ATZEKOZ AURRERA. Leire Jungitu. Ikertzailea eta pedagogoa

«Haurren garapen morala sustatzen du 'Go!azen'-ek»

'Go!azen' telesailak balio etikoetan oinarritzen den hezkuntza eskaintzen ote duen ikertu dute Leire Jungituk eta Sara Osuna Acebok. Kanaria uharteetan aurkeztuko dituzte emaitza berriak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Gizarte Hezkuntza eta Pedagogia ikasi zituen Leire Jungitu Angulok (Komunioi, Araba, 1979), eta, Sara Osuna Acedo UNEDeko katedradunarekin elkarlanean, Go!azen transmedia telesaila. Balioetan oinarritutako hezkuntza eta aniztasunaren tratamendua, ikuspegi hezitzaile batetik ikerketa garatu du. EITBk ekoitzitako telesailaren 8.0 denboraldiak izan ditzakeen aniztasun mezuak identifikatzea eta horiek hezkuntzan izan dezaketen eragina zehaztea izan dira egindako lanaren xede nagusiak. Oro har emaitzak positiboak izan direla uste du Jungituk, eta ikerketarekin jarraituko dutela aurreratu du.

Zergatik erabaki zenuten Go!azen aztertzea?

Sara Madrilgoa da, eta ez zituen ezagutzen Euskal Herriko transmedia telesailak. Ikerketarekin hasi, eta ikusi genuen oro har ez zegoela horren inguruko informazio zientifikorik. Go!azen-eko publikoa, ordea, oso leiala da, eta arrakasta horren nondik norakoak ikertu nahi genituen. Erabilera pedagogikorik izan zezakeen jakin nahi genuen.

Zer emaitza eskuratu dituzue?

Transmedia telesaila izateak publikoari modua ematen dio edukiak eskuratzeko zenbait bide erabiliz. Go!azen ikusteaz gainera, telesaileko liburuak irakurri, podcasta entzun edota kontzertuak ikus ditzakete. Publikoa igorlea ere bada.

Nola lortu dute hori?

2022ko udan kaleratu zuten abestia adibide argia da. Ikusleek bidali zituzten letra zatietatik sortu zuten kantua, puzzle baten antzera. Bizi alai du izenburua, eta 550 umek baino gehiagok hartu zuten parte sorreran. Bagoaz da beste adibide bat. Kantu lehiaketa hori irabaziz gero, pantaila zeharkatu eta telesaileko aktore bihurtu ahal ziren zuzenean.

Horrek leialtasuna bermatzen du?

Bai. Komunikazioaren arloan, emirec deritzo mota horretako estrategiari; hau da, hartzaile eta igorle. Atxikimendua sortzen du; ingelesez, engagement terminoa erabiltzen dugu hori definitzeko.

Zer balio helarazten die umeei?

Guk hamar aztertu genituen, Schwartz autoreak esan zuelako kultura guztietan hamar balio etiko daudela. Boterea da gutxien agertu dena, eta Amaia zuzendariarengan agertu da. Aldiz, borondate oneko jarrera da gehien aurkitu duguna. Pertsonaia guztiek zuten.

Zeintzuk dira gainerakoak?

Norberaren erabakiak hartzeko gaitasuna: Maddik musika ikastea erabakitzen du. Arrakasta lortzeko gaitasuna: Maddik eta Unaxek maketa lehiaketa irabazten dute. Estimulazioa, hedonismoa, onespena eta ziurtasuna. Unibertsalismoa, inplizituki, inor ez da ilegala mezua kamiseta batean agertzen denean. Eta tradizioa: Ibaik helarazten du.

Zer eragin dute haurrengan?

Gizartea heterogeneoa dela erakusten dute, baina biktimismoa alde batera utzita. Iraia gorra da, baina keinu hizkuntza erabiltzen du, eta abantaila bihurtzen du. Aniztasuna eta berdintasuna parean daude. Egoerek barne gatazkak sortzen dituzte umeengan, eta, beraz, haien garapen morala sustatzen dute. Gizarte arazoei irtenbideak bilatzen ere laguntzen die; balio etikoetan oinarritutako identitatea sortzea ahalbidetzen du.

Euskara ere sustatzen du?

Eduki guztiak euskarazkoak dira, eta ageri diren abesti guztiak ere euskarazko kantuen bertsioak dira. Euskarari balio handia ematen dio hizkuntza gisa. Haurrek eskolatik kanpo erabiltzen dute, eta hori oso positiboa da. Alde horretatik, ondo egiten jakin du Go!azen-ek: aldizkarien 4.000 eta 5.000 ale artean saldu dituzte.

Oraindik ikertzeko kontuak geratu zaizkizue, baina.

Go!azen-ek iraunkortasunarekin eta ingurumena zaintzen ikastearekin duen harremana aztertzen duen lana argitaratzeke dago. Oaklanden [Kalifornia, AEB] aurkeztu genuen, 2022ko urrian. Bestalde, denboraldi guztietan genero berdintasunak izan duen bilakaera ere aztertu dugu sakonki, eta azaleratzen dituen arazo sozialak ere. Lanzaroten [Kanariak, Espainia] aurkeztuko dugu ikerketa hori, hilaren 23an.

Bestelako proiekturik buruan?

EITBko Irabazi arte telesaila aztertzen hasiko gara orain, balio etikoen ikuspuntutik hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.