagerre.

LABekin harremanean jarri ziren onespena lortzeko, eta erabakia berretsi zuten biltzar nagusian. Dagerrek aurkeztu zuen egitasmoa, LABen bosgarren nazio kongresuan. 2000. urteko maiatzaren 1ean egin zuten lehen agerpen publikoa, Baionan. «Momentu historikoa» gogoan du Amaia Fontangek. «Berehala ikusi genuen zaila izanen zela tokia hartzea». 20 urtez boikotak, erasoak, eta auziak pairatu ondotik, lekua eskatzen jarraitzen dute oraindik.

Fontang izan zen sindikatuko Ipar Euskal Herriko lehen langilea. Gogoan du Baionako Marengo karrikan ireki zuten lokalera sartu eta ordenagailuaren aitzinean eseri zen aldi hura. «Argi zen ez ginela prestatuak. Borroka sozialetatik atera ginen, baina borroka sindikala beste zerbait zen». Lan kodea ireki eta juridikoki prestatzen hasi ziren, eta laguntza ere izan zuten: Korsikako STC sindikatuarena batetik, eta baita frantses sindikatu batzuetako kideena ere, laguntza inoiz ofiziala izan ez bada ere.

Sindikatua egituratzea izan zen lehen lana: langileengana jotzea afiliatzeko, arloz arloko egoera sozioekonomikoaren azterketak egiten hastea, enpresetan batzordeak sortzea... Hasieran, LABen sartzeko ez zuten eskatzen beste sindikatuetako afiliazioa kentzea. Bazen esperientzia sindikal bat, eta hori baliatu nahi zuten. «Hemen gehienak enpresa txikiak eta biziki txikiak dira. Beraz, nahitaez sindikalismo mota berezi bat behar da haiekin aritzeko eta haien eskubideak defenditzeko», azaldu du Dagerrek. «Hasieratik aztertu genuen prekaritatea gero eta handiagoa zela, eta erabaki genuen gure indarrak ematea prekarioen antolaketan. Hori baita defendatzen genuena: langileek berek behar dutela antolatu, beren eskubideak defenditzeko». Aldi baterako enpresei buruz antolatu zituzten hainbat ekintza prekaritatea salatzeko, baita saltegi handietako langileei buruz ere. AC eta Attac mugimenduekin elkarlanean aritu ziren.

Sortu eta berehala izan zuten lehen oztopoa, enpresetan LABen batzordeak sortu nahi izan zituztelarik. Ordezkaritza izatea eskatzen zuen legeak, eta LAB ez zuten sindikatu gisa onartzen. Bokaleko ADA altzairutegian batzordea sortu, eta auzitara eraman zituen nagusiak; gainerako sindikatuek ere bai. Galdu egin zuten. Auzi gehiago izan zituzten, baina enpresa batzuetan onartu zituzten. «Anartean, legea aldatu zuten; guretzat biziki inportantea izan zen», gogoan du Fontangek.

Hasieran arrakasta izan zuten mugimendu abertzalean, eta aski fite ehun afiliatu izatera iritsi ziren, baina ezker abertzalearen baitako eztabaidek eragina izan zutela aitortu du Dagerrek. «Batzuentzat LAB ez zen denen sindikatua; alde batekoak ginen. Alta, hasieratik joera guziak baziren. Gure hedapena trabatu du, eta luzaz». Kideen aniztasuna osoa zela azpimarratu du, eta horregatik ez zutela egoera politikoari buruz posturarik hartzen. «Gure asmoa zen sindikatua eraikitzea. Puntu! Horri eman genion lehentasuna». Haren ustez, horren ondorioa izan da, besteak beste, sindikatuetan ez zirenak edo frantziar sindikatuetan zirenak LABen sartu ez izana; «beste batzuek zaila ikusten zuten LABek eraginkortasuna lortzea mundu sindikalean eta enpresetan».

