Gaua argiago joango zela uste zuen PPk duela astebete. 160 eserleku inguru espero zituen, baina atzo Genovan ez zen sumatzen udal hauteskundeetako euforiarik. Kontaketak hasieratik PSOEren gorakadaren joera erakutsi zuen, nahiz eta, ohi bezala, gauak aurrera egin ahala PP indarra hartuz joan zen, baina ez da paseo bat izan Espainiako eskuinarentzat, eta oso urrun geratu dira espero zutenetik; batez ere, Pedro Sanchezen estrategiak inor gutxik espero zuen eragina izan duelako. PSOEk emaitzak hobetu ditu, inkesta gehienek erabateko porrota iragartzen bazioten ere, eta PP ez da espero bezainbeste hazi, eta hazkundea Voxetik etorri zaio sozialistengandik baino gehiago. Atzoko gauak hauteskunde gutxik bezalako emozioa izan zuen, eta soka luzea ekarriko du.
Udal hauteskundeen biharamunean, Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, bere alderdikoak ere ezustean harrapaturik. Jokaldi arriskutsua izan zen, baina dena galtzeko duenaren ausardiaz jokatu zuen, eta Sanchezek berriz ere erakutsi du iaioa dela egoerak iraultzen, bere alderdiko agintari sendoenak kontra izanda ere.Bazekien PPren maiatzeko garaipen izugarriaren aparrak irauten bazuen bereburua kolokan egon zitekeela, eta, porrota hortxe zuelarik, Voxen kartarekin joka zezakeela, lozorroan etxean geratu zen ezkerra etxetik ateratzeko.
Kanpainak iraun bitartean PPk Voxekin Extremaduran, Balearretan, Valentzian eta udal askotan egin dituen hitzarmenak ere garrantzitsuak izan dira herritarrak bozkatzera joateko, Voxek paperean jarria zuena praktikan jartzeko batere arazorik ez zegoela ikusi baitute, eta hainbat eskubide galtzeko arrisku errealaz ohartu dira.Alberto Nuñez Feijoo popularrarengana hurbil zitezkeen kontserbadore asko ere uxatu egin dituzte Voxekin egindako hitzarmenek. Vox uste baino gehiago jaitsi da, eta Sumarrek, berriz, espero baino emaitza hobeak izan ditu. Argi dago PP eta Voxen arteko batuketak ez duela gehiengo osorik ematen, eta Sanchezek aukera izan dezakeela gobernuan jarraitzeko. 172/171 blokeen emaitzarekin, ordea, Junts behar du gehiengo osoa eskuratzeko.
Junts giltzarri
Lehen bozketan, Junts per Catalunyaren zazpi eserlekuak beharko lituzke Sanchezek inbestidurarako, baina Juntsek kanpainan eta atzo gauean bertan esan du ez dutela huts egingo, alegia, ez dutela ERCren bidea hartuko eta Espainiako Gobernua babestuko,PSOEk katalanen eskaerak aintzat hartzen ez baditu. ERCren eta Juntsen arteko ezinikusia Espainian izan duten estrategiaren ondorio ere izan da. Juntsentzat oso okerra izan da ERCren jokabidea.
Bigarren bozketan, berriz, egoera alda daiteke, eta Juntsek abstentzioa negoziatu, baina gaur-gaurkoz ez da bideragarria, ez bada baztertu behar azken unean atzera egin eta abstenitzeko aukera ere. Kontra egiten jarraitzen badu, ordea, erlojua kontatzen hasiko da, eta sei hilabeteko epean bozak egin beharko lirateke berriro, gehiengorik ez balego.
Ezkerrak aurrera egingo balu, berriz, Hego Euskal Herriko alderdiek ere garrantzia izaten jarraituko dute Madrilen. Espainiako polarizazioak bere isla izan du hemen, eta PSE-EEk eta PSNk aise irabazi dute, PPren hazkundearekin batera. Alderdi subiranistek 11 eserleku izaten jarraituko dute EAJren eta EH Bilduren artean, legealdi honetan bezala, baina EAJk bat galdu du, eta EH Bilduren aldera joan da. Hauteskundeotan ere ikusi da EAJren beherakadak bozez boz jarraitzen duela, ez dela puntuala. Espainian, berriz, urte askoan izan da EAJ euskal herritarren frankizia, baina galduz joan da indar hori, eta orain EH Bildu du aurrean. EAJk gogoeta egin beharko du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atarian daudela ikusita.
Argazki orokorrak, berriz, legebiltzar polarizatua eta gobernatzeko zaila erakusten du. Eskuinak eta eskuin muturrak kolpea hartu dute, inkesta gehienek ziotenaren kontra, etaziklo aldaketa handia aurreikusi edota nahi zutenek itxoin egin beharko dute, osa daitekeen gobernu berria oztopatzen saiatuta ere.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA
Ezkerrak partidari eustea lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu