Bi urte besterik ez du behar izan Hide Dohinok (Yokohama, Japonia, 1994) euskara ikasi eta euskal kulturan murgiltzeko. Historialaria da, eta Gipuzkoako historia ari da ikertzen. Horretarako, Yokohamatik Oñatira (Gipuzkoa) egin zuen salto; bertan baitago Gipuzkoako Artxibo Historikoa. Bi urtean euskara ikasteaz gain, bertsozaletu ere egin da.
Zehazki, zer ari zara ikertzen?
Gipuzkoako 1766. urteko matxinada ari naiz ikertzen. Hala ere, azterketa antropologiko bat da. Berez,nire asmoa ez da matxinadan askorik sakontzea, baizik eta garai hori bizi izan zuen jendeari buruz gehiago jakitea. Urte hori hartu eta garai hartako gizartea ondo deskribatu nahi dut.
Nola bururatzen zaio japoniar bati Gipuzkoako historiaren inguruko ikerketa bat egitea?
Interesak bultzatuta. Asko bidaiatudut, eta izan dut kultura desberdinak ezagutzeko aukera. Pandemia hasi baino lehen, Madrilen ari nintzen Europako historiako masterra egiten. Geroago, Espainiako historia ikasi nuen, eta hilero etortzen nintzen Euskal Herrira ikertzera. Beraz, Euskal Herriko Unibertsitatera joaten nintzen tarteka, baita zenbait kongresutara ere. Historian adituak diren irakasle batzuekin hitz egin nuen, eta haien aholkuznago orain hemen, nolabait; Gipuzkoako Artxibo Historikoan.
2022an 1766ko zerbait irudikatzea ez da erraza izango...
Ez horixe, eta are zailagoa garai hartako jendea irudikatzea. 1994koa naiz ni, Internet ezagutu dut, gaur egungo mundua ezagutu dut... beraz, badakit geroz eta zailagoa izango dela garai bateko bizimodua irudikatzea, baina horrek pizten dit interesa.
Zergatik Euskal Herrira?
Uste dut bertatik bertara ez bada ezin dela ondo ikertu aztertu nahi den hori. Historia gustatzen zait, baina Euskal Herriko historian gauza asko daude, eta horiek ezagutzeak motibatzen ninduen.
Pandemia hasi aurretik hasi zinen Euskal Herrira etortzen. Baina euskaraz ari zara. Oso denbora gutxian ikasi duzu, ezta?
Bi urtean. Denbora gutxian ikasi dut, baina inguruak erraztu dit. Oñatin bizi naiz, euskaldunez inguraturik. Haiekin euskaraz egiten dut beti. Pentsa! Ez didate gazteleraz egiten uzten! [Barreak].
Egia da Tokion hasi nintzela poliki-poliki gramatika ikasten eta Madrilgo euskal etxean ere jarraitu nuen, ez ahazteko. Gero hasi nintzen Euskal Herrira etortzen;aspergarria iruditzen baitzait hizkuntza bat ikastea bertan egon gabe.
Esango zizuten, baina zoragarri egiten duzu euskaraz.
[Barreak]. Euskal Herrian zehar bidaiatzeak lagundu dit horretan. Horrela ezagutu ditut euskal giroa, jende atsegina eta euskal kulturaren inguruko gauza asko.
Duela gutxi Gasteizko epaile batek esan zuen «oso zaila» dela euskara.Zuk bi urtean ikasi duzu, ordea.
Hizkuntza guztiak dira zailak: denek dute beren konplexutasuna; ikasteko interesa da gakoa, nire ustez. Gainera, iruditzen zait euskara ikasteko eta sustatzeko ekintza eta mugimendu asko antolatzen direla Euskal Herrian.
Badute antzik Japoniako eta Euskal Herriko kulturek?
Izugarria ere ez, baina badute, bai. Jendeak batez ere. Jende serioa dago Japonian, eta Euskal Herriko jendea ere nahiko serioa dela iruditzen zait, oro har. Hizkuntza aldetik, esaldiak egiteko moduan, adibidez, badute antza.
Bertsozalea omen zara. Nola deskubritu zenuen bertsoa?
Ez naiz bertsolari profesionala, baina bai, asko gustatzen zaizkit. Igorreko [Bizkaia] eskolako irakaslebat ezagutu nuen, eta berak animatu ninduen probatzera, Ibon Izak. Nire urtebetetzean bertso bat bidali zidan, eta nik bere urtebetetzean itzuli nion bertsoa. Haren ikasleek ere kantatu zidaten bertso bat bisita egin nien egun batean, eta asko gustatu zitzaidan. Orain, bertsolari batzuk ezagutzen ditut. Gainera, Ibaetako [Donostia] jaietan haiekin eszenatokian kantatzeko aukera izan nuen, eta ilusioa egin zidan horrek.
ATZEKOZ AURRERA. Hide Dohino. Historialaria
«Hizkuntza guztiak dira zailak; interesa da gakoa»
Japoniarra da Hide Dohino, baina ederki egiten du euskaraz. Bi urte dira Gipuzkoako historia ikertzera etorri zela Euskal Herrira, eta, interesak bultzatuta, euskal kulturan murgildu eta bertsozaletu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu