Azkenean, Japoniak inflazioa aurkitu du

Hiru hamarkadan baino gehiagoan prezio igoera txikiak edo negatiboak izan ondoren, Japoniako inflazioa %3tik gora dago, Ukrainako gerraren eta yenaren debaluazioaren ondorioz.

Supermerkatu bat, Tokyon. Janariak %9,2 garestitu dira azken urtean. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Tokyo
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Japoniako inflazioa %3,3ra igo zen berriro ekainean. Beste herrialde batzuetan zer gertatzen den ikusita, ez dirudi beste munduko ezer, baina Japonian bai da notizia prezioak igotzea, 1991z geroztik ez baitzen halakorik gertatzen. Nagusiki, freskoak ez diren elikagaiak garestitu izanak eragin du ekainean KPIa igotzea, urte batetik bestera %9,2 garestitu baitira. Horien artean, behar-beharrezko jangaiak garestitu dira gehien iaztik, arrautzak besteak beste: %17,4.

Azpiko inflazioaren tasa, zeinak ez dituen kontuan hartzen elikagai freskoak eta energia, markak hausten ari da oraindik ere, eta hamarren bat baino ez da gutxitu maiatzetik —hilabete hartan gainditu zuen 1981ean ezarritako maximo historikoa—. Arropa eta oinetakoak %3,9 garestitu ziren ekainean; kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak, %3,5; eta komunikazioaren arlokoak, berriz, %7,2. Paradoxikoki, energiaren sektoreak eragotzi zuen prezioak gehiago igotzea, %6,6 merkatu baitzen, batez ere elektrizitatearen prezioa jaitsi egin zelako; gasa, berriz, %1,1 merkatu zen.

35.000 artikulu garestiago

Kontsumitzaile japoniarrak ohartuko dira aurten 35.000 jangai, edari eta artikulu baino gehiago garestituko direla, Teikokou Databank kredituen ikerketa enpresak uztailaren erdialdeko txosten batean ziurtatu zuenez. Enpresa horren arabera, urrian joko du goia prezioen igoerak, eta txikizkariek bezeroei kobratuko dizkiete gastuen gainkostuak, irabaziak ez galtzeko.

Inkestan, elikagaien eta edarien industrian kotizatutako 105 enpresaren eta kotizatu gabeko 90 enpresaren prezioen datuak bildu zituzten, eta baieztatu dute aurtengo igoerak jada handiagoak direla 2022 osoan izandakoak baino; izan ere, iaz 25.768 artikulu garestitu zirela kalkulatu zuten. Teikoku Databanken txostenaren arabera, baliteke urtea amaitu bitartean konpainia gehiagok iragartzea prezioak igoko dituztela, eta, beraz, baliteke azkenean artikulu gehiago garestitzea aurten.

Txosten horren arabera, familien gaineko zama gehigarriak murriztu egin du japoniarren erosteko ahalmena, eta, dirudienez, enpresek ez dituzte hain azkar igoko prezioak aurrerantzean, horrek are gehiago murriztuko luke-eta eskaria. Teikoku Databanken ustez, batez ere ekoizpen kostuen eta eskulanaren ondorioz igoko dira prezioak datozen hilabeteetan, baita yenaren ondorioz ere, balio gutxiago duelako eta, ondorioz, inportazioak garestiagoak direlako.

Gauzak hala, Japoniako Bankuak ez zeukan inflazioaren aurreikuspena %2,5era igotzea beste aukerarik, hau da, apirilean aurreikusitako %1,8ko estimazio ekonomikoa baino zazpi hamarren gehiago. Uztaileko azken ostiralean argitaratu zituzten azken kalkuluak, diru politikari buruzko bi eguneko bilera bat egin ondoren. Erakunde horren helburua da KPIaren %2ko igoera egonkor bat lortzea, eta azken estimazio horrek gainditu egin zuen inflazioaren inguruko helburu hori. Gainera, %2ko igoera horretan oinarritzen da bankuak duela hamarkada batetik duen estimulu estrategia zabala.

Deflazioaren amaiera??

Japoniako agintaritza ekonomikoak ia ez zituen aldatu ere egin 2024rako eta 2025erako iragarritako prezioak, nahiz eta gero eta arrisku handiagoak izan, banku zentralaren txostenaren arabera. Hala eta guztiz ere, Kazuo Ueda Japoniako Bankuko gobernadoreak ez zuen zalantzarik izan bileraren ondorengo prentsaurrekoan: «Inflazioa nabarmen igotzen bada, egoki erantzungo dugu». Erakunde ekonomikoak hartutako neurriek orekatu egin beharko dituzte, alde batetik, inflazio handiagoa izateko arriskua, eta, beste alde batetik, herrialdearen susperraldi ekonomikoa babesten jarraitzeko premia, orain hasi baita suspertzen, eta ahul baitago oraindik.

Azken hamarkadetan, Japoniako ekonomia geldoa eta zor handikoa izan da —zor publikoaren ratioa BPGaren %200 baino handiagoa da—, eszeptikoa globalizazioaren alderdi batzuen inguruan; gainera, kasu gutxi egin die kanpoko eraginei, eta erresistentzia sozial eta politikoa egin du aldaketaren kontra. Horri guztiari gehitu behar zaio azken 70 urteetan Alderdi Demokratiko Liberal ahalguztidun eta betierekoak gobernatu duela, herrialdeko betiko elite ekonomiko eta politikoen alderdiak, alegia.

Urte horietan guztietan, inflazioa ez zen arazo larria izan, inguruko beste herrialde batzuekin alderatuta. Hala ere, 90eko hamarkadaren hasierako finantza krisia mugarri bat ekarri zuen: martxan jarri zen deflazio dinamika bat, eta horren oinarria zera zen, soldatak ez eguneratzea, yena indartsua izatea eta enpresek zorrotz betetzea gobernuko alderdiaren jarraibide ekonomikoak. Japoniak ez zuen prezioak zehazteko edo hazkundea bultzatzeko monopoliorik, eta ez zuen ezartzen gastu publikoko edo diru hedapenerako politikarik kontsumoa suspertzeko.

Suspertze handirik ez

Gaur egun, analista batzuek argi dute Japoniako deflazioa ez dela bukatu. Aditu askok diote egungo inflazioaren zati handi batek ez duela erakusten benetako suspertze ekonomiko bat, Japoniako Bankuak dioen moduan, baizik eta kanpo krisi handi baten ondorio dela. Batez ere, bi arrazoi ematen dituzte: batetik, energiaren eta inportatutako janariaren prezioak igo izana, Ukrainako gerraren ondorioz, eta, bestetik, yenaren debaluazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.