ATZEKOZ AURRERA

Zientziako ziba hegaldunak

Emakumeak Zientzian egitasmoak ahotsa eman die Euskal Herrian ikertzen duten bost emakumeri, haien lana azaltzeko eta erreferentzia duten zientzialari bat aurkezteko.

Fatima Villa, Naiara Aginako, Ane Ruiz de Angulo, Ester Verde eta Elisa Jimenez, atzoko ekitaldian. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Atzo ere bazen emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna. Ez egutegi batzuetan eta komunikabide batzuen agendetan gorriz markatutako otsailaren 11. Bai, ordea, emakume eta neska horien eguneroko jardunak eta borrokak seinalatutakoa. Gehienetan isilpekoa, ikusgarritasunik gabea eta oztopoz betea —gizonek izan ohi dituztenak baino gehiago—.

Unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan pixka bat arakatuz gero, ordea, goi mailako emakume ikertzaileak agertzen dira, egungo eta etorkizuneko erronkentzat konponbideak bilatzen. Bost izen eta abizen: Fatima Villa, Ester Verde, Naiara Aginako, Ane Ruiz de Angulo eta Elisa Jimenez. Izenak ikerketekin osatuz gero, txipik eta bateriarik gabeko sentsoreak, material —polimero— berriak, ordenagailuen bidezko ikusmena, irudi molekularrak eta kimika konputazionala.

Emakumeak Zientzian egitasmoak ikusgaitasuna eskaini zien atzo. Ahotsa. Bostak bildu zituen Donostiako Eureka zientzia museoan. Zientzia oinarri duten 11 erakundek eta bederatzi babeslek hilabete osoko egitaraua antolatu dute otsailean, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren aitzakian. Zientzia dibulgazioaren bost pilula.

Bost ikertzaileak ez ziren bakarrik igo oholtzara. Bidaide birtual bat aukeratu behar izan zuten, beste zientzialari baten ibilbidearen eta ekarpenen berri eman, egungoa edo iraganekoa.

Fatima Villa telekomunikazio ingeniariak txipik eta bateriarik gabeko RFID sentsoreak ikertzen ditu, etiketa itxurakoak, Tecnun Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako ingeniaritza eskolan. Sentsore horiek, esaterako, elikagaien tenperaturari eta hezetasunari buruzko informazioa eman dezakete, uhin elektromagnetikoen bidez. «Janari asko galtzen da hotz katean», Villaren esanetan. «Etiketa horiekin elikagaien tenperatura kontrolatu daiteke, eta bermatu ondo iritsiko direla». Villak Neri Oxman arkitektoa, diseinatzailea, ingeniaria... aukeratu zuen, «materialen ekologia kontzeptuaren asmatzailea».

Material berriak

Ester Verdek polimeroak ikertzen ditu. Material berriak sortzea da haren erronka. Diseinatu eta ikertu egiten ditu, Materialen Fisika Zentroan (EHU-CSIC), Donostian: «Nik sintetizatu egiten ditut. Alda ditzakegu, nahi dugunaren arabera. Biomedikuntzako aplikazioak bilatzen ditugu». Verdek miresmenez hitz egin zuen Carmen Mijangos kimikari bilbotarrari buruz: «Borroka asko egin du bere ametsen alde, baina baita gure alde ere».

Naiara Aginako EHUren Informatika fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Adimen artifizialean lan egiten du, irudiekin. «Irudien eta bideoen bidez, horietan gertatzen ari dena ulertzeko ahalmena eman nahi diogu». Aginakoren pertsonaiak Hollywood eta zientzia uztartu zituen pertsona bakarrean: Hedy Lamarr aktore eta asmatzailea, gaur egungo bluetooth eta wifi teknologien oinarrien asmatzailea.

Aginakoren aurkezpena eta gero, musika. Ane Leux, gitarra elektrikoa lagun, Mikel Laboaren Txoria txori abesten. Halako ekitaldi batean, ibilbidean zehar hegoak ebaki dizkieten emakume zientzialariak gogoan.

Gero, Ane Ruiz de Angulo, CIC Biomaguneko ikertzailea. Irudigintza molekularrean aritzen da: «Nanomedikuntzaren eta irudi molekularren bidez, minbiziaren kontrako tratamenduak ikertzen ditugu». Ruiz de Angulok Gertrude Bell Elion biokimikaria eta Nobel sariduna aukeratu zuen.

Zientzialari batek oholtza utzi zuen, eta beste bat igo zen. Ez zientziaz hitz egiteko, abesteko baizik. Tineke van der Berg fisikari herbeheretarra, Donostia International Physics Centerreko ikertzailea. Euskaraz abesteko: Kerobiaren Birak. Kantuan ziba birak ematen, errealitatean zientzialariak alde batetik bestera, non amaituko duten jakin gabe.

Birak bukatuta, Elisa Jimenezkimikari konputazionalaren txanda. Katalizatzaileak diseinatzen ditu esperimentuetarako: kantitatea gutxituz ahalik eta eraginkorrenak izateko —«ekonomia atomikoa»—, besteak beste. Entzuleei Rachel Carson itsas biologoa aurkeztu zien Jimenezek: «Hari zor diogu, neurri handi batean, ingurumen kontzientzia modernoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.