Gasteizko Michelin Espainiako lantokien batzordetik aterako da

Langileen %51,4k bozkatu dute alde. Aurrerantzean enpresa batzordeak modu autonomoan negoziatuko du zuzendaritzarekin. Lasarte-Oriakoak horrela egiten du

MIchelinek Gasteizen duen lantegiko sarrera nagusia. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Michelinen Gasteizko fabrikako langileen batzordea Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da. Hala erabaki dute langileek ostiralean hasi eta astelehen gauean amaitu den bozketan. Bozketaren marjina oso estua izan da, 94 botokoa. 1.237 langilek bozkatu dute aldaketaren alde, botoa eman dutenen %51,43k. Kontrako botoa 1.143 langilek eman dute, %47,52k. Parte hartzea %70 ingurukoa izan da.

Horrek esan nahi du hemendik aurrera Gasteizko batzordeak modu autonomoan negoziatuko duela zuzendaritzarekin, Lasarte-Oriako lantegikoak bezala (Gipuzkoa). Aurten, zentro arteko hitzarmena negoziatu bitartean, lau greba egun egin zituzten Gasteizen, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bultzatuta. Ekainean, hango langileek zuzendaritzaren azken eskaintzaren aurka bozkatu zuten, baina Espainiako lantegi guztietan egindako bozketak oniritzia eman zion hitzarmen berriari, eta itun hori sartuko da indarrean Gasteizen ere.

Espainiako batzordean CCOO, UGT eta CSIFi sindikatuek dute gehiengoa —baita Gasteizkoan ere—, baina haien afiliatuek Gasteizko protestak eta erreferendumaren emaitzak babestu zituzten. Hori ikusirik, zentro arteko batzordetik atera ala ez bozkatzea proposatu zuten, eta hala egin dute.

ELA eta LAB pozik

Emaitzarekin pozik azaldu da ELA. «Hori da eskatzen ditugun hobekuntzak lortzeko bidea», nabarmendu du ohar bidez. LABek, aldiz, langileak zoriondu ditu, eta gogoratu du sindikatu horren «aldarrikapen historikoa» zela batzorde autonomoa izatea. Halaber, salatu du sinatutako azken lan hitzarmena «inposatua» izan dela.

Gasteizko zuzendaritzak berriki jakinarazi du 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko diola urtea amaitu bitarte, eskaerak gutxitu egin direlako eta multinazionalak plantako langileengan «konfiantza galdu» duelako, hitzarmenaren negoziazioan izandako gatazkengatik. Sindikatuen ustez, neurria «beldurra sartzeko estrategia» bat izan da, bozketaren emaitzak baldintzatzeko.

Gasteizko zuzendaritzak Efe agentziari adierazi dioenez, ez du bozketaren emaitza ofizialki jaso oraindik. Dena den, adierazi du lan harremanak «soilik elkarrizketa eta akordioen giroan» ulertzen dituela, eta azpimarratu du lantegia aurrera aterako dela, «guztien konpromisoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.