Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak txalotu egin du ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi izana hezkuntza itunaren harira antolatutako greba, eta adierazi du «ongi etorria» dela etorkizuneko euskal hezkuntza legea egiteko «ulermen eta lasaitasun giroa bultzatzen duen edozein erabaki». Atzo, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Zupiriak adierazi zuen EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hezkuntza proiektuari babesa ematea «garrantzi handikoa» dela, akordio bat lortzeko egin den ahalegina adierazten duelako». Gogoratu zuen sindikatuek ere aukera izan zutela batzordean agertzeko, Hezkuntza Sailarekin eta alderdi politikoekin hitz egin zutela, eta haiek planteatu zituzten ekarpen batzuk dokumentuan jaso direla.
EAJk eta PSE-EEk ere ontzat jo dute sindikatuek greba deialdia bertan behera utzi izana, eta akordioaren alde egin dute.EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak nabarmendu du hezkuntza komunitate ia osoak babesten duela akordioa: «Zehazki, Eusko Legebiltzarreko ordezkarien %90k babesten dute, eta horrek euskal gizartearen babes zabala islatzen du». Atutxak gogora ekarri du alderdiek bere egin dituztela hezkuntza eragileen ekarpenak, eta, beraz, hezkuntza komunitateko «eragile oso gutxi» geratu direla itunetik at.
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren iritziz, «albiste ona» da greba deialdia bertan behera utzi izana, «ez zielako ekarpenik egiten hezkuntza legearen eztabaidari eta helburuei».
Steilas, kritiko
Greba deialdia bertan behera utzita ere, Steilas sindikatua kritikoa da hezkuntza itunarekin, Jose Masa ordezkariak atzo azaldu zuenez. Hezkuntza ituna xehe aztertu behar du oraindik sindikatuak, baina, orain arte publiko egin dena ikusita, ez du uste nahikoa eraginkor denik segregazioa amaitzeko: «Ez dugu datu objektiborik esateko itun honen bidez eskola segregazioa amaituko dela».
Masak kezkagarritzat jo zuen ituna lantzeko garaian Kataluniako hezkuntza sistema eredugarritzat jo izana: «Katalunian segregazioa amaitzeko neurriak onartu baziren ere, gaur egun eskola segregazioak bere hartan dirau».
Hezkuntza Itunaren behin betiko testuaren berri izateko zain egon arren, Ikastolen Elkarteak aurrerapausotzat jo du akordioa. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak atzo Euskadi Irratian esan zuenez, aurreko zirriborroko zehaztasun falta konpondu da, batez ere hizkuntzari eta zerbitzu publikoari lotutako gaietan.
Zupiriak txalotu egin du greba deialdia bertan behera utzi izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu