ATZEKOZ AURRERA. Tino Soriano. Argazkilaria

«Argazkiekin, mundua zer zen kontatu genion munduari»

'National Geographic'-eko argazkilaria da Soriano, eta 30 urte baino gehiagoko esperientzia du fotokazetaritzan. Sektoreko saririk entzutetsuena irabazi zuen 1999. urtean: World Press Photo.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Bilbo
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Munduan, fotokazetaritzaren erreferente bilakatu da Tino Soriano (Bartzelona, 1956). Haren 30 urteko ibilbidean, nabarmentzekoa da National Geographic aldizkariko argazkilaria dela eta 1999. urtean Worl Press Photo saria irabazi zuela, artearen sailean. Bere esperientzia guztia laburbildu du Ayúdame a mirar liburuan (Lagundu begiratzen, 2019), eta Bilboko BlackKamera argazkilaritza eskolan aurkeztu zuen lana aurreko ostiralean.

Nola heldu zara argazkilaritzaren erreferente bat izatera?

35 urte daramatzat berriemaile lanak egiten, eta ez da gutxi. Argazkien bidez, munduari mundua zer den kontatu diogu, oraindik ere gu ginenean bakarrak leku batzuetara ailegatzen. Ez geneukan Internetik, ezta erreferenterik ere. Fotokazetaritzaren garai loriatsua bizi izan dut: egunkariek eta aldizkariek diru asko irabazten zutenean, eta munduko edozein tokitara bidaltzen nindutenean ekitaldi bat jarraitzera. Ez dut uste erreferente bat naizenik.

Garai loriatsua izan zela diozunean, oraingo egoera txarra dela esan nahi duzu?

Askoz txarragoa da oraingo argazkilarien egoera. Prentsa idatzia pobretu zenean hasi zen aldaketa. Lehen, hegazkina eta dietak ordaintzen zizkiguten, argazkien kalitate ona bermatu nahian. Orain, agentziek argazkilari bat daukate munduko plaza bakoitzean.

Zer moduzko bizitza da berriemaile grafikoarena?

Modu arriskutsuan bizitzea da, gehienbat banketxeari begira. Bizitza orekatu bat edukitzea ezinezkoa da. Egunean bizitzea lortu dut lau hanka hauetaz lagunduta: fotokazetaritza, irakaskuntza, bidaia argazkilaritza eta aginduzko lanak. Azken horretan: liburuak, publizitatea eta fundazioekiko elkarlana izaten dira ohikoenak.

Orduan, zure azken liburua diru beharra asetzeko egin zenuen?

Guztiaren nahasketa bat da. Orain dela 25 urte hasi nintzen liburua idazten. Besterik gabe, pentsatu nuen lanbide zirraragarri honetan, gauzak idazten ez banituen, erdiaz ahaztu egingo nintzatekeela. National Geographic-en lanean, munduko argazkilaririk onenak ezagutu ditut, eta esango nuke XX. mendeko gehienekin lan egin dudala. Denei egiten nizkien galderak, eta esandakoari buruz hausnartzen nuen. Ahalegin ikaragarri hori liburuan azaltzen da.

Liburua oso baliagarria izango da datozen belaunaldientzat.

Erabat. Nire legatua da. Robert Capa fotokazetari ezagunarekin batera azaltzen dut zer den argazkilaritza erreportaje bat. Batetik, historia pixka bat, non gauden jakiteko. Eta, bestetik, etorkizunera begira proiektu berriak egitera bultzatzen dituzten erremintak ematen ditut.

Zer pentsatzen duzu argazkilaritza egiteko modu berriei buruz?

Nire liburuan horretaz hitz egiten dut, baina, oraindik kontrolatzen ez dugunez, ideiak iradokitzen ditut.

Jakin-mina sortzen dizute sare sozialek?

Bai, baina gorroto ditut,gaizki erabiliz gero denbora gehiegi galtzen baititut haiekin. Bestalde, uste dut beharrezkoak direla interesatzen zaizuna komunikatzeko. Batez ere, Instragramen eta Facebooken oinarritzen dut nire jarduera gehiena.

Argazkilari bat entrenatu daiteke?

Egunero entrenatzen naiz. Asko ezagutzen dudan leku batera noa, eta saiatzen naiz aurreko egunean egin ez nituen argazkiak ateratzen. Garunak entrenamendu handia behar du besteek ikusten ez dutena ikusteko. Gustuko dut esatea Twitter begiratzen egon beharrean nire kamerarekin nagoela gauza berriak probatzen.

Zer behar du argazkilari batek argazki onak ateratzeko?

Hausnartu egin behar du, eta pentsatu argazkiak zertarako atera nahi dituen. Zehaztu behar du zein den bere eginkizuna munduan; argazki gutxiago atera behar ditu, eta asko begiratu. Kontrakoa egiten duen jendea ez da ezertaz ohartzen: gailuan ikusten duen irudi batekin jolasten ari da.

Argazki guztiek kontatzen dute istorio bat?

Bakoitzari dagokio. Gertatzen ari dena azaltzean, komunikatzaile gisa maila handiagoa izango duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.