Lan merkatua. Erosteko ahalmena

Langile gehienek erosteko ahalmena galduko dute 2022an

2021eko inflazioa %6,5 ingurukoa izango da, eta lan hitzarmenak berritzeko zailtasunak aurreikus daitezke. Patronalak ez du asmorik soldatak KPIa bezainbeste igotzeko

Zenbait enpresatako langile batzordeek deitutako manifestazio bateratu bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Atzeraldi Handian gertatutakoa ez errepikatzeko, koronabirusaren krisi ekonomikoan inor ez dela atzean geratuko zabaldu dute gobernuek azken bi urteotan; krisi hau ez dutela langileek ordainduko, alegia. Nekez eutsi diezaioke inork baieztapen horri orain, langileak erosteko ahalmena galtzeko bidean baitira berriro. Hego Euskal Herriko inflazioa %6,5 ingurukoa izango da urte arteko tasan, abenduan, eta beharginen soldatek KPIaren igoera hori bezainbestekoa beharko lukete ez argaltzeko atzera.

Bada, behargin gehienek ez dute lortuko helburu hori, aintzat hartzen badira hiru aldagai. Lehena negoziazio kolektiboaren egungo egoera da; hots, langile gehienek berritzeko dituzte lan hitzarmenak. Bigarrena da negoziazio hori egiteko joko arauak ez direla haien aldekoak, lan erreforma berrian negoziazioa estatalizatzeko neurriek bere horretan segitzen dutelako. Eta azkena eta erabakigarriena da patronala garbi uzten hasi dela ez duela inolako asmorik %6tik gorako soldata igoerak onartzeko modu orokorrean.

Gutxi batzuen aukera

Zein langilek lortuko dute, baina, erosteko ahalmenari eustea? 2022an lan ituna indarrean dutenek eta behintzat KPIa bezainbesteko soldata igoera adostua dutenek eutsiko liokete; enpresek lan baldintzak beren kabuz aldatzeko pribilegioa baliatzen ez badute bederen. Espainiako Kongresuan bozkatzeko bidean den lan erreformak gaitasun hori gorde baitu enpresentzat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, langileen %22 baizik ez dira talde horretakoak, Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak esan duenez; Nafarroan handiagoa da ehuneko hori. «Horien artean, gehiengoak erosteko ahalmenari eutsiko dio, eta batzuek hobetu egingo dute gaitasun hori, baina langile gehienek soldatak izozturik izango dituzte inflazio handi baten jokalekuan».

Lan ituna berritzea lortzen dutenek eta hitzarmen berrian KPIa bezainbesteko igoera lortzen dutenek ere eutsiko liokete erosteko ahalmenari. Baina ez dira asko izango helburu hori betetzen dutenak, enpresa gehienak ez baitaude prest horretarako. Enpresen bideragarritasuna eta igoera handi hori ez direla bateragarriak argudiatzen ari dira patronalak.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentearen hitzak argigarriak izan dira berriki: «Soldata igoeren inguruko itunak bilatu behar dira enpresen geroa bermatzeko». Zubiaurrek esplikatu du inflazioa «aurreikusi gabeko mailara» iritsi dela, eta hura «galgatzeko erronka bat» izango dela enpresetako negoziazioa. «Itunak behar dira oreka bat lortzeko erosketa saskia garestitzen dela ikusten dutenen artean eta garestitze hori sufritzeaz gain enpresaren geroa bermatzea bilatzen dutenen artean». Confebaskeko buruarentzat, «giltzarria» izango da «enpresa proiektu partekatu gisa ulertzea». %6tik gorako igoera orokorrak baztertu dituela esaten ari da formula horrekin Confebask.

Bada, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %80k kasik ituna iraungia edo berritzeko izango dute urte hasiera honetan, eta, beraz, soldata izozturik geratuko zaie, hitzarmen berriak egiten dituzten arte. Nafarroan, ituna berritzeko dutenen ehunekoa apalagoa da; edonola ere, enpresek negoziatzeko abantaila handia izango dute, eta gehienak saiatuko dira soldata igoerak inflazioaren azpitik egiten. Horregatik, lan gatazkak ugarituko direla ere aurreikus daiteke; ez alferrik ELAk eta LABek garbi utzi dute soldatapekoen erosteko ahalmena defendatuko dutela enpresetan. «Euskal Herrian KPIa da erreferentzia historikoa: ez dugu onartuko sinatuta dagoena errespetatzea ez den beste ezer; soldatak ez dira arazoa, soluzioa baizik», esan dio egunkari honi ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak.

Adegi eta langile publikoak

Bestalde, ezin da ahaztu 70.000 baino gehiago direla itunik gabeko beharginak Hego Euskal Herrian, haien lan akordioak iraungi zirelako, eta, lan erreforma bere horretan onartzen badu Espainiako Kongresuak, arrisku handia izango dute Espainia mailako sektore hitzarmen batek harrapatzeko; bertako balizko akordio baten aldean lan baldintza apalagoak lortuko lituzkete, soldata txikiagoak tartean. Okerrago izango dira, berriz, SMI lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen duten 65.000 euskal langile inguru. Haiek 965 eurorekin jarraituko dute 2022an, eta iazko azken igoerak (hamabost euro, %1,5) inflazioaren laurden bat baizik ez du estaliko. SMIa mila euroraino igotzea negoziatzen hasiko dira aurki Espainiako eragile sozialak.

Beraz, erraza da aurreikustea 2021eko inflazio handia jasoko duten soldata igoerak gutxiengoa izango direla, eta igoera horiek askotarikoak izango direla, baina %6,5ekoaren azpitik. Esaterako, Gipuzkoako patronal Adegik eskatu du 2021eko inflazio handia bi urtean banatzeko, edota, bestela, urteko batez besteko inflazioa aplikatzeko, hau da, urte arteko %6tik gorakoaren ordez, %3 ingurukoa ezartzeko.

Hego Euskal Herriko langile publikoek, berriz, %2ko igoera baizik ez dute izango. «Igoera eskuzabala da inguratzen gaituen errealitatea kontuan hartuta», esana du Andres Zearreta Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.