Terexa Mitxelena CGTko kidea da, baita mugimendu abertzaleko kidea ere. Erretretan da orain, baina sindikatu ordezkari izan da urte anitzez. Duela hogei urte, LABen sorrera ez zuen «batere gaizki ikusi»; halere, CGTn egotea erabaki zuen. «Langileen defentsan ari nintzen CGTn, ene lana egiten nuen, eta ez nuen aldatu nahi sindikatua. Pentsatzen dut CGT tresna hoberena dela horren egiteko. Ez diot galdetzen ene sindikatuari ene eskakizun guztiak betetzeko, baina bai langileen defentsan aritzea. Horretan ari gara», esplikatu du. Ez zaio «trabagarria» abertzale izanik CGTn egotea. «CGTko kideek badakite abertzalea naizela, eta ez du inoiz arazorik sortu. Abertzale zenbaitek ez dute ulertzen zergatik naizen CGTn».

1993an sartu zen CFDT sindikatuan Jenofa Lopetegi, eta hamarkadatan izan da mugimendu abertzaleko kide. Erretretan da orain, baina Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Carrefour saltokiko arduradun sindikala izan da urte anitzez. «Halabeharrez» sartu zen CFDTn, garaian izandako lan kontratuen murrizketa batzuen ondorioz. «Langile gehienek CFDT sortzearen alde egin zuten, eta halaxe egin genuen», oroitu da. 2000. urtean, LAB sindikatua sortu zenean, ordea, ez zuen utzi CDFT: «Eginkizunak banituen arduradun sindikal gisa. Gainera, formakuntza anitz jaso nituen nire sindikatuan. Nolabait, errespetuz, CFDTn gelditzea erabaki nuen».

LABen sorrera, halere, berri ontzat jo zuen berehala. «Maila lokalean enpresa batean sindikatu berri bat sartzea berri ona da, kontra-botere bat gehiago baita nagusien parean». Frantzia mailan sindikatuen artean diren «tentsioak» aitorturik ere, «maila lokalean, eta maila pertsonalean», harreman ona du LABeko kideekin. CGTk LAB auzitan ezarri zuelarik «oso gaizki bizi izan» zuen egoera. «Eskandalagarria iruditu zitzaidan LAB auzitara eramatea: antidemokratikoa zen». Geroztik, halere, tentsioak apaldu direla pentsatzen du; «eskerrak».

Boikota

Beste sindikatuengandik jasandako boikotak markatu du LABen 20 urteko bidea. 2000. urtean, Madrilen onartu zuten terrorismoaren kontrako itunarekin bat egin zuten Frantziako sindikatu nagusiek, eta LABen kontrako erabateko blokeoa erabaki zuten, ETAren borroka armatua gaitzesten ez zuelako. «Estakuru bat besterik ez zen; sumatzen zuten lehiakorrak izaten ahal ginela», iritzi dio Dagerrek. «Beste argumentua zen ez ginela sindikatu bat, alderdi bati lotuak ginela. Alta, erabat autonomoki funtzionatzen genuen; politikoki independenteak ginen». Gainerako sindikatuen boikota «gogorra eta ustekabekoa» izan zela aitortu du, lehen manifestazioetan «fisikoki baztertuak» izateraino.

2011n utzi zuen jarduera armatua ETAk, 2017an itzuli zituen armak, eta 2018an desegin zen; baina 2020. urtean boikot berarekin segitzen dute, sindikatu abertzalea intersindikaletik kanpo utzita. «Aski fite, gurea egitea erabaki genuen», esplikatu du Dagerrek; uzten ez zieten lekua hartzea, funtsean. Maiatzaren 1eko mobilizazioetan beste sindikatuek baino 500 metro gibelerago egiten zuten deialdia, ibilbidearen erdian jende lerroan sartu, eta alderdi politiko eta gainerako eragileen aitzinetik zegokien lekua hartzeko. Enpresetan ere elkarlana sustatzen saiatu ziren; «arazo nagusiazuzendaritzetan zen».

