Hamar urteko borrokaren aitortza izan dela onartuta ere, Nahia Alkortak (Baiona, 1986) aitortu du ez duela «lasaiturik» hartu. Barruak mugiarazi dizkio NBE Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Diskriminazioa Desagerrarazteko Batzordeak bere alde eman berri duen ebazpenak, oraindik memorian iltzaturik dituelako 2012an Donostiako ospitalean erditu zenean jasandako indarkeria obstetrikoaren pasarte latzenak, eta itxi gabe esperientzia horrek eragindako orbain emozionalak. Pozez bainoago, «arduraz» hartu du nazioarteko erakundeak bere salaketa aintzat hartzeko hartutako erabakia: «Niri gertatutakoa pairatu zuten baina salatzeko aukera izan ez duten emakume guztientzako aitortza bat da».
Seme nagusiaz erditu zen Alkorta 2012an. «Erditze bortitza» izan zela ez du zalantzarik. Ur poltsa hautsita iritsi zen Donostiako ospitalera, eta erditzea eragin zioten, bere borondatearen aurka. Erditze gelan oxitozina eman zioten, eta denbora luzez ia mugitu ezinda egon zen, monitorizatuta. Tartean, miatze mingarri bat egin zioten baginan. Gerora jakin zuen Hamiltonen maniobra izan zela —poltsaren mintzak bereiztean datza, erditzea aktibatzen laguntzeko—: «Baimenarekin egin behar da, baina niri ez zidaten baimenik eskatu». Zesarea bat egingo ziotela jakinarazi zioten gero, eta, berak fetuaren sufrimenduari buruzko proba eskatu arren, ez zioten egin.
Hortik aurrerakoa ere ez zen samurragoa izan. Ebakuntza gelan «izugarrizko tratu txarra» pairatu zuen. Gogora ekarri du «beso zabalik» jarri zutela, biluzik, jendea sartu eta atera zebilela, eta operazioan osasun profesionalek haien artean hitz egiten zutela baina inork ez ziola kasurik egiten. Hiru ordutan ez zioten semea hartzen utzi, gainera.
Berriro ez gertatzeko
2015ean jo zuen aurreneko aldiz epaitegietara, erditzean arrazoi medikurik eta baimenik gabeko interbentzioak egin zizkiotela salatzeko. Justiziak, baina, bizkarra eman zion, eta indarkeria obstetrikoa pairatzeagatik jarritako salaketa atzera bota zuen. Horregatik erabaki zuen NBEra jotzea. 2019an aurkeztu zuen salaketa: «Argi neukan ospitalean eman zidaten tratuak ez zuela ez hanka ez buru, ez zela justua, eta erabaki nuen amaiera arte borrokatu behar nintzela, beste ahizpa batek sufritu ez zezan nik sufritutakoa».
Arrazoi eman dio orain nazioarteko erakundeak. Ebatzi du Alkorta indarkeria obstetrikoaren biktima izan zela, eta Espainiako Estatuari eskatu dio erreparazioa eman diezaiola eragindako kalteengatik. Indarkeria obstetrikoak ondorio psikologikoak utzi zizkion Alkortari— erditze osteko estres nahasmendua diagnostikatu zioten—, eta hala jaso du NBEren agiriak. «Zauri psikologikoa ixteko lagungarria izango da ebazpena», azaldu du.
Alkortaren kasua aztertzetik harago jo du NBEren ebazpenak, eta ohartarazi du osasun sistemetan «fenomeno orokortua, sistematikoa eta errotua» dela erditzean indarkeria erabiltzea. Eta eskaria egin die osasun profesionalei: emakumearen autonomia errespetatu dezatela indarrean diren protokoloak betez. «Protokoloak badaude, baina ez dira errespetatzen», deitoratu du Alkortak. Ebazpena «mugarri» bat dela iritzi dio, baina eszeptikoa da egungo egoera aldatzeko balioko ote duen. Arazoa erroan dagoela dio: «Sistema heteropatriarkala dugu osasun sisteman eta justizian. Emakumeek enbarazu egiten diogu sistemari, eta horregatik zigortzen gaitu».
Argi du osasun eta justizia sistemek indarkeria obstetrikoa «babestu» egiten dutela, eta emakumea «txotxongilo» bat bezala hartzen dutela, eta «ez subjektu gisa». Eta uste du «sistemak sustraian duen indarkeria ikusarazteko» antzeko egoerak pairatu dituzten emakumeek «saretu» behar dutela salaketa egiteko.
«Zauri psikologikoa ixteko lagungarria izango da ebazpena»
Nahia Alkortak indarkeria obstetrikoa sufritu zuen erditzean, NBEk aitortu berri duenez. Osasun eta justizia sistemek indarkeria mota hori babesten dutela salatu du Alkortak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu