Udalaren «diskriminazioa» salatu du Beskoitzeko ikastolak

Herriko jantegian bere ikaskideekin jatea ukatu diote ikastolako hiru urteko haur bati. «Haurren erosotasunaz arduratuak» direla baieztatu du herriko etxeko lehen axuantak

Ikastolaren aldeko elkarretaratzea, asteartean, Beskoitzeko herriko etxe aitzinean. PATXI BELZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Herriko etxearen jarrera salatu dute, beste behin, Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako gurasoek. Jantegiarekin sortu dira arazoak oraingoan, herriko etxeari eman zioten ikasle kopurua gainditu dutelakoan. Herriko etxeko jantegian bere ikaskideekin batera jatea ukatu diote ikastolako haur bati. Erabaki «politikoa» da, gurasoen ustez, eta ikastola «diskriminatzea» leporatu diote Fabienne Aiensa auzapezari. Astearte gauean ehun bat pertsona elkartu ziren Beskoitzeko herriko etxearen aitzinean, protesta egiteko.

Herriko etxearekin izandako gorabeheren kontakizuna egin dute gurasoek. Eskolaz kanpoko zerbitzuak antolatzeko, ikasturterako aurreikusten zuten ikasle kopurua zehazteko eskatu zieten ekainean. 54 izen-emate zituztela erran zioten, baina urtean zehar gehiago espero zituztela. Uztailaren bukaeran, hezkuntza gaietarako zinegotziaren mezu elektroniko bat jaso zuten, jantegian urte osorako «gehienez ere» ikastolako 54 ikasle hartzen ahalko zituztela letra larriz azpimarratuta.

Urtarril hasieran sortu dira arazoak, aurreikusi bezala 55. ikaslea agertu denean. Jantegian izena eman zezan ukatu zuen herriko etxeak hasieran; ondoren, ezagutzen ez dituen eskola publikoko ikasleekin bazkalduko zuela erabaki zuten, bakarrik eta bere ikaskideak baino ordu erdi geroago. Joan den astean, herriko etxeko hiru hautetsi jantegira agertu ziren haurrak galdekatu eta 55. ikasle hori bertan zegoen egiaztatzera. Egoera ikusirik, hiru urteko haurra jantegira ez eramatea erabaki dute, oraingoz, haren gurasoek.

Gertatutakoa «onartezina» da, Julen Jauregi ikastolako gurasoaren hitzetan. Oroitarazi du 2021ean adostasuna lortu zutela herriko etxearekin ikastolako haurrak herriko jantegian onar zitzaten. Beste eskolek baino lehenago bazkaltzen dute, 11:30ean eta 11:45ean. «Erabiltzen ditugun mahaietan lekua bada, baina badira erabiliak ez diren mahaiak ere», azpimarratu du.

Herriko etxean, auzapezak axuanten esku utzi du, beste behin, prentsari erantzuteko ardura. Hotz mintzatu da Pierre Elizagoien lehen auzapezordea: «Guretzat ez da problemarik», laburtu du. Haren hitzetan, «haurren erosotasunaz arduratuak» dira. Hala, baieztatu du erosoagoa iruditzen zaiola zortzi haurrentzako aurreikusitako mahai batean bederatzi sartzea baino, haur bat berea ez den eskola batekoekin juntatzea. «Egona zara herriko jantegian? Lekua oso hertsia da», azpimarratu du. Sud Ouest egunkarian gehiago mintzatu da Fabienne Etxegarai afera sozialetako axuanta: ikastolakoen bazkari denboran hutsak dauden mahaiak badaudela aitortu du, baina ezin lirateke erabili, ondoko zerbitzurako prestatuak baitaude.

Beste argumentu bat ere erabili du herriko etxeak: haurraren gurasoak erabakiarekin ados lirateke, eta eskerrak ere eman omen zizkieten. Beste bertsio bat eman du Jauregik: «Hasieran, izen ematea ukatu zieten. Aukera bakarra beranduago eta beste eskolakoekin jatea zela erran zieten. Gerora ohartu dira gezurra zela, eta denentzako leku aski badela». Orain guraso horiek «estres eta presio» handia bizitzen ari direla salatu du.

Jauregik ez du dudarik arazoa «politikoa» dela. Beskoitzeko hiru eskolek erabiltzen dute herriko jantegia: publikoak, pribatu giristinoak eta ikastolak. Ehundik gora haur errezibitu ditzake. Hiruretan, ikastola da kopuruaren baldintza jaso duen bakarra. «Eskola giristinoan ere beste haur bat gehitu da urtarrilean. Arazorik gabe onartu dute jantegian».

Elkarrizketarako deia

Ez da Beskoitzeko ikastolaren eta herriko etxearen artean gatazka sortzen den lehen aldia: eraikin prefabrikatuz osatutako egoitza egokitzeko jartzen dizkieten trabak salatu zituzten uztailean. Elkarrizketarako bidea jorratzeko borondatea agertu dio BERRIAri, baina mugak ere erakutsi ditu: «Egin ditugu proposamenak eskalada prozesu horretatik ateratzeko. Haurrak ez dira gerla giro batean egoten ahal. Baina, herriko etxeak jarrera aldatzen ez badu, gure ardurak hartuko ditugu».

Berezia da Beskoitzeko kasua, sortu zenean bataila handia eraman behar izan baitzuten Frantziako administrazioaren kontra. Orduko auzapeza, Pierre Diratxet, gogor borrokatu zen herrian ikastola sortzearen alde. Aiensa zen orduko lehen axuanta. Udazkenean berekin aritutakoen «traizioa» salatu zuen, eta elkarrizketarako deia egin zuen hark ere.

Nola konpondu halako egoera bat? Antton Kurutxarri EEPko lehendakari eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak ikastolen eredua defendatu du, baina erran du Beskoitzekoa bi erakundeen eskumenetatik at dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.