Albiste on bakan batzuk dauden arren, garai ilunak dira euskal industriarentzat, eta atzo bi enpresa ixteko asmoen berri eman zuen ELA sindikatuak: United Caps tapoiak eta plastikozko estalkiak egiten dituen Sopelako (Bizkaia) lantegia; eta Valvospain, Amurrion (Araba) balbulak egiten dituen planta. Azken horren egoera oso larria da, likidazio prozesuan baitago.
United Capsen kasua «deslokalizazio eredu garbia» da, sindikatuaren ustez. Enpresako buruek bertako ekoizpena Katalunian duten beste lantegi batera eraman nahi dute, eta hasia dute lantalde osoa mugitzeko prozesua. Erabaki horrek Sopelako lantegiaren itxiera eragingo luke. 37 langilek dihardute enpresan eta greba mugagabea hasiko dute hilaren 24an.
United Capsek arrazoi ekonomiko eta teknikoak argudiatu ditu, baina ELAren ustez ez dira egia, azken urteetan irabaziak izan baititu. United Caps oinarria Luxenburgon duen multinazional bat da, eta 2018an iritsi zenSopelara, Embalatap erosita. ELAren ustez, hasieratik zuen lantegia lekualdatzeko asmoa, «Embalatapek zituen bezeroak eta azpiegiturak lortu ondoren».
Valvospain Industrialen egoera oso ezberdina da. Enpresa askoren fusio baten ondoren sortu zen, eta, sindikatuen uste dute kudeatzaileen jardun txarrak hondoratu zuela. 90 langile ditu egun eta 35 milioi euroren zorra. Langileak aldi baterako erregulazioan daude, eta sindikatuek helegitea jarri diote enpresak egoera hori luzatzeko duen asmoari.
Valvospain, esan bezala, hartzekodunen zerrendan dago, eta salgai udaz geroztik. Eskaintzak egon badaude, baina ELAk jakinarazi duenez, erosleen asmoa lantaldearen %70 kaleratzea da. Lantaldea erregulazioan egon arren, zuzendaritzako kideak soldatak bere osotasunean kobratzen ari direla dio sindikatuak, «jardunik ia ez egon arren».
Valvospain eta United Caps itxi nahi dituztela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu