Erretiroa hartu zuenetik artearen munduan sartu zen Javier Mendinueta margolaria (Gasteiz, 1931). Azkeneko bi urteetan irakaslerik gabe hartu du bidea, eta Vincent Van Gogh margolariaren omenez erakusketa bat sortu du. Ikusgai dago, otsailaren 16ra arte, Txantreako Liburutegi Publikoan, Iruñean.
Van Goghen omenez egin duzu, zergatik da berezia?
Bizitza berezia eta arriskutsua izan zuelako. Gazte hil zen; 37 urterekin. Bizirik zegoenean margolan bakarra saldu zuen. Lehengusinarekin ezkondu nahi zuen, baina ez zioten utzi. Jakin nahi nuen zergatik moztu zuen belarria. Hasieran, zera pentsatu nuen: ez ziotelako utzi lehengusinarekin ezkontzen. Gerora jakin nuen zergatia: Gauguin margolariarekin haserretu zelako. Eskola bat ireki nahi zuen Arlesen [Okzitania]. Bi hilabete elkarrekin egon ostean, Gauguin Van Goghekin haserretu zen, eta joan zen.
Noiz piztu zitzaizun interesa?
Hasieratik. Duela hogei urte baino gehiago, erretiroa hartu nuenean. Van Goghen inguruko sei liburu ditut. Gainerako margolariak baino askoz gustukoago dut.
Van Goghen teknika jarraitzen duzu margolanetan?
Ez dut berak egin zuena kopiatzen, zerbait berezia gehituz, barrutik ateratzen zaidana egiten dut.
Zer gehitzen diozu?
Bi edo hiru ordu egoten naiz margotzen. Van Goghen kolorerik gustukoena horia zen, eta pintzela asko erabiltzen zuen. Nik batez ere espatula erabiltzen dut.
Van Goghk esandako hitzak sartu dituzu, zein da helburua?
Ikusleek bere bihotza eta arima ezagutzea.
Nolakoak dira bihotza eta arima?
Espiritualitatez eta maitasunez josita daude.
Txantrean jarri nahi zenuen erakusketa; berezia da zuretzat?
Auzokoa naiz, eta auzoan jarri nahi nuen. Behetik hasi behar dugu. Kondestablearen jauregian edo Ziudadelan erakusketa jartzeko, fama behar da.
Non sortzen dituzu koadroak?
Batez ere etxean. Lehen, Antsoainen [Nafarroa] margotzen nuen. Ostean, Burlatan [Nafarroa] hasi nintzen, baina nire irakasleak erretiroa hartu zuen. Beraz, bi urtez irakaslerik gabe margotzen ibili naiz. Horregatik, kritikak jaso nahi ditut. Irakasle ohia erakusketa ikustera etorriko da.
Nolakoak izan dira orain arte jaso dituzun iruzkinak?
Asko eragin zidan 11 urteko gazte batek esan zidanak: «Zerbait sortzen baduzu, eta baldarra ateratzen bada, artea ere badela esan daiteke». Batzuek galdetu didate ea saltzen ditudan.
Eta, salgai daude?
Ez. Haurrak bezala dira niretzat. Familiakoen artean banatuak ditut. Txantxetan diot seme-alabek ez dutela bizirik nagoelarik saltzea nahi, hil ostean koadroak saltzen aberastuko direlako.
Van Gogh museoan egon zara?
Ez, baina ez dut joan nahi. Baluarten oso erakusketa polita ikusi nuen, eta horrekin nahikoa da. Koadro pila bat zeuden mugimenduan, margotzeko aukera zegoen, eta Van Goghen gela osorik. Galdetu nien ea gela saltzen zuten, baina ezetz esan zidaten. Hala ere, argazki bat atera nuen gelan.
Erretiroa hartu zenuenean hasi zinen margotzen?
Bai, emaztearekin yogara joaten nintzelako. Garai hartan ezin ginen elkarrekin sartu; lehenengo senarrak sartu behar zuen, eta, ostean, emazteak. Emazteak esan zidan ondoan margolaritza ikastaro bat zegoela, eta parte hartzera animatu ninduen. Hor zaletu nintzen pinturarekin. Egoera harengatik izango ez balitz, agian ez nintzateke margolaria izango.
Margotzeaz gain, dantza ere egiten duzu?
Pintura eta dantza, izan ere, mamuak askatzeko moduak dira. Musikarekin eta mugimenduarekin gauza asko adieraz daitezke.
Ekintza asko egiten dituzu, aktibo mantentzea garrantzitsua da?
Bai, neuronak ez lokartzeko. Convive programan neuronak ez desaktibatzeko ekintzak egiten ditugu. Emaztea alzheimerrarekin hil zen, eta horregatik saiatzen naiz aktibo mantentzen.
ATZEKOZ AURRERA. Javier Mendinueta. Margolaria
«Pintura eta dantza mamuak askatzeko moduak dira»
Mendinueta pintoreak Vincent Van Gogh miresten du, eta haren omenez erakusketa bat egin du Iruñeko Txantrea auzoan: «Auzokoa naizenez, han egin nahi nuen; behetik hasi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu