Pentsioak. Erreformaren kontrako protestak Ipar Euskal Herrian

Biltzeko deia beste lan sektoreei

Baionako manifestazioetan partaide kopurua jaitsiz joan da apurka-apurka. Haatik, irakaskuntzan mobilizazioak azkartuz doaz. Lan sektore gehiagoren beharra azpimarratu dute.

Gauez egin zuten manifestazioa, herenegun, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Joanes Etxebarria.
Baiona
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Gauza jakina da burdinbideetako langileak direla erretreten erreformaren kontrako mugimenduko lehen lerroan. Joan den asteko Baionako manifestazioan —urtarrilaren 16an— behin eta berriz errepikatu zuten lehen momentutik greba iraunkorrean sartu zirela 44 egun lehenago. Grebaren ondorioak ere aipagai izan zituzten. «Gibelean bada arrangura ekonomikoa, pisua baitu», Sud-Rail sindikatuko Christophe Fargallen erranetan. SNCF enpresak duen arau baten arabera, zazpi egun segidan greba eginez pausa egunak galtzen dira, alta, Ramuntxo Labat LAB sindikatuko ordezkariaren arabera: «Batzuk hasieratik eguneroko greban sartuak dira; bertze batzuk hasi ziren lan egiten ez galtzeko pausa egunak, eta abar. Horrekin jokatu dugu». Baina izan batzuk ala besteak, greban sartu ziren langile gehienek hilabete eta erdiko soldatak galdu dituzte jadanik.

Bidean «lumak galtzen» direla onarturik ere, ez dira amore eman nahian batere. CGT sindikatuko Peio Dufau, tren gidaria: «Enpresa barnean biziki azkarra da mugimendua, historikoa ere bai, sekula ez baita horrelakorik ikusi. Horren parean, arazoa da jendartea ez dela aski mobilizatu». Manifestazioa hasi gabe egin ohi duten biltzarrean, burdinbideetako langileek joan den astean deliberatu zuten grebarekin aurrera segitzea, baina momentu azkarretara mugatuz: egun oroz egin beharrean, astean hiru egunez greba eginez.

Anitz aipatu dira elkartasunez egin diren diru kutxak; horietan oihartzun handikoa, bi milioi euro gainditzen dituen Info'Com CGT kutxa. Frantzia mailakoa da, baina Dufauk dioenez diru horren parte bat iritsi zaie—30.000 euro zerbait gorabehera—. «Garrantzitsua da, motibatzen du segitzeko. Halere, ez du ordezkatzen galtzen dugun diru guztia», ohartarazi du Labatek, eta beste sindikatuetan horrekin ados dira. Fargallek kalkulu laster bat egin du, grebalariak larriki zenbatuz eta diru zama zatituz: «Zenbat iritsiko zaigu? Hogei euro hilabete hondarrean? Ongi da, sinpatikoa da, baina finantza elkartasuna gainditu behar dugu karrikako elkartasun bila, denak joan gaitezen proiektu horren kontra».

Estrategia desberdinak

SNCFko langileek aho batez aipatzen dute beste lan sektoreen inplikazioa ezinbestekoa dela hein honetan. Baionan, joan den astean, agerikoa zen irakaskuntzan mugimendua indartzen hasia dela. Hala zioen, funtsean, Donibane Garaziko Nafarroako lizeoan irakasle den Amaia Bolokik ere: «Konplikatua ikusten da greba iraunkorrean sartzea, baina aste guztiz baziren grebalariak gure ikastetxeetan. [Manifestazioa hasi aitzineko] hezkuntzako biltzarrean erran da hezkuntzak behar duela pixka bat erreleboa hartu ez uzteko burdinbideetako langileak bakarrik».

Burdinbideetako langile anitzek aipagai zuten lehen mailako irakasleen beharra, eta Fargallek ere bai: «Ezinbestekoa iduri zaidan sektorea hezkunde nazionalarena da: eskola batean irakasle guztiek greba egiten badute, nola eginen dute gurasoek haurrak zaintzeko? Badute blokeatze gaitasun izugarria, gurea baino handiagoa». Estrategia ez da bera, halere. Snuipp-FSU sindikatuko Cecile Sendarainen ustez, «greba iraunkorraren estrategiak oraingoz ez du funtzionatzen irakaskuntzan. Gurea puntuala da, momentu azkarretan zentratuz. Uste dut, dena den, ekintzak asmatu behar direla ikusiak izateko, mugimenduari ikusgarritasun handiagoa emateko».

Beste lan sektoreen mentsaz damuturik, analisia egin du LABeko kideak: «Macronek ongi ulertu du hori: sektore batzuk baztertu nahi ditu gu bakarrik uzteko». Dufauk, horretarako, laguntzeko kemena agertzen du: «Aitzineko egunetan, joan naiz kolegio batzuetara irakasleekin hitz egitera. Kolegio batean izan eta biharamunean kolegio hori itxia zen». Informazioa emateko eta antolatzen laguntzeko nahia jakinarazi nahi du.

Donibane Garaziko ikastetxeak, bestalde, saretzen hasiak dira astelehen eguerdi oroz elkartuz. «Bertan deliberatzen ditugu momentu azkarrak eta ekintza lokalak, mugimendura parte hartzera deituz aldi berean», argitzen du Sendarainek, gehituz ostiral honetarako «eskola hila» egiteko deia zabaldua zutela. Mediatizazio eskasak gordetzen du, bere ustez, irakasleen mobilizazioa: «Ez dugu kausitzen jakitea ere zer gertatzen den Frantzia mailan; alta, maila lokalean badira ekinaldi anitz». Segidarako «politikariei postura argiak hartzea» eskatu beharko zaiela dio, «beharbada hauteskundeak horrekin jokatuko» direlakoan.

Esperantzarako seinaleak

Mugimendu sozialen segidarako borroka irabazteak, elkarrizketatu guztien ustez, inportantzia handia du. Dufauren esanetan, alta, anitz ez dira grebara lotu «ez dutelako sinesten irabazten ahal dugula eta ez dutelako sinesten beren grebak indar bat egiten duela». Erreforma honekin ezarri nahi den gizarte ereduarekiko «duintasun kontu bat da borrokatzea eta ez egotea deus erran gabe», Bolokiren ustez. «Badakigu sektore pribatuek —bankuek eta asurantza etxeek— pagatu dutela Macron plantan emateko, eta orain badute ordaina. Haien helburua ez da soilik erretreta: gizarte segurantza eta beste urratsak ere izanen dira» gehitu du Dufauk. Labaten ustez, halere, «badira esperantzarako seinaleak; berantean sartzen dira, baina sartzen dira beste sektoreak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.