TXAPELA BURUAN. Jox Oiz. Eskozian bizi den eltzaburutarra

«Nazionalistek aise irabazten dute, baina ez plebiszituan»

Soinu ingeniaria da Oiz, eta bere bizitzak eskoziar doinua du. Esan duenez, COVID-19 dela-eta, zalantzak dira nagusi Glasgowko musika eszena «ikaragarrian». Erreferendum gogoa sumatu du.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Herri txikian sortu arren, beti nahiago izan ditu hiriak Jox Oizek (Eltzaburu, Nafarroa, 1991). Sei urte daramatza Eskoziako Glasgow hirian bizitzen, eta soinu ingeniaria da. Ekoiztetxean jasotzen dituzten telebista saioen soinuaz arduratzen da bera. Azken hilabeteetan lanik gabe dago, COVID-19ren ondorioz.

Zerk eraman zintuen Glasgowra?

Urte sabatikoa hartu nuen 2014an, eta Londresen egon nintzen McDonald's batean lanean. Telebista eta irratia gustuko nituen, eta soinuarekin zer ikusia zuen zerbait egin nahi nuen. Beraz, Glasgowra etorri nintzen, deus jakin gabe eta inor ezagutu gabe. Oso ongi hasi zen dena: 07:00etan ailegatu nintzen, unibertsitateko informazio gune bat ikusi nuen aireportuan, eta autobusa jarri zidaten hirira joateko.

Eltzaburutik Glasgowra; aldea handia da. Zer itxura hartu zenion?

Eltzaburun jaio izanak eragin izan du beti nahi izan dudala hiri handietara joan, saltsa hori gustatzen zaidalako. Hiri industriala da Glasgow, beraz, ez da polita turistarentzat. Eraikin oso politak dauzka, baina utziak daude, klimagatik fatxadak belzten dira. Baina jendea oso jatorra da; lehenbizikotik lagundu ninduten.

Erreferendumaren garaian iritsi zinen. Nola izan zen?

Erreferendumaren egunean George Squarera joan nintzen, independentziaren aldekoen plazara: banderak zeuden, besta giroa zegoen. Besta giroa zen, eskoziarrek duten umore arraro horren ospakizuna. Eguna pasatu ahala, ikustean independentzia ez zela aterako, jendearen aldartea asko aldatu zen.

Bigarren erreferenduma nahi dutela dirudi. Zer giro dago kalean?

Manifestazio oso handiak ikusi ditut, batez ere iaz eta aurten. Ingalaterrak erabaki zuenetik Europako Batasuna uztea, mugimendu independentistari su pixka bat eman dio. Baina pixka bat kontraesanezkoa da egoera, EAEn bezala EAJrekin. Hemengo nazionalistek oso aise irabazten dute, baina erreferendumean galdetuta ezetz ateratzen da, nahiz eta aldea txikia izan. Ez dut ulertzen.

Euskal Herrian baino erosoago zaude Glasgown?

Egia erran, ahaztu dut pixka bat zer bizitza neukan Euskal Herrian. Azkenean, hemen bizitza bat egin dut, lagunak, lana... errutina bat dut. Euskal Herriko lagunak ikusi nahi ditudanean hara joaten naiz oporretan.

Lan aukera gehiago duzu?

Etorri nintzenean, ez nekien telebista industria txiki bat zegoenik. Euskal Herrian baino lan gehiago dago, bai. Duela bi urte saiatu nintzen Euskal Herrian eta Espainian, eta gaizki. Segidan ikusi nuen ez zidatela nahi nuena inoiz eskainiko: gutxienez urte beterako kontratua.

Eskozian musika kultura handia dago, eta zuzenekoak garrantzia du. Nola bizi duzu hori?

Gainera, Unescoren City of Music programaren barruan dago. Hemengo musika eszena ikaragarria da: ia taberna bakoitzak badu bere musikaria. Nahiz eta batzuetan gitarra eta ahotsa bakarrik izan, oso onak dira, eta jendeari asko gustatzen zaio. Koronabirusarekin, jende asko dabil beldurtuta, ez dakitelako zer gertatuko den taberna txiki hauekin.

Duela zenbait urte, Euskalerria irratian sukaldaritza saioa egiten zenuen. Izan du segidarik horrek?

Irratia hainbertze gustatzen zait... Garai ona izan zen: Txari Eletarekin aritu nintzen, eta oso ongi pasatzen nuen. Telebistan baino gauza ugariagoez hitz egin daiteke irratian. Sukaldean jarraitzen dut, nire kasa, eta gainontzekoentzat prestatzen. Labean ibiltzea gustatzen zait.

Zer moduz jaten da Eskozian?

Gaizki. Badaude tokiko janariak, adibidez, haggisa. Baina orokorrean janaria nahiko txarra da, eta barazki eta fruta ona aurkitzea zaila da. Alkohola aurkitzea bertze kontu bat da, askoz ere errazagoa da hori.

Zerbaiten faltarik sumatzen duzu? Edo dagoeneko ez?

Oraintxe bertan, familia, duela gutxi osaba izan naizelako. Janaria, lagunak, bizimodua... lehenbiziko hiru-lau urteetan horien falta sumatzen duzu, baina hori pasatzen da onartzean itzulita ere ez litzatekeela lehengo bizitza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.