Antxeta batek gainetik aisa begizta lezakeen oasia da azokaren hirugarren aldi hau, euskarari dagokiolarik, segurik.
«Literatura eta euskara barra-barra dariola/ dudarik gabe ohikoa baino ederrago dagoela [Ziburu]», bota du bertsotan Iker Altunak irekiera ekitaldian.
«Oxigeno leku guti dago; hau bat da», erran du Jenofa Berhokoirigoin Argia aldizkariko kazetari eta azokaren antolatzaileak Ziburuko (Lapurdi) Euskal Liburu eta Disko Azokak eskaintzen duen parada linguistikoa azpimarratuz.
Urrunetik heldu da Janbattitt Dirassar. Aurten omendu dute bizi guzia izkiriatzen eman duena. Alta, bazuen bertze espektatibarik zortzi urtetan: aita saindua izan nahi baitzuen. Umorez aurkeztu du Maialen Tapia antolatzaileak aurtengo omendua. «Bi hitz sartu ditut frantsesez, ez bainekien nola behar nituen itzuli, ez nahi ere: Anti. Anti da haurra ginelarik eskolan jasan duguna. Debekatzen ziguten gain-gainetik euskaraz hitz bat erratea. Behar da oroitarazi nondik ibiliak garen, nondik ibilaraziak gaituzten. Euskara arrunt debekatua baitzen eskolan; hitz bakarra erraten bagenuen euskaraz, zigortuak ginen. Geroztik urak egin du bide, beharrik», Dirassar mintzatu orduko, publikoak begiak ñir-ñir dauzka, zintzurra tinko, tua irensten ari da. «Harro gira zu bezalako ziburutar bat izateaz», aitortuz eskaini dio Tapiak Maddi Zubeldiak egindako koadroa. «Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien», izurdura ezti batean sigi-sagaka idatzi ditu Etxepareren eleok, antxeta baten lumez egindako txoriek apaindurik. Hunkiduraren erresumarat hegal egin du Dirassarrek ere.
Zahar eta gazte, ase arte
Maddi Zubeldiaren gaitasun polifazetikoek Prima eta Dera txotxongiloak dantzan jarri dituzte azokatik hurran, iturri zaharrean, haurrak net abduzituz, Amalurrak pausa behar du ikusgarria kari. Bernadette Luro eta zuzeneko musika lagun, ukan dute errefera gaitza: sekulako esku zartak.
Karpa txikian, Asel Luzarraga Esan gabe doa (Txalaparta, 2022) nobela aurkezten hasia da, Maia Muruaga kazetariaren galderek bideraturik. Trilogiaren bigarrena izan behar zuena lehena bilakatu du gaizki ulertze batek. Irriz lehertzen ari da Luzarraga. «Anarkista naiz, distopia batean bizi gara, baina beharbada oraindik garaiz gaude beste bide bat hartzeko», bota du itxaropenari protagonismoa emanez. Bere unibertso literarioa «ehuntzen» ari dela iragarri du, asmatutako lurraldeetan kokatuz gizarte idiliko horizontala. Alta, kolorearen beltzak gaina ere har lezake: «Kolapsorako bidean sartuta gaude jada». Ez du gorde proiektu hau «oso berezia» dela; bere karrerako «garrantzitsuena».
«Ez nazazue hitzetan bilatu /ez nago / hau ez da mistikoa/ ez da erlijiosoa / ez da arrazionala / hemen dituzu hitzak / nire hitzak ez dira lerro hauen ostean existitzen». Baina, Lizar Begoña bilatuz gero, azokan ediren daiteke: «Ez nuen horrelako azoka bat espero. Ziburun egitea eta gainera egile berrioi leku bat egitea plazer hutsa da; hurbila eta etxekoa. Itzuliko naiz datorren urtean!». Gepardo japoniarrak (Susa, 2022) aurkeztu berri du jendez ongi bete den karpan.
Ohoinek ere oinak sartu dituzte azokan: Zirriborroka-rako ezinbertzekoak diren errotuladoreak desagertu egin baitira, Adur Larrea Baltsan elkarteko antolatzailea durduzatua da. Zalu atzeman du aterabidea, marrazkilari ugarietako batek prestatu baitizkio behar direnak oro. Hasi dira Ainara Azpiazu Axpi eta Unai Gaztelumendi papera hutsunez husten; Miren Artetxek eta Igor Elortzak belarriak elez betetzen dituzten ber; Jon Garmendia Txuriya-ren manuek manaturik. Karpa tupustean ttipitu da, baina xutik direnak bertso-marrazki dema akitu arte hala egon dira, zangoetako pisu ikusgarriak arindurik. «Guk hitzetan jarriko dugu nibela/ Ta kolorea haiek ezar dezatela», abiatu du Artetxek. Hasi da josteta: paper batean idatzi dute antolatzaileek «euskararen errepublika», publiko konplizeari erakutsi dio, bai ere bertsolariei: marrazkilariek asmatu behar dute kukuturiko hitz parea zein den, bertsolarien abilezia dute makulu bakar. «Ufa! Ze dorpea!», erran du ahapeka Olivierek. Mirakuluz, kausitu dute, halako bertsoak aditu ondoren: «Lurralde batean hizkuntzak mugatu eta erregerik ez daukana», Elortzak, edo «Kontzeptu kontrakoa litzateke: monarkia erdalduna», Artetxek.Ondoko ariketa: muga marraztuz bertsolariek asmatu beharra dute. Ibili dira itzuli-mitzulika, baina ez luzaz.
Bizkitartean, karpa handiko karrikak ohoratuak dira zapata musikazalez zein irakurzalez, idazleak irakurlea eta irakurleak idazlea hain hurbil izateko salbuespenezko oasian. Euskarak hartua du Ziburuko plaza, egun bakar batez bederen. Antxeta eta euskalduna baltsan etorri dira oxigeno bila.
ATZEKOZ AURRERA
Egun bakarreko errepublika
Ziburuko 3. Euskal Liburu eta Disko azokak euskaraz bete du plaza. Janbattitt Dirassar idazlea omendu dute. Euskararen tai gabeko minorizazioak ez du sartzerik izan egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu