Eusko Legebiltzarrak bat egin du Kontseiluaren martxarekin

EAJk eta EH Bilduk botoak batu dituzte «oldarraldi judiziala» salatzeko martxaren alde. Ezezkora jo dute PSEk, PPk, Voxek eta Ciudadanosek; EP-IU, berriz, abstenitu egin da

EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirre, atzoko osoko bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA.
xabier martin
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
EH Bilduk «euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren inguruko» mozio bat aurkeztu zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean, eta, EAJrekin erdibideko zuzenketa bat adostuta, ganberak bat egin du biharko manifestazioarekin; alegia, Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek «oldarraldi judiziala» salatzeko deitutako martxarekin. Zortzi puntu biltzen duen idatzian, legebiltzarrak eskaera jakin batzuk egin ditu: «Udalei, herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak izanik, zein gainontzeko erakunde publiko guztiei, eta sektore publikoa osatzen duten herri langileei manten dezatela azken 40 urteetan egin duten lana, eta adierazi duten konpromisoa euskararen erabileraren normalizazioan, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera». Era berean, ganberak «irmoki» salatu ditu «azkenaldian modu nabarmenean» ateratzen ari diren sententzia batzuk, «euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontra- koak ere badirenak».

Testu hori onartu aurreko eztabaida bizi-bizi joan zen legebiltzarrean, ez baita egunero gertatzen Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek desberdin bozkatzea, eta EAJk eta EH Bilduk beren botoak batzea. Baina euskararen inguruko epai kateen kezkak horrelako egoera eragin du ganberan. EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek azaldu zuen«oso ondo antolatutako estrategia bati» erantzuten diola oldarraldiak, «ultraeskuinaren gorrotoak» eragindakoa dela, eta epaileak «politika» egiten ari direla, legebiltzarraren eskumenen gainetik.

«Batzuei erlojua duela 40 urte geratu zitzaien», esan zuen Agirrek, baita «gehiengo batek» egiten duela euskararen hautua eskoletan ere, eta euskara ez dela pribilegioa, denentzat bermatu behar dela. «Ezin da derrigortu euskaraz bizitzera, baina hala egin nahi duenak eskubidea du horretarako». Denen artean «euskarafobiari eta faxismoari aurre» egitera deitu zuen, kasurako larunbateko manifestazioan, Bilbon.

Euskara, hiriko auzo bat

EAJko legebiltzarkide Aitor Urrutia ez zen «faxismoari buruz hitz egitera» joan legebiltzarrera, baina Agirrerekin bat etorri zen «hizkuntza eskubideak denontzat» direla. «Beldurraren epaiez» aritu zen: «Balizko urraketa batzuen aurrean emandako epaiak dira, gaztelera desagertzeko beldurrak eraginda. Baina gaztelania osasuntsu dago».

Azaldu zuen, azken finean, «autogobernuaren aurkako eraso bat» datorrela epaitegietatik, legebiltzarrak adostu eta onartzen duena «errespetatu» behar dela, eta ez duela balio alderdi batek esatea ez duela eduki hori bozkatu. Salatu zuen «batzuk beto eskubidea» baliatzen ari direla «Madrilera joz aurrena eta, beharbada, epaitegietara ondoren».

PSE-EEko Alberto Alonsok, berriz, hizpidera ekarri zuen langileek «beren lanpostuak defendatzeko eskubidea» dutela. CCOO eta UGT eta langile batzuen ekinaldia babestu zuen auzitara jotzean, eta Bernardo Atxaga idazlea aipatu, haren euskal hiriaren kontzeptuari helduta. Euskara «hiriko auzo bat» izan dadila nahiko luke Alonsok, eta esplikatu zuen PSEk 1982tik hori defendatzen duela, «aniztasuna eta kohesioa» bultzatzen ei duelako, «inposiziorik gabe». PSEko kideak ziurtatu zuen epaileak «demokraziaren joko arauak interpretatzen» baino ez direla ari, eta badela euskal gizartean beste sentitzeko modu bat, larunbatean Bilbon islatuko denaz gain. «Ez dago hiritartasunik enplegu duina ez badago».

Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek eskatu zuen euskara «gudu zelaitik ateratzeko». Jaurlaritzari exijitu dio «politika publikoen bidez bermatzeko» herritar guztiei euskaraz ikasteko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.