Bielorrusiako oposizioak ez ditu onartu bozetako emaitzak

Datu ofizialen arabera, Aleksandr Lukaxenko estatuburuak botoen %80 lortu ditu, eta Svetlana Tikhanouskaiak, %9. Protestetan 200 lagun atxilotu dituzte eta dozenaka zauritu

Poliziaren eta manifestarien arteko istiluak piztu ziren astelehen goizaldean Minsk hiriburuan. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Botoen %80 eskuratuta, beste bost urterako agintaldia bermatu zuen igandean Aleksandr Lukaxenkok, 1994tik Bielorrusiako presidente denak. Svetlana Tikhanouskaia geratu zen haren atzetik, botoen %9,9 jasota. Tikhanouskaiak maiatzean hartu zuen oposizioaren lidergoa, haren senar Sergei Tikhanouski biolentziara dei egiteagatik espetxeratua izan ostean.

Bozetan «iruzurra» izan dela salatu zuen oposizioko hautagaiak, eta gauean izandako manifestazioen aurka jo izana ere gaitzetsi zuen. «Onartezinak dira manifestari baketsuen aurkako indarkeria eta informaziorik eza. Interneterako sarbideak blokeatuta egon dira gauaren parte handi batean, eta oraindik ere arazoak ematen dituzte». Hala, «protesta baketsuetarako» deia egin zuen Tikhanouskaiak.

Seigarrenez agintera

Lukaxenkok, adliz, ontzat eman zuen garaipena, eta ohartarazi zuen ez duela onartuko Ukrainan gertatutakoa errepikatzea: 2013an Ukrainan piztu ziren protesten ondorioz, kargua utzi behar izan zuen Viktor Janukovitx presidenteak. «Hauteskunde gaueko protestak ez ziren bat-batekoak izan, antolatuak baizik. Hala ere, antolatzaileen asmoa ez da bete. Minsk erdigunean sua piztu eta hiriburu osotik zabaltzea nahi zuten». Seigarren garaipena da hau Lukaxenkorentzat, eta karguan jarraituko du 2025era arte.

Parte hartzea %84 inguru izan zen, eta boza ematera deituta zeuden herritarren %41ek aurrez bozkatu zuten. Aurretiazko boz kopuru handiak iruzur susmoak piztu zituen, eta, bozkalekuak itxi ostean, milaka lagun irten ziren kalera, protestan. Polizia manifestarien aurka oldartu zen, eta hainbat lagun atxilotu zituzten Minsk hiriburuan. Gobernuz kanpoko Viasna erakundearen arabera, hildako bat eta dozenaka zauritu eragin zituzten manifestarien eta segurtasun indarren arteko borrokek, eta 200 manifestaritik gora atxilotu zituzten. Barne Ministerioaren datuen arabera, aldiz, ez zen inor hil.

Emaitzen inguruko zalantzek Bielorrusiako mugak ere gainditu dituzte. Atzerri Gaietarako Europako Batasuneko ordezkari Josep Borrellek gaitzetsi egin ditu astelehen goizaldeko istiluak, eta bozen zenbaketa «zehatza» egiteko eskatu dio Bielorrusiako Hauteskunde Batzordeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.