MAITE DUT MAITE... 'AMAIERATIK HASI'. Ane Labaka. Bertsolaria

«Oxala dena aldatuko bagenu pixkanaka»

Izaki Gardenak taldearen 'Amaieratik hasi' abestia du gogoko Ane Labakak. Bertsoa amaieratik hasten du, eta eraldaketa tresna moduan ikusten du. Oholtzan esaten duenaren ardura sentitzen du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Lasarte-Oria
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bertsolaritzak badu arau garrantzitsu bat: bertsoa amaieratik hastea. «Helduleku handia» da arau hori Ane Labaka bertsolariarentzat (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992). Jendaurrean aritzen da bertsotan, baina autoa gidatzean daukan intimitatea ere kantatzeko baliatzen du. Kasu horretan, bere abesti kuttuna kantatzen du: Izaki Gardenak taldearen Amaieratik hasi.

Zergatik da Izaki Gardenak taldearen Amaieratik hasi zure abesti kuttuna?

Energia positiboa eta indar handia transmititzen dizkidalako. Okerrago egon naizen momentuetan asko entzun dut abestia. Gustatzen zait letra pluralean egotea ere: dena hain indibidualista denean, kolektiboari egiten dio keinua.

«Amaieratik hasi, dena aldatzeko» dio abestiak. Hori egiten al duzu zuk bertsotan?

Bertsoa bukaeratik hasten da: hala ikasten dugu bertso eskolan. Eta badaude bertsolaritzaren barruan beste arau batzuk: neurri bat eduki behar duela, esaterako. Uste dut denborarekin arau horren barruan aldaketak egin ditugula bai diskurtso aldetik, bai arrazoia planteatzeko bide horretan. Amaieratik hasi eta dena aldatu ez dakit, baina oxala dena aldatuko bagenu pixkanaka-pixkanaka. Nik bertsoa eraldatzeko tresna bat bezala bizi dut, eta ulertzen dut jendaurrean nagoen momentuan esaten dudanaren ardura dutela. Eta, gainera, ardura hori erabili nahi dut, eragiteko.

Zu parte zaren bertsolarien belaunaldiak bertsolaritzaren diskurtsoa aldatu du?

Nik uste dut baietz, eta ez diskurtsoa bakarrik: oholtzan egoteko modua, adibidez. Emakumeen gorputza eta gero eta mota gehiagotako gorputzak oholtzan egotea iruditzen zait badela gauzak aldatzeko modu bat. Eta horrek diskurtsoan eragiten du, eta diskurtsoa planteatzeko moduetan. Lehenago, arrazoia arrazoiaren kontra zen bertsolaritza; oilar borroka baten moduan ulertzen zen, eta uste dut hortik asko aldatu dela. Asko dago aldatzeko, baina orokorrean iruditzen zait beste koxka bat egin dugula gora.

Zer esan nahi du zuretzat bertsolaritzaren munduan emakume izateak?

Ni emakumea naiz okupatzen ditudan espazio guztietan, eta espazio publikoa hartzen duzun momentuan beste jauzi bat dago. Autoperfekzionismo eta jarrera autoepaitzaile handia izatea ez da kasualitatea. Plazako jauzian neska askok atzerapausoa ematen dute.

Nola lor dezakezue bertsolariek eragitea?

Oholtzan gertatzen dena gizartearen isla da. Ni poztuko nintzateke gizartean borborka dauden mugimendu horiek oholtzaratzeko gai ere izango bagina: adibidez, feminismoaren barruan eztabaidak edo hausnarketak badaude, horiek oholtzara eramateko. Ez bakarrik diskurtsoan, baizik eta egoteko moduan edo gure artean harremantzeko moduan. Kontziente naiz badaukagula botere puntu bat, mikrofono baten parean zauden momentutik jendea daukazulako entzuten. Hori erabiltzeko moduak buruhausteak sortzen dizkit, eta ardura handia sentitzen dut.

Eta Txakur Gorriak zer egin dezake dena aldatzeko?

Txakur Gorriari esker esan daiteke lau emakume gazte bizi direla maite duten horretatik. Afizioa ofizio bihurtzeko jauzia egin dugu. Uste dut ez dela kasualitatea lau emakume elkartu izana, bizi dugun gizarte desorekagatik emakumeek askoz joera handiagoa daukagu gauza kolektiboak egiteko. Orduan, ahalduntzeko modu bat da. Nire bizitza guztiz aldatu du, eta oxala aurrera begira eredu izan badaiteke.

Bertso eskolako irakasle ere bazara. Nolako belaunaldia dator?

Ona. Bertsolariak aterako dira edo ez dira aterako. Lasarte-Oria bezalako herri batean oso garrantzitsua iruditzen zait bertsozaletasuna edo euskararekiko jarrera zabaltzea. Nire helburu pertsonala ez da nire ikasleren bat BECeko txapeldun izatea (oxala!), baizik eta ni hainbeste erakartzen nauen mundu horretara sarbide bat eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.