Gasaren 'gerra hotza'

Errusiak eta Ukrainak Europara gasa garraiatzeko egin berri duten akordioan esku hartu nahi dute AEBek. Mosku eta Berlin eraikitzen ari diren gasbidea blokeatzeko, horretan lanean ari diren enpresei betoak eta isunak jartzea erabaki du: atal berri bat energiaren munduko sarean.

Gasaren 'gerra hotza'.
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Gerra Hotzaren garaian, Kremlinen esku zegoen Europako etxeetako beroa; estatuen arteko harremanak izoztuta egonda ere, Sobietar Batasunak zuen gasaren giltza. Baina Burdinazko Errezela erori zenetik, mugak gainjarri zaizkio, eta Ukraina da muga eta pasabide nagusia gasaren bidean: Mosku, Kiev, Berlin; eta Alemaniatik, Europa osora. Bide horretan, AEBek ere esku hartu nahi dute.

Azken asteetan, Moskuko eta Kieveko agintariak bilduta egon dira, Berlinen aurrena eta Moskun gero, Errusiako gasa Ukrainako gasbideetatik pasatzeagatik ordaindu beharreko kuotak adosteko; abenduaren 30era arteko epea zuten. Blokeatuta zeuden elkarrizketak, baina Alemaniaren bitartekaritzak zabaldu du akordioaren atea.

Adostasunik ezean, Europarako bide nagusia itxia izango luke Errusiako gasak. Europako herrialdeen gas biltegiak beteta daude, baina hiru hilabeteko etenaldi batek —eta neguan— ondorio larriak izango lituzke; prezioetan bereziki. Arrisku hori desagertu da, behin-behinean.

Aurreko larunbatean sinatu zuten menia Moskuk eta Kievek: bi aldeak konprometitu dira gasaren auziagatik elkarri ezarritako isunak ordaintzera eta zabaldutako auzibideak etetera. Eta bost urterako akordioa egin dute, baldintza berberetan beste bost urtez luzatzeko aukera barne. Denbora irabazi nahi izan du, horrela, Moskuk. Denbora, zertarako?



Azkenengo bi hamarkadetan harreman gatazkatsuak izan dituzte bi herrialdeek. 2006 eta 2009 artean, desadostasunek kinka larrian utzi zuten Europako energia hornikuntza —eta 11 hildako egon ziren hotzaren eraginez; horietako hamar, Polonian—. 2015ean, berriz hedatu ziren beldurrak, 2014an Moskuk Krimea anexionatu eta Ukraina ekialdean Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak aldarrikatu ostean.

Beste borroka batzuetarako tresna bihurtu baita Errusia eta Ukraina arteko gasbidea. Eta horretan, geopolitikako beste eragile batzuek parte hartzen dute: AEBek, bereziki. Kievekin ez ezik, Washingtonek harremanak estutu ditu lehen Sobietar Batasunaren parte izandako eta Europaren mugan zeuden herrialdeetako gobernuekin: Baltikokoekin, Poloniakoarekin, Hungariakoarekin... AEBak, halaber, beren gas likidotua —Errusiakoa baino garestiagoa— Europan saltzen hasi dira. Energiaren sarean dena baitago lotuta: AEBen gasa Errusiakoarekin lehiatzen da; eta horiek biak, Golkoko petrolioarekin.

Alemania, adi

Horiek hala, Mosku aspalditik ari da bere gasa Europara garraiatzeko jarritako mugak saihesteko lanean: hainbat proiektu ditu mahai gainean. Bata, hegoaldetik, Itsaso Beltza gurutzatu eta Turkiatik Greziara eta handik Italiara bidea egingo lukeen Turkish Stream gasbidea. Eta, bestea, iparraldetik, Nord Stream 2: Baltikoaren uren azpitik, Errusiako Ust-Luga portutik Alemaniako Greifswaldera.

2017an hasi zituzten Nord Stream 2ren lanak, eta 2020ko urtarrilean ziren amaitzekoak: hoditeriaren %90 instalatuta dago dagoeneko. Errusiaren asmoa zen Ukrainarekin akordioa egin ezean bide hori baliatzea Europara gasa garraiatzeko. Baina AEBek esku hartu nahi izan dute proiektu horretan ere.

Errusia eta Ukraina negoziatzen ari zirela, abenduaren 17an, senatuko nazioarteko arazoetarako batzordeak erabaki zuen isunak eta betoak jartzea Nord Stream 2ko enpresei; bereziki, Suitzako Allseasi: hoditeriaren instalazioaz arduratzen da, eta AEBetan interesak dauzka. Allseasek eten egin ditu lanak, Trumpen gobernuaren erabakiaren inguruko «azalpen juridiko, tekniko eta ekologikoen zain».

Enpresa horrez gain, proiektuaren atzean daude Engie frantziarra, OMV austriarra eta Shell britainiarra. Eta, bereziki, Alemaniako ingeniaritzak —Uniper eta Wintershall—, eta gobernua bera: lanak amaitzean Errusiako gasaren hub edo banaketa zentro nagusia bihurtuko baita Europan —Nord Streameko akziodunen ordezkaria Gerhard Schroeder kantziler ohia da—.

Hortaz, AEBen erabakiak haserrea eragin du Angela Merkelen gobernuan. «Isunek Alemaniako eta Europako enpresei eragiten diete, eta interferentzia bat dira gure barne arazoetan», esan du Ulrike Demmer gobernuko bozeramaileak. Errusiako Gobernuaren ustez, Mosku eta Kieven arteko elkarrizketak baldintzatu nahi izan ditu Washingtonek. Maria Zajarova Atzerri ministroaren arabera, AEBen helburu nagusia da beren gasa Europan saltzea.

Europako Batasunak, berriz, neurri batean soilik esku hartu du auzian. Baldintza batzuk jarri dizkio Nord Stream 2ri. Funtsean, EBn hasi eta bukatzen diren gasbideei jartzen dizkien berberak. Baina Alemaniaren esku utzi du baldintza horiek nola betetzen diren egiaztatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.