Lan auzitegietako hauteskundeak izan ziren lehen mugarria, 2002. urtean. «Gure harridurarako, epaile bat lortu genuen», azaldu du Geronimo Prietok; bera izan zen hautatua. «Beste sindikatuekin parez pareko diskurtsoa izateko modua eman zigun; sinesgarritasuna eman zigun». 2008ko hauteskundeetan lau epaile lortu zituzten. «Gu gabe inork ez zuen gehiengorik lortzen ahal». Beste sindikatuak LABekin mintzatzera behartu zituen.

2009an, Oldartu kolektiboa bultzatu zuen LABek, Guadalupeko eta Martinikako mugimenduetan inspiratuta, eta Baiona-Angelu-Miarritze eremuko garraio publikoen doakotasunaren aldeko kanpaina abiatu zuen. AB, Batasuna eta NPA alderdiak, LAB, CNT, ELB eta Solidaires sindikatuak, Segi, kolektibo feminista eta Attac bildu ziren, besteak beste. Talde horrek 2010eko erretreten erreformaren kontra grebalarien asanblea bultzatu zuen, eta 2016an, lan legearen aurkako kolektiboa —horretan, trenbideetako CGT sindikatuak ere parte hartu zuen—. LABek pisu handia izan zuen elkarlan horietan. «Jasaten zen boikota saihesteko manera zuen, gure eragina zabaltzekoa», esplikatu du Dagerrek. «Asmoa ez zen entrismoa, besteekin lan eginez gure ideiak zabaldu eta indar gehiago lortzea baizik».

2016ko enpresa txikietako hauteskundeak beste mugarri bat izan ziren. Frantziako CGTko egiturak helegitea ezarri zuen LABen hautagaitzaren kontra. Epaitegian aurkeztutako salaketak zioen LABek ez duela sindikatu profesionalen estatusa betetzen, euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobesten duelako, eta sindikatu independentista gisa aurkezten delako. CGTren arabera, bi ideia horiek «ez datoz bat balio errepublikanoekin». LABek helburu politikoak dituela gaineratu zuen idatzian, eta ez dituela «esklusiboki» langileen eskubideak defendatzen.

Ipar Euskal Herrian sekulako eztabaida sortu zuen CGT sindikatuaren barnean. Lan legearen kontrako mobilizazio gogor baten ondorena zen. LABeko eta CGTko kideak batera aritu ziren karrikako mobilizazioetan, baina erabilitako argumentuen kontra ere asaldatu ziren CGT barneko euskaldunak eta abertzaleak. Azkenean, «Parisen hartutako erabakiaren» kontra agertu zen Ipar Euskal Herriko egitura. Prozedura judizial luze baten ondotik, Parisko Kasazio auzitegiak behin betiko arrazoia eman zion sindikatu abertzaleari. «Modua eman zigun gure izaera sindikala juridikoki blindatzeko», adierazi du Prietok, «baina prozeduran galdutako sosa ez dugu errekuperatu». Azken urteetan, CGTrekin batera antolatu izan ditu Maiatzaren Leheneko mobilizazioak LABek. Ohiko mobilizazioen antolaketatik kanpo utzi ohi dute oraindik.

Bertan erabaki

Gaur egun sindikalismoa «oro har krisian» dela uste du Prietok,«langile kontzientzia apaltzen ari baita». Prekaritatearen eta neoliberalismoaren gorakada aipatu ditu Dagerrek: «Gero eta zailagoa da lan sindikala eramatea; behar dira borroka molde berriak pentsatu». Hala ere, Ipar Euskal Herrian LABek sekzioak irekitzen eta kideak lortzen segitzen duela azpimarratu du Prietok.

Ipar Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eremu propioa sortzea da LABen erronka, azken urteetan garatu duten Bertan Erabaki ildoaren barnean. Garapen Kontseiluan anitz landu dute gaia, baita beste sindikatu batzuekin ere. Baina oztopo anitz badira oraindik, eta gainerako sindikatuek ez dute urratsa eman nahi: «sindikatuen indarrak Ipar Euskal Herrian neurtzeak LABek duen indarra erakutsiko luke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.