ATZEKOZ AURRERA. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi. Historialaria

«800 pertsona inguru babestu zituen Comete sareak»

Jimenez de Aberasturik liburu batean bildu ditu nazietatik ihesi zihoazen pilotuei Comete sarean laguntzen aritzen zirenen pasadizoak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerran mugalari lanetan aritutako Comete sareko kideei buruzko liburua argitaratu du Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariak (Donostia, 1945) Txertoa argitaletxearekin. Gerrak iraun bitartean, naziak atzetik zituzten soldaduei gatazkagunetik ateratzen lagundu zieten sare horretako kideek. Zortzi gunetan banatua zegoen sarea. Camino a la libertad (Askatasunerako bidea) liburuan, euskal atalari dagokion zatia kontatu du Jimenez de Aberasturik. Bertan batu ditu garai hartako testigantzak, irudiak eta mugalariek egindako ibilbideak.

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

Hamabost urte inguru daramatzat gai beraren inguruan ikertzen. Hainbat artikulu idatzi ditut. Azken bost urteetan, dokumentazio iturriak agertuz joan diren heinean, liburua idazten aritu naiz. Historialariak ezin du historiarik egin ez badu lekukotzarik eta dokumentazio iturririk.

Zeintzuk izan dira zure iturriak?

Hasieran, oraindik bizirik zeuden kontrabandisten eta mugalarien lekukotzak batzen aritu nintzen. Horrez gain, Ipar Amerika, Belgika, Frantzia eta Erresuma Batuko artxibategietara iristea ere lortu nuen.Liburua azken finean atzerriko artxiboei esker egin dut. Espainiako Guardia Zibilaren eta armadaren artxiboak, gaur egun, oraindik ere ezin baitira eskuratu. Eta interes gehiena Guardia Zibilaren informazio zerbitzuak pizten du. Baina debekatuta daude, eta ezin da ulertu zergatik, dena baitakigu, ez dago zer ezkutatu.

Zer helburu zenuen?

Hasteko, historialari izanik historia berreskuratzea interesatzen zait, euskal historia, hain zuzen. Bigarrenik, mundu mailako halako gertakizun batek gure herriari eta bereziki mugan zegoen inguruari nola eragin zion ikertu nahi nuen. Azkenik, Frantziako Estatuan badago nazien menderakuntza garaian gertatu zena gogoratzeko eta ez ahazteko beharra, eta horretan nire ekarpena egin dut.

Zer garrantzi izan zuen Euskal Herriko mugak II. Mundu Gerran?

Oro har, Pirinio osoaren funtzioa iheslariak enbaxada aliatuetara gidatzea zen. Baina euskal muga zegoen hobekien antolatuta. Garai hartako profesionalak kontrabandistak ziren, eta tradizio handia zuten merkantziarekin ibiltzeko. Horiek Britainia eta Ipar Amerikako zerbitzu sekretuen aliatuak ziren, eta beraien lana zen alemaniarrek okupatutako Europatik ihesian zihoazen hegazkinlariak ateratzea.

Zenbat jendek igaro zuen muga?

Europa okupatutik ateratakoak, guztira, 288 izan ziren. Baina askoz gehiago izan ziren Comete sareak lagundutakoak. Hain zuzen ere, ibilbide osoan 800 pertsonari baino gehiagori lagundu zieten. Babesa eskaini, ezkutatzen lagundu edota jaten ematen zieten. Batzuetan, gainezka ere egin zuten. Kasu horietan, ezkutatu egiten zituzten, eta gero beste sareetara pasatu.

Sistema nola antolatua zegoen?

Oso konplexua zen, jende askok parte hartu zuen. Mugalariez gain, Belgikako eta Frantziako kontrabandistak ere kontuan izan behar dira. Finantzaketa handia behar zen. Baimen asko eta zehatzak behar ziren janaria edota arropak legez eskuratzeko, eta, ondorioz, merkatu beltzak indar handia zuen, baina oso garestia zen. Hamar aldiz garestiagoa. Enbaxada zein zerbitzu sekretu britainiarrek eta estatubatuarrek ordaintzen zituzten gastuak.

Jende profesionala zegoen sarean?

Kontrakoa. Erresistentzia lanean hasi zirenak herritar arruntak ziren. 1940. urtean sortu zuten sarea; Andree de Jongh eta Arnold Deppe gazteek jarri zuten martxan.

Mugalariak kontrabandistak ziren?

Haien funtzioa mugalariarena zen, baina kontrabandistak ziren. Bazeuden Espainiako gerraren ondorioz euskal gunean errefuxiatutako iheslari batzuk ere. Mugalariak Bidasoaren bi aldeetako euskaldunak ziren, errefuxiatu politikoak. Haiek arduratu ziren Donibane Lohizunen [Lapurdi] eta Nafarroako mendietan sarea antolatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.