Guatemalako Kongresuak neurri irmoa iragarri zuen herenegun, Semilla mugimenduko diputatuak independente gisa aitortu zituen. Ondorioz, alderdiak ezingo du talde politiko gisa bloke legegile bakar bat osatu. Guatemalako Herritarren Erregistroak —Hauteskunde batzordeko organo bat— asteartean mugimendua «behin-behinean» legez kanpo utzi ondoren iritsi zen kongresuaren erabakia.
Hori ikusirik, ordea, Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa aurkeztu zuten azkeneko bozak irabazi zituen mugimenduko diputatuek. Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu zuten salaketa, «agintekeriagatik». Haien arabera, «erabat baliogabeak» dira jaso dituzten zigorrak. «Aldeko ebazpena izatea espero dugu, jazarpen politiko hau behingoz amaitu dadin», esan zuen alderdiko diputatu Samuel Perez Alvarezek. Kongresuko Zuzendaritza Taldeak, ordea, berretsi zuen legeak ezarritakoa bete baino ez dutela egin. «Semilla mugimendua bertan behera uzteko agindua eman zuen zazpigarren epaileak».
Hain justu, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez hartu dituzte neurri horiek Guatemalako Herritarren Erregistroak eta Kongresuko Zuzendaritza Taldeak. 2017 eta 2018 bitartean sinadura faltsuak biltzea leporatzen diote alderdiari. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen sinaduren zerrendan, eta beste 319k ez zuten identifikazio agiririk. Horrez gain, bildu beharreko sinadurengatik 175.000 quetzal inguru (20.200 euro inguru) ordaintzea egozten diote ezkerreko mugimenduari, baita dirua zuritzea ere.
Botoen %61 lortuta, Semilla mugimendua gailendu zen joan den astean Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen bozak, eta alderdiko buru Bernardo Arevalori eman zion presidente hautatuaren kargua. Baina Guatemalako Herritarren Erregistroak mugimendua legez kanpo utzia zuen ordurako.
Guatemala
Talde politikoa osatzea eragotzi dio Semillari Guatemalako Kongresuak
Ganberak independentetzat jo ditu bozak irabazi dituen mugimenduko diputatuak. Erabakia ikusirik, Kongresuko Zuzendaritzaren aurkako salaketa aurkeztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu