Bikote dira Amaia Maguregi (Bilbo, Bizkaia, 1984) eta David Fernandez (Barakaldo, Bizkaia, 1984), eta batera ari dira mundua ezagutzen. Argazkilaria da bata, eta irakaslea bestea. Ez dute alferrik bidaiatu. Izan ere, hezkuntzaren ikuspegi alternatibo bat eskaintzen duten eskolen berri izatea dute xede euren bidaia bakoitzean. Iruditan jaso dute esperientzia, eta dokumental bat egin dute material horrekin guztiarekin, Ehun lengoaia izenpean. Jendaurrean aurkezten ari dira, eta Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean izango dira gaur 19:30ean, Ibiltariaren astea dela probestuz.
Zer ageri da dokumentalean?
Bidaia horretan bizitako esperientziak, ezagutu genituen eskolak, hezkuntza eredu desberdinak eta ezagutu genuen jendea. Filipinetan hasi genuen bidaia, eta apurka-apurka joan ginen jendea ezagutzen. Hala, Indonesia, India, Nepal, Australia, Alemania, Italia, Kroazia, Austria, Albania, Bulgaria eta Errumania ezagutu genituen; baita hango hezkuntza sistemak nola funtzionatzen duen ere. Beraz, esperientzia hori guztia jasotzen du gure bidaia dokumentalak: Ehun lengoaiak.
Nola bururatu zitzaizuen horrelako zerbait egitea?
Bertan ginela argazki ugari egin genituen, eta, behin denbora bat pasata itzuli ginenean, dokumental txiki bat egitea erabaki genuen. Izan ere, oso interesgarria iruditu zitzaigun ideia, eta pentsatu genuen jendeari ere interesatuko zitzaiola. Beraz, ezagutzera eman nahi izan genuen.
Bion lanbideak uztartu dituzue, beraz: argazkilaritza eta hezkuntza.
Hori da. Abentura berrien bila joateko garai egokian joan ginen, garai onean. Davidek lehenagotik egiten ditu planak eta ibilbideak, ni gehiago naiz gauzak azken momenturako uzten dituen horietakoa. Hala ere, horrelako bidaia batek inprobisazioa eskatzen du; ezin baita beti jakin noiz egongo zaren non. Leku batean gustura bazaude, aurreikusitakoa baino denbora gehiago gelditzen zara. Ederra eta bitxia da aldi berean beste lurralde batzuen hezkuntza sistema eta hemengoa zein desberdinak diren ikustea.
Zertan dira, bada, desberdinak?
Guretzat berriak ziren hezkuntza ereduak ezagutu ditugu, eta batzuk oso modernoak, gainera. Australian, adibidez, era askotako baliabideak zituzten, eta ederra zen ikustea nola egiten zuten lan. Hala ere, egon gara baliabide gutxi dituzten herrialdeetan ere, eskolak autobusetan ematen dituztenetan, adibidez.
Zer azpimarratuko zenuke hezkuntza mota horietatik?
Bada, elkarrekiko zuten solidaritatea eta elkarri laguntzeko nahia. Bidaia horietan ikasi genuena, gehienbat, balioak izan ziren; gizateriaren balioak. Haurrek txikitatik ikasten dute arazoei nola eman konponbide bat, ikasten dute besteen larruan jartzen. Hau da, haiek baino egoera okerragoan dauden haurren azalean jartzen. Oso ariketa politak egiten zituztela iruditu zitzaigun.
Zer egingo duzue dokumentalarekin?
Apurka-apurka ari gara aurkezten eta ezagutzera ematen. Interesgarria iruditzen zaigu guk ezagututakoa jendeak ezagutzea. Bere garaian, 2018an, Bilbo Rock aretoa alokatu genuen dokumentala aurkezteko. Birritan egin genuen hori, eta oso harrera ona izan zuen; 150 pertsona etorri ziren egun bakoitzean. Tabakaleran ere aurkeztu genuen urte horretan, eta, bi hilabete pasatu zirenean, beste bidaia bat egiten hasi ginen.
Helburu berarekin?
Bai, baina furgonetan eta Europan zehar. Bigarren bidaia hori ere ageri da dokumentalean: Alemania, Austria, Italia, Kroazia, Bulgaria... bisitatu genituenekoa. Hala ere, 2020ko martxoan itzuli behar izan ginen pandemia zela-eta. Sarajevon aurkeztu genuen dokumentala geroago, eta bertan elkartu ginen bidaian ezagutu genituen lagun eta irakasleekin.
Orain baduzue beste bidaiaren bat eskuartean?
Bai. Ateratzeko gogoa dugu, gainera. Abuztuan abiatuko gara berriro. Oraingoan, ordea, Norvegiatik, eta proiektu berarekin jarraitzea da asmoa.
ATZEKOZ AURRERA. Amaia Maguregi. Argazkilaria
«Beste kultura eta hezkuntza batzuk ezagutu nahi genituen»
Amaia Maguregi eta David Fernandez hainbat hezkuntza ereduren berri izaten ari dira bertatik bertara mundu osoan. Dokumental batean jaso dute esperientzia, eta Donostian aurkeztuko dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu