Beatriz de Costa, Anna Halprin, Audre Lorde, Susan Sontag, Jo Spence eta Hannah Wilke. Sei emakume, eta minbizia pasatutako sei artista. Nork beretik eutsi zion bizipenari arte diziplina ezberdinen bidez, eta seiak batu ditu Josune Urrutia komikigileak (Bilbo, 1976) Hoy no es el día (Gaur ez da eguna) komikian. 2010ean diagnostikatu zioten obarioetako minbizia, eta, orduz geroztik, gaixotasuna izan du langai, artea, marrazketa bera tresnatzat hartuta. Lanaren bilakaera jasotzen duen erakusketa ere ikusgai dago Zuloa liburu dendan, Gasteizen, uztailaren 2ra arte.
Noiz hasi zen dena?
2010eko diagnostikoarekin. Hor dago guztiaren jatorria, esperientzia pertsonalean eta egoera ulertu beharrean, nire bizitza zeharkatu eta gauza asko aldatu baitzituen une hark. Are, aitari ere prostatako minbizia diagnostikatu zioten gerora, eta gertuko izan dudan gaixotasuna da azken urteetan.
Behar horretan egin al zenuen topo emakume hauekin?
Gertatutakoa ulertzeko, ordenatzeko eta lantzeko beharrak eraman ninduen haiengana, ikertzen eta irakurtzen hasi bainintzen, beste pertsona batzuen istorioak eta lanak ezagutzen; sendatzekoa ere bazen prozesu horretan egin nuen topo andre horietako batzuekin. Hala ere, batzuk ezagutzen nituen aurrez; Susan Sontag, esate baterako. Illness as Metaphor (Gaixotasuna metafora gisa) liburua idatzi zuen.
Garrantzitsua izan zen zuretzat?
Inspiratzailea iruditu zitzaidan haren lana eta bizitza, eta hortik sortu zitzaidan komikia idazteko ideia.
Hala ere, aurrez beste lan batzuk ere egindakoa zara.
Hamabi urte igaro dira diagnostikotik, eta gai hau lantzen aritu naiz era ezberdinetan eta askotariko tresnekin, badudalako interesa nola erlazionatzen garen gaixotasunarekin sozialki, politikoki eta kulturalki ere.
Gaiarekin lotutako lehen argitalpen bat 2015ekoa duzu.
Bai, marrazketaren bidez norberari begiratzeko moduari buruzko ariketa bat da Así me veo (Horrela ikusten dut neure burua), eta, ostean, Breve diccionario enciclopédico de MI cáncer (Nire minbiziaren hiztegi entziklopediko laburra) etorri zen. Eritasunarekin dudan esperientziaz hitz egiten du Atik Zra, eta horretarako aitzakia narratibo bat da. Gerora, era kolektiboan egin genuen gauza bera: Compendio colectivo sobre cáncer (Minbiziari buruzko laburpen kolektiboa).
Zure lengoaia al da marrazketa?
Marrazketa bera, artea, eta hortik nire beharra eta gaitasuna ere, nire abilezia eta nire hizkuntza gertatu zaidana, minbizia bera lantzeko.
Ezkutuan mantentzen al da gaixotasuna?
Gero eta gehiago erlazionatzen gara gorputzen zaurgarritasunarekin, gaixotasunekin eta, oro har, osasun aniztasunarekin. Minbizia ere gero eta ikusgarriagoa da, gero eta gehiago hitz egiten da, baina tabu puntu bat badu oraindik ere. Uste dut asko dugula hitz egiteko gai honen inguruan.
Hau izan daiteke era bat.
Bai, bada modu bat. Finean, era honetako tresnen bidez ezagut dezakegu nola bizi daitekeen eta nola bizi den gaixotasun honekin hainbat modutan, ez baitago bakarra.
Bada, emakumeak, artea eta minbizia dira uztartu dituzun hiru oinarri nagusiak komikian. Zer garrantzi dute zuretzat?
Bitxia, deigarria edo esanguratsua iruditzen zait gorputzekin, osasunarekin, zaurgarritasunarekin eta abarrekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiten dugunok emakumeok izatea. Hori ez da kasualitatea, eta ni ere ez nenbilen horretaz hitz egiten duten andreen bila; baina gaiaz jarduteko artea erabiltzen zutenen bila hastean haiekin egin dut topo. Artea bera, berriz, eraldaketarako eta prozesuak bideratzeko tresna indartsua da, norberarekin eta munduarekin gertatzen zaizkigun gauzak ulertzeko eta erlazionatzeko. Eta osasuna bizitza da, indibiduala zein kolektiboa: hein batean, bati gertatutakoak badu zerikusia kolektiboki lantzeko moduarekin.
ATZEKOZ AURRERA. Josune Urrutia. Komikigilea
«Marrazketa dut minbizia lantzeko lengoaia»
2010ean diagnostikatu zioten minbizia Urrutiari, eta, ordutik, marrazketarekin landu du gaia. 'Hoy no es el día' komikia aurkeztu berri du: sei andre artistak eritasunarekin izandako bizipena hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu