Hizkuntza, ohitura eta belaunaldi ezberdinetako pertsonen elkargune izan ohi dira zenbait eskolaurre; haurrak, gurasoak eta ikastetxeetako langileak elkarrekin aritzeko espazioak, hein batean. Hiriaren erdigunetik atera, eta Gasteizko Zabalgana auzoko ikastetxe publikoaren ataria da horren adibideetako bat. Hainbat dira seme-alaben zain dauden gurasoak, elkarrekin hizketan ari direnak; haietako askok askaria ere eskuan daramate, ohiturak agintzen duen lez. Hitz garbiak baino, marmarra nagusi, baina aise atzeman daiteke marmar horretan zein hizkuntza gailentzen den. Euskaraz eta gazteleraz ari dira hizketan bertan pilatuta daudenak, baina haurrak eskolatik atera bezain laster, euskarara jotzen dute zenbaitek.
Edurne Makazaga eskolako atearen aurrealdean dauden gurasoetako bat da. Jaka urdin bat darama soinean, hamar gradu inguru markatzen baititu termometroak, eta kremaileran ahobizi jartzen duen txapa bat, Euskaraldian izena eman duen seinale. «Euskaltzaleak gara, eta gustatzen zaigu halako ekimenetan parte hartzea; gustuko dugu euskal giroan murgiltzea, euskaldunekin egotea eta gure seme-alabei euskal kultura transmititzea». Hain zuzen, azpimarratu du Euskaraldia bezalako egitasmoak baliagarriak direla euskara egon badagoela gogorarazteko, eta baita bere erabilera aldarrikatzeko ere. «Jende askok euskaraz hitz egiten daki, baina ez du erabiltzen; halako ekimenek, beraz, balio dute jendea euskara erabiltzera animatzeko, eta hizkuntza bizi egoteko».
Inguruan dira Nahikari Ormaetxea eta Naroa Lopez ere, dagoeneko eskolatik atera diren ehunka haurren eta gazteen artean. Biak dira amak, eta biek dute ahobizi txapa. Ormaetxeak, ordea, Euskaraldiko maskara ere badu. Izan ere, leku batzuetan, euskararen aldeko ekinbideak denboraldiko modara batzea erabaki du, eta zer hobe maskarak egitea baino. Hark adierazi du orain dela bi urte ere izena eman zuela, eta aurten ere parte hartzea erabaki duela, besteak beste, euskalduna delako. «Euskaraz hitz egiten dut, etxean behintzat; kalean ere ahalegintzen naiz, euskaldunak direnekin, bederen». Lopezek ere erantsi du bere egoera antzerakoa dela, eta ia bizitza osoa egiten duela euskaraz. Are, uste du Euskaraldiak eman dezakeela aukera orain arte identifikatu ez diren pertsona edo gune euskaldun gehiago ezagutzeko.
Etxean, euskaraz
Seme-alabak euskaraz hezi ahal izatea «funtsezkoa eta garrantzitsua» dela uste dute hiru gurasoek, eta baita Sergio Angulok ere. Aita da, eta belarriprest rola hautatu du bigarren edizioan. Haren iritziz, Euskaraldia baliagarria da «ariketa kolektibo gisa» euskarari indarra emateko, eta, are gehiago, leku batzuetan: «Gasteizen, askotan, euskaraz aritzea basamortuan bakarrik ibiltzea bezalakoa da». Egoera hori saiheste aldera, nabarmendu du etxean euskara transmititzen saiatzen direla, baina aitortu du familia batzuetan «zailagoa» izaten dela, batez ere bi gurasoetako familietan haietako batek euskaraz ez dakienean: «Horrelakoetan, gaztelerak irabazten du».
Makazagak ere bizileku bakoitzaren testuingurua azpimarratu du, baina baita kontzientzia sortu beharra ere. Uste du erdaldun giro batean bizi arren, haurrek euskara hizkuntza arrarotzat ez jotzea, eta beraien herriko hizkuntza dela ikusaraztea garrantzitsua dela: «Eskolan ez ezik, etxean eta kalean ere hitz egiten dela ikusi behar dute; euskara badagoela, eta ezin daitekeela ahatz». Lopezek eta Ormaetxeak ere ez dute zalantzarik euskararen transmisioaren muntan. «Nire haurren ama hizkuntza euskara da, niretzat izan ez zen bezala; Euskal Herrian bizi gara, eta euskaraz bizitzea normala izan beharko litzateke». Ormaetxeak ere azaldu du umeen lehen hizkuntza euskara izatea inportantea dela, eta ez dutela inoiz zalantzarik izan etxean euskaraz hitz egiteko.
Gurasoek beren inguruan erabiltzen duten hizkuntza ere garrantzitsua da transmisioari zein bidetatik eusten zaion jakiteko. Hala, oro har, gurasoek aitortu dute erlazioak bi norabidetan sortu dituztela, euskaraz eta gazteleraz, baina gehienetan, bigarrenak izaten duela presentzia gehiago. «Nahiz eta gure adineko jende askok euskaraz jakin, ez dugu euskarara jotzen; soilik, euskaldunak direnekin hitz egiten dugu euskaraz, eta euskaldun berriekin, adibidez, zailagoa izaten da», esan du Ormaetxeak. Bat egin du Makazagak ere. Uste du ingurua «nahiko erdalduna» dela, eta kalean daudenean gaztelerara jotzeko ohitura dutela, euskaraz elkarrizketa bat mantentzea «horren erraza» ez delako. Angulok ere adierazi du batez ere gaztelera erabiltzen dutela, baina «zorionez» auzoan jende gaztea bizi dela, eta beraz, euskaldun kopurua «handia» dela beste eremu batzuekin alderatuz gero.
Txip aldaketa egitea
Euskaraldian parte hartzen ari direla aprobetxatuta, txip aldaketa bat egiteko baliatuko dute aukera gurasoetako batzuk. Ormaetxearen arabera, egitasmoari hasiera eman zaionetik gaurko egunera arte, batez ere, lanean nabaritu du aldaketa. «Bulegoan euskara gehiago egin dut, eta ohiko egoerarekin alderatuta bada aldea: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan». Hala ere, erantsi du kalean ez duela horrenbesteko aldaketarik nabaritu, eta ez duela lortu beste pertsona batzuekin euskaraz aritzea. Esku artean du, beraz, erronka berria. Makazagak, berriz, adierazi du ez duela helburu zehatzik jarri, eta betiko eran jarraituko duela: euskaraz hitz egiten, ahal den heinean.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi
Euskaraz heztearen garrantzia
Gurasoek umeekin euskaraz aritzearen garrantzia azpimarratu dute, nahiz eta leku batzuetan «zailagoa» dela aitortu. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte, hala nola beste gurasoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu