Gasteiz izeneko liburua Elkarrek euskara ikasteko duen irakurketa mailakatuaren Arian bildumako beste ale bat da. Patxi Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) idatzi du, eta Asisko Urmenetak egin ditu marrazkiak. Gasteizi buruzko «gidaliburu» gisa aurkeztu dute, eta hiriburuko hainbat guneri eta momentu historikori errepaso egiten dio idazlearen azkeneko lanak.
Gidaliburu gisa aurkeztu duzue. Baina gidaliburu berezia da, ezta?
Hala da. Gogoratzen dut euskara berrikasten hasi nintzenean haur literatura asko irakurtzen nuela. Esango nuke ariketa hori oso lagungarria dela. Kasu honetan, uste dut Gasteizen bertan bizi arren asko deskubritu daitekeela hiri honi buruz. Euskara ikasteko baliabide bat sortu behar nuenez, zerbait ludikoa egin nahi izan dut: igarkizunak eta hitz joko ugari daude. Beraz, hiri bat eta hizkuntza bat batera deskubritzeko gonbidapen bat da.
Euskara berrikasi behar izan zenuen?
Nolabait esateko, Goierrin nire ama hizkuntza euskara izan zen. Baina haurtzaroa gaztelaniaz bizi izan genuen, eta ez genuen kulturarako sarbiderik izan. Beraz, berriz ikasi behar izan nuen. Fatima Mernissi marokoarra harem batean hazi zen, eta ezin zen bertatik atera. Hark esaten zuen hizkuntza bat ikasten zuen aldiro leiho bat zabaltzen zitzaiola. Eta esan daiteke niretzat leiho bat izan zela Gasteiz. Hortaz, bat egiten dut liburu hau irakurriko duten ikasleekin. Baita euskara irakasle izan nintzen aldetik ere.
Gidaliburu bat izateaz gain, istoriorik badu?
Bai, oso sinplea da. Gasteizko talde bat Lazkaoko Maizpide barnetegira doa, eta Lazkaokoak Gasteizera datoz. Oso talde anitza dira: amona bat, internazionalista bat eta beste batzuk. Niri ciceronearen lana egitea egokitu zait. Eta normalean ikusten ez ditugun gauzak erakusten dizkiet: eskultura batzuk, pintadak...
Aukeratu dituzun interesguneak ez dira ausazkoak, beraz?
Ez, kontzienteki hautatu ditut. Uste dut Gasteizen azkar bizi garela, eta badaudela lasai ikusteko gauza asko. Postal antzeko bat egin nahi izan dugu, goiko ikuspegi batetik, zikoinen ikuspegitik edo. Esaterako, katedral berria ez da oso maitatua hemen, frankismoarekin lotu izan delako. Neguan, baina, zikoinak etortzen dira, mamu horien zaindari gisa. Eskandinaviako herrialdeetatik etortzen diren zikoinak dira. Eta uste dut horrek Gasteiz oso ongi irudikatzen duela: oso hiri txikia izan da, baina jende asko etorri gara hemen geratzeko. Aniztasun handia ematen dio horrek.
Zer eman dizu Gasteizek?
Oraintxe konturatu naiz. Jaioterria Ordizia dut, baina sorlekua Gasteiz dela esaten dut. Hemen hasi nintzen idazten eta sortzen.
Eta zer dauka emateko?
Horri buruzko igarkizun bat topatuko dute irakurleek liburuan. Gauza asko ditugu gure inguruan, eta ez gara ohartzen. Hurbilegi izatearen errua. Adibidez, orain loretan dauden zuhaitzak, borborrean dagoen natura hori. Urkide atzean bada lehortu den sekuoia miresgarri bat ere. Zikoinekin batera, putreak ere hasi dira hiri gainean hegan egiten. Uste dut nahiko poetikoa eta esanguratsua dela hori, orain arte ez baitira mendietatik aldendu.
Urteak daramatzazu Gasteizen. Asko aldatuko zen etorri zinenetik, ezta?
Panorama linguistikoa asko aldatu da. Ni orain dela 30 urte etorri nintzen, eta euskarak ez zuen gaur egun duen toki bera. Esango nuke, orokorrean, uste oker bat dagoela Gasteizen euskararen egoerarekin. Beste hiri batzuetara noanean, Gasteizen egin dugun ahaleginaz jabetzen naiz.Monumentu ikusezin bat dago Gasteizen: euskara. Era berean, ahalegina egin duten euskaldun berri guztiei eskultura bat egitea falta da.
Zu normalean haur eta gazte literaturan aritzen zara. Oraingoan, euskara ikasteko baliabide bat sortu duzu. Zaila izan al da?
Ez nuke esango haur eta gazteentzat idazten dudanik. Guztia sailkatzeko behar horretan ez dut sinisten. Haurrentzat idazten dudanean, helduentzat ere idazten ari naiz. Nik, besterik gabe, idatzi egiten dut.
ATZEKOZ AURRERA. Patxi Zubizarreta. Idazlea
«Monumentu ikusezin bat dago Gasteizen: euskara»
Gasteizko interesguneak eta euskara batu ditu Patxi Zubizarretak bere azken lanean. Hain zuzen ere, azpimarratu du euskararen espazioa uste den baino handiagoa dela Